Eu

Ondare eta Kontratazio zuzendari David Alvarezek amaiera emango dio "Primer Congreso AGERS País Vasco ( Asociación Española de Gerencia de Riesgos y Seguros) kongresuari

2018.eko urriak 09

Amaiera instituzionala  

EAEko I. AGERS BILTZARRA

Bilbo, 2018ko urriak 9

David Álvarez, Ondare eta Kontratazioko zuzendaria

 

 

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot AGERS elkarteari EAEko I. Biltzar honi amaiera emateko aukera emateagatik. Eta, bestalde, arriskuen prebentziorako eta arriskuetatik babesteko metodoen hedapenean, eta, zehazki, interes publikoen arriskuen gerentzian, 30 urteotan elkarteak egin duen bidea aitortu nahi dut.

Aitorpen horren froga da Eusko Jaurlaritzak AGERS elkartearen funtzionamenduaren baitan egin duen bidea. Ordezkatzen dudan Administrazioa aitzindaria izan zen joan den mendeko 80ko hamarkadan arrisku publikoen kudeaketaren arloan.

Administrazio publiko askok izan zuten kontuan une hartan Euskadiko Administrazioak garatutako eredua.

AGERSek administrazio publikoen arriskuak kudeatzeko metodologiaren berri ematen lagundu zuen, bere baitan eratu zen lantaldean Eusko Jaurlaritzarekin batera parte hartu zuten 90eko hamarkadan eta mende honetako lehenengoan 15 administrazio autonomikok, eta elkarte honen laguntzaz eta elkarte honekin koordinatuta, esan bezala, administrazioen esperientzia praktikoetatik ikasteko aukera ematen zuen. Irizpenak, pleguak, ebazpenak (judizialak eta ez-judizialak) eta bestelako esperientziak trukatuz joan ginen gai honetan gure lana hobeto egiten.

Administrazio publikoen planteamendu proaktibo horrek guztiak bizi-baldintzak hobetzeko handituz doan gizartearen eskaerari erantzuten zion, horrek administrazioen funtzionamendua eraginkorra eta, ikuspegi ekonomikotik, arduratsu izatea eskatzen baitu. Administrazioaren jarduera zerbitzu publikoen funtzionamendua eta aurrekontu ekonomikoak alda ditzaketen ustekabeko gertaera eta arrisku askoren eraginpean dago.

Kudeaketa publikoak, ahalik eta eraginkorrena eta emankorrena izatea lortzeko, gero eta baliabide tekniko gehiago erabiltzen ditu:  komunikazio, osasun, segurtasun, garbiketa, trafiko eta garraio zerbitzu publikoak, esate baterako, teknologia berrien erabilpenaren adibide argiak dira, eta horiek berekin dakartzaten arrisku berriak ezin dira behar bezala kontrolatu administrazio publikoen egitura eta metodo tradizionalekin, haiengandik espero dena betetzeko ahalegina egiten ari badira ere.

Horrez gainera, administrazioak herrien ohiturak, tradizioa eta historia hezurmamitzen duten eraikinen, objektu kulturalen eta artistikoen gordailuzainak dira, eta horiek galtzeak galera ekonomikoa baino gehiago deserrotze sentimentala eta soziala eragiten ditu, eta horrek eragin handia du herritarren balioetan eta motibazioetan.

Kudeaketa publikoaren arriskuek eraginik handiena pertsonengan izan dezakete, administratu, funtzionario eta hirugarren gisa, horiek baitira bere jardueraren eraginpean daudenak.

Alde horretatik, administrazioen politika bideratu behar duen helburu nagusia pertsonen segurtasuna, osasuna eta ongizatea ziurtatzea da.

Finantzen ikuspegitik, funtzionarioen eta administrazioaren mende dauden gainerako pertsonen egoera ekonomikoa ere izan behar da kontuan, zerbitzu publikoak emateari dagokionez funtsezko elementua den aldetik.

Panorama horren aurrean, arduradun publikoak hasita daude egoeraz jabetzen eta arriskuak kudeatzearen arloan enpresa pribatuen bereizgarri diren teknikak ezartzen. Horiekin hobeto berma daiteke, eta zehaztutako aurrekontu ekonomikoak desbideratu gabe, ez direla aldatuko ez zerbitzu publikoak ez herritarren bizitza.

Arriskuek kalte handiak eragiten badituzte, ezingo dira bete hauteskunde-programetan hartutako konpromisoak, eta agian zor publikoa handitu beharko da edo zergak igo beharko dira dagokion defizit ekonomikoari erantzuteko.

Eusko Jaurlaritzak arriskuen gerentziari buruzko azterlan bat egin zuen 1986tik 1989ra bitartean. Abiapuntua izan zen bere ondasun eta aktibo guztiak baloratzea eta horien inbentarioa egitea, eta helburua, berriz, behin arriskurik adierazgarrienak identifikatu eta baloratu ondoren, horiek tratatzeko neurri egokiak hartzea.

Azterlan hura hiru arlo edo esparru nagusitan zatitu zen:

 

  1. Arrisku pertsonalak, edozein kontratu-erregimenen bidez Eusko Jaurlaritzan, eta ez Administrazio Orokorrean bakarrik, baita erakunde autonomoetan, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan eta sozietate publikoetan ere, lan egiten duten pertsonen integritate pertsonalean edo ondarearenean eragina dutenak.

 

  1. Ondare-arriskuak, EAEko Ogasun Nagusiko edo Euskadiko ondareko (edozein izanik ere horiek dituen pertsona edo erakundea) ondasun eta eskubide guztien integritatean eragina dutenak. Behin arriskuen zenbaketa sistematikoa egiten denean, kalteak konpontzearen eta horien ondorioen kostua balioesten da, maiztasunaren eta intentsitatearen arabera finantzetan izan dezaketen eragina aurreikusteko.

 

  1. Ondare/erantzukizun zibileko arriskuak, administrazioei eskatu ahal zaizkienak, bai bere egintzengatik bai bere ordezkarien, funtzionarioen edo bestelako eragileen egintzengatik, bai eta berak ematen dituen zerbitzuen ohiko nahiz ezohiko funtzionamenduagatik ere. Erantzukizun honen giltza da kaltea jasotzen duenak ez duela kalte hori jasateko betebehar juridikorik, eta ondarean izandako galera, kaltea, beraz, antijuridikoa eta, ondorioz, ordaindu beharreko lesioa bihurtzen da, baita Administrazioaren funtzionamendua normala izan bada ere.

 

Atal honetan azpimarratu behar da, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik duen garrantzia kontuan hartuta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ondare-erantzukizun sanitarioari dagokiona.

Behin hiru arrisku-arlo nagusietako (arrisku pertsonalak, ondare-arriskuak eta ondare/erantzukizun zibileko arriskuak) arriskuak identifikatu, aztertu eta ebaluatu ondoren, horiek tratatzeari ekin zitzaion arriskuen prebentziorako eta kontrolerako dagozkion neurrien bidez.

Azkenik, behin prebentzio eta kontrol neurriak ezarrita, arriskuak finantzatzeari ekin zitzaion administrazioak berak arriskuari eusteko tekniken bitartez eta finantza-transferentzien bitartez, aurretik aztertu ziren eta prebentzio-sistemen bidez kontrolatu ziren jasandako arrisku guztiak aseguratuz.

Asegurua eskema horretara moldatu zen Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren baitan, eta administrazioko arriskuak kudeatzeaz arduratuko zen lantalde bat eratu zen honako lerro nagusiei jarraituz:

 

  • Arriskuak eta, ezbeharra gertatuz gero, ondorioak baloratzea eta balioestea; arriskuak ezabatzeko edo minimizatzeko, edo kanpora transferitzeko, konponbide guztiekin.
  • Aseguru-entitate kualifikatuen eta lehiakorren aurrean horiek estaltzea lortzea, hala badagokio, eta ahalik eta bermerik zabalenak, eta kosturik onenean, lortzea eta doitzea.
  • Aseguru-kontratuak egokitzea, hobetzea eta bateratzea, arriskuen bilakaera eta premiak kontuan hartuta.
  • Kontratuak eta ezbeharrak administratzea; aseguru-etxeetatik kalte-ordainik onena lortzea, elkarrekiko konpromisoak kontuan hartuta.
  • Kargu publikoei, zerbitzuei, elkarteei eta organismoei dauden edo desiragarriak diren bermeei, prebentzioari eta kudeaketari buruzko informazioa eta aholkua ematea; kontratuak humanizatzea, elkarrekiko eta konfiantzazko giroa sortzeko.

 

Administrazio publikoetan arriskuak behar bezala administratzea lortzeko, Administrazioak aldez aurretik helburu zehatzak ezarri behar ditu, eta funtzio nagusiek dinamikoak eta zorrotzagoak diren eta etorkizunera begiratzen duten planteamenduetara jo behar dute.

Kontua ez da arriskuen kudeaketari eusteko politikari jarraitzea; horrez gainera, beharrezkoa da ekintzaileak eta arduratsuak izatea ere, gizarteak horixe eskatzen baitu.

Enpresetan bezala, arriskuen gerentziak administrazioko gainerako kudeaketa-diziplinekin batera bakarrik egin dezake aurrera: kontabilitate analitikoa, aurreikuspenen kudeaketa, kalitatearen kudeaketa, arriskuen kontrola, prozeduren zorroztasuna eta erantzukizun sozial korporatiboko konpromisoak administrazioaren aldetik espero den lankidetza-esparruan.

Azken batean, administratuen benetako premiei erantzutera bideratutako eta haien jardunean eragina duten interes-taldeekin konpromisoa hartutako dinamika kolektiboa da.

Hori guztia behintzat lortu nahi dugu Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza honetatik, eta horixe planteatu dugu ordezkatzen dudan Administrazioaren helburu gisa.

Eta, besterik gabe, berriz ere eskerrak eman nahi dizkiot Biltzarra sustatu duen elkarteari, eta enpresen eta gizartearen aldaketetara eta premietara egokitzeko arriskuen gerentziaren metodo zientifikoen hedapenaren arloan egindako lana eta bidea azpimarratu nahi ditut berriro.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak