Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte sailburuak 2018ko Kilometroak festaren irekiera ekitaldian parte hartu du, Urretxu-Zumarragan

2018.eko urriak 07

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2018ko Kilometroak festaren irekiera ekitaldian parte hartu du gaur, Urretxu eta Zumarragan. “Zubiak batuz” leloa daraman aurtengo festan, sailburuarekin batera Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan dira: Olatz Garamendi, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea (Hezkuntza Sailekoa); Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Eugenio Jimenez, Ikastetxe eta Planifikazio zuzendaria.

Jaiari hasiera emateko ekitaldian hitza hartu duenean, aurreko ikasturtean eragileen laguntzaz eta Hezkuntza Sailak bultzatuta landu zen Akordioaren Oinarriak dokumentua hartu du hizpide Uriartek, “gure hezkuntza sistema hobetze eta gaurkotze aldera akordioa bilatzen duen oinarrizko dokumentua”.

Euskadiko Eskola Kontseiluak egindako hobetze-proposamena jaso ondoren dokumentu hori uda baino lehen Legebiltzarrera bidali zuela gogorarazi du sailburuak, eta aurki izango dela Legebiltzarrean berau eztabaidatzeko Batzorde monografikoa ere. “Nire aldetik, orain arte eragileen laguntzaz eginiko lana eta bere edukia defendatuko dut Batzorde horretan, eta Legebiltzarreko taldeek haien ikuspuntua publiko egiteko aukera izango dute. Dokumentuari babesa ematen dioten, ala ez”.

“Behin baino gehiagotan aipatu dudan bezala, gaur egun indarrean dagoen araudia eguneratzeko beharra ikusten badugu, oinarrizko dokumentu batetik hasi beharko ginateke. Lan hori eginda dago, eragile askoren lanari esker, batzen gaituzten edukiak azpimarratuz, eta banatzen gaituenari protagonismoa kenduz”.

Horrela bada, “akordioari, hitzari eta oinarrizko zoru bati” aukera emateko eskaera egin du Cristina Uriartek. “Oinarri horrek beste erronka handiagoei aukera eman diezaien”, gehitu du.

“Denok bilatzen dugu helburu berbera: gure hezkuntzaren hobekuntza. Gaurkotu dezagun gure hezkuntza sistema, eta eman ditzagun denon artean beharrezko deritzegun pausoak. Gure ikasleen, gure gizartearen onerako izango da. Herri erronka” esanez amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak