Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak adierazi du garrantzi handikoa dela Ertzaintzan izangai berriak gehitzea urtero, erretiroei aurre egiteko

2018.eko urriak 08

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua elkarrizketatu dute gaur Onda Vasca irratiko Euskadi Hoy irratsaioko edizio berezian. Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiatik egin dute irratsaioa, Ertzaintzaren promozio berria dela eta. 

Segurtasuneko sailburuak, Ertzaintzaren 27. promozioaren inkorporazioaren inguruan, adierazi du garrantzi handikoa dela urtero izangai berriak sartzea, datozen urteetan aurreikusten diren erretiroei aurre egiteko. “Orain lehen promozioen erretiroak gertatzen ari dira, eta, erretiro-bolumen handia denez gero, promozioen erritmo honi eutsi behar diogu” zehaztu du. Hartara, urtea amaitu aurretik 400 plaza izango dituen 28. promozioaren deialdia egiteko asmoa azaldu du.

Era berean, Beltrán de Herediak nabarmendu du Ertzaintzaren polizia-kidegoan emakumeak txertatu behar direla, eta argitu du 27. promozio honetan izangaien % 21 emakumeak direla. Emakumeen presentzia gehitzeko helburuarekin, Segurtasuneko Sailburuak azaldu du Polizia Legearen aldaketan saiatu direla emakumeak polizia-kidegora sar daitezen errazteko beharrezkoak diren neurriak jasotzen; “plan espezifikoak ezarri, emakumeak sar daitezen errazteko eta sustatzeko” eman du aditzera.

Polizia Legeari dagokionez, Beltrán de Herediak nabarmendu du Legebiltzarreko talde guztiek aldaketa hori onartzeko “prestasun handia” dutela. “Gizartearen errealitatea eta beharrak etengabe aldatzen ari dira, eta egoera horretara egokitu behar da Legea” zehaztu du.

Genero-indarkeriari buruz mintzatzean, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak hau adierazi du: “gauza asko egin da, baina hezkuntzaren eta prebentzioaren arloetan nabarmentzen jarraitu behar da”. Hartara, adierazi du 2006. urteaz geroztik, Ertzaintzak zenbait protokolo garatzen duela genero-indarkeriaren biktimei arreta egiteko, eta protokolo horiek beharren arabera eguneratu direla. Horrez gain, aditzera eman du kontzientziazioaren arloan lan egiten ari dela, segurtasunaren eta komunikazioaren bitartez. “Lantzen jarraitu behar dugun alderdia da hori”, nabarmendu du sailburuak.

Gobernu Zentralarekiko harremanei dagokienez, Segurtasuneko Sailburuak adierazi du zenbaitetan mintzatu dela Marlasca ministroarekin eta bat datozela lehenbailehen elkartzeko beharrarekin. Beltrán de Heredia sailburuak adierazi du orain agendak aztertzen eta une egokia bilatzen ari direla “2017ko Segurtasun Batzordean hartu ziren erabakien egoera berrikusteko eta koordinazioaren arloan nola gauden aztertzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak