Berriak Lehendakaritza
Eu

Alderdi guztiek parte hartu dute Memoriaren Plaza Laudion erakusketaren aurkezpenean

2018.eko urriak 08

EHBildu udal gobernuan egonda ekimena aurrera eramaten den lehenengo herria da. 

Natxo Urkixo Laudioko alkateak eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren, Gogoraren, zuzendariak Memoriaren Plaza erakusketaren 20. edizioa aurkeztu dute, udal gobernuko ordezkari guztiek lagunduta; EAJ-PNV, OMNIA, PSE-EE, PP eta udaleko zinegotzi independentea.
Aurkezpenean, alkateak ongietorria eman dio ekimenari eta jarraian, Aintzane Ezenarrok erakusketa bera aurkeztu du, 2016az geroztik memoriaren inguruan herritarrek parte hartzeko proiektua dela eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko 19 herri nagusienetan egon dela gogoraraziz, hiriburuak barne. Helburua, Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea da, memoria plural eta partekatua eraikitzeko asmoz.
Erakusketa zabalik egongo da urriaren 15etik 21a bitartean Aldaikoerreka aparkalekua dagoen lekuan eta irekiera ekitaldia, urriaren 15ean, astelehenean, izango da arratsaldeko 18:00etan, hurbildu nahi duten guztientzat. Egun horretan bertan, goizean goizetik, erakusketa-gunea bisitariak hartzen hasiko da; Laudiko ikastolako ikasleek parte-hartuko dute DBH 4, batxilergoa eta lanbide heziketako ikasleentzako antolatzen diren hezkuntza tailerretan. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten lagungarri izatea eta gogoeta kritikoa egin dezaten erraztea. Astean zehar, astelehenetik ostiralera, hainbat tailer emango dira inguruko ikastetxeetako ikasleentzat.
Memoriaren Plaza ekimena hasi zenetik -2016ko otsailean Bilbon egin zen lehenengoz- Memoriaren Plaza 19 herritan egin da, eta hauexek datuak: 36.000 lagunek hartu dute parte eta hauetatik 5.100 DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak dira, beraientzat bereziki programatutako tailer didaktikoetan parte hartu dutenak.

HELBURUAK
• Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
• Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
• Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
• Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

ERAKUSKETAGUNEA
Honako gune hauek izango ditu:
• Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
• Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
• Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai–ingurua ere bertan egingo da.
• Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek beren mezua horma-irudian idatzi ahalko dute

MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK
Gogora Institutua testigantzak batu eta ezagutarazten eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzen. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon, Barakaldon, Irunen, Beasainen, Galdakaon eta Amorebieta-Etxanon egon da.
Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: https://goo.gl/lEJ8Xv

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak