Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak beste 97 lanposturekin handituko du Osakidetzako lantaldea

2018.eko urriak 09

Josu Erkoreka bozeramaileak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoa eskaini du Jon Darpón Osasuneko sailburuarekin batera.

Osasuneko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak erabaki duela Osakidetzaren lantaldea handitzea eta beste 97 lanpostu sortzea. Laster ateak zabalduko dituen Eibarko Ospitalea giza baliabideez zuzkitzeko beharrari erantzuten dio erabakiak. Hartara, 26.497 profesionalek osatuko dute Osakidetzaren lantalde estrukturala. Darpónek adierazi du Osakidetzak “Euskadiko enpresa publikorik handienaren” izaera indartuko duela.

Era berean, Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak “Arrantzaren eta Akuikulturaren Sektoreari Laguntzeko Programa (2018)” onartu duela, 8,5 milioi euroko zuzkidurarekin —Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaren babesarekin finantzatuko da programa hori—.Erkorekaren arabera, programa horrekin sektore horretako jarduera jasangarria, berrikuntza, sektorearekiko gizarte-elkarrizketa eta enpleguaren sorrera erraztuko da, baita sektorea gaztetzea ere.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Durangon lau lokal erostea onartu du. Lokal horietan Lanbideren beste bulego bat irekiko da, zerbitzu hobea eta arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko

Giza Eskubideen arloan, Josu Erkoreka bozeramaileak aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak Eskualdeen Europako Batzordearen osoko bilkuran parte hartuko duela gaur eta bihar. Bihar, Marian Elorza Kanpo harremanetarako idazkari nagusiak SHARE proposamena aurkeztuko du, migrazioaren erronkari baterako erantzukizunetik aurre egiteko. Bozeramaileak azaldu duenez, proposamen hori mekanismo zehatz bat adostean datza, betiere migratzaileen harreran eta integrazioan erantzukizuna “partekatua izan dadin”, honako hiru parametro hauen arabera: lurralde-esparru bakoitzeko sarrera fiskalak, biztanleria eta langabezia. Bozeramaileak aditzera eman du munduko herrialderik aberatsenek jakin dutela hobekien migrazio-fluxuak jasotzen eta integratzen, baita kulturen eta erlijioen arteko elkarbizitza sustatzen ere.

Bestalde, Josu Erkorekak jakinarazi du René Cassin Sariaren deialdia baimendu dela. Sari horren xedea da Giza Eskubideen sustapenean, babesean eta dibulgazioan konpromisoa duten pertsonak edo kolektiboak aintzatestea.

Aurrekontuen gaineko elkarrizketengatik galdetuta, Josu Erkoreka Bozeramaileak jakinarazi du Pedro Azpiazu Sailburua harremanetan jarri dela oposizioko talde parlamentarien ordezkariekin. Erkorekak hauen eztabaidarako jarrera modu positiboan baloratu du. Jaurlaritzak taldeen proposamenak jasotzean  aurrekontu markoarekin bat datozen, bideragarriak edo errealistak diren aztertuko du.

Prentsa dossierra

Gai ordena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak