Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak TDG Clamping Solutions enpresaren bokazio globala, proposamen berritzaileak eta kalitate handiko produktuak nabarmendu ditu

2018.eko urriak 08
  • Lehendakariak TDG Clamping Solutions enpresaren ibilbidearen eta ahaleginaren garrantzia azpimarratu du, “proiektu bat aurrera ateratzea, enplegu-aukeren sorreran laguntzea eta euskal gizartearen ongizaterako aberastasuna sortzea”
  • Eusko Jaurlaritzak hazkunde jasangarriaren oinarriak eta kalitateko enplegu-aukeren sorrera finkatzen laguntzen jarraituko du

Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua bertaratu dira TDG Clamping Solutions museoaren inauguraziora, enpresa horren mendeurrena dela eta.

Lehendakariak enpresaren bokazio globala nabarmendu du, baita bezero bakoitzari proposamen berritzaileekin eta kalitate handiko produktuekin erantzuteko ahalmena ere. Era berean, Lehendakariak TDG Clamping Solutions enpresaren ibilbidearen eta ahaleginaren garrantzia azpimarratu du, “proiektu bat aurrera ateratzea, enplegu-aukeren sorreran laguntzea eta euskal gizartearen ongizaterako aberastasuna sortzea” aditzera eman du Urkullu lehendakariak.

Enpresak Gernikan izan du beti egoitza, eta begirada mundu osora zabaldu du. Harreman zuzena du 30 herrialderekin baino gehiagorekin; guztira, fabrikazioaren % 70 esportaziora bideratzen du. Enpresaren erronka da berrikuntzarekiko, kalitatearekiko eta nazioarteko merkatuekiko konpromisoari eustea. Hori dela eta, sasoi berrietara egokitu da “TDG Clamping Solutions” izen berriarekin eta irudi korporatibo berriarekin, baita Gernikan, 1916. urtean sortu zenetik, kokatzen diren instalazioak birsortzearekin ere.

Lehendakariak, industria-sektoreari buruz mintzatzean, adierazi du enpresak herrialde honen ADNaren parte direla. Ildo horretan, aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak hazkunde jasangarriaren oinarriak eta kalitateko enplegu-aukeren sorrera finkatzen laguntzen jarraituko duela. “Halaxe ari gara egiten “basque industry 4.0” berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustuarekin” gehitu du.

Horrez gain, lehendakariak gogorarazi du inbertsioarekiko konpromisoa gehituko dutela; “espero dut, oso laster, gauzatuta egotea enpresen lehiakortasunerako lagungarriak izango diren tarifa elektrikoa bermatzeko neurriak” zehaztu du.

TDG Clamping Solutions

TDG Clamping Solutions enpresak 100 urte baino gehiago bete ditu tornuetarako amarratze-soluzioak fabrikatzen eta merkaturatzen; liderrak dira arlo horretan, eta produkzioaren % 70 baino gehiago nazioarteko merkatura bideratzen du. 42 langile ditu lantaldean, eta urtean bost milioi euroko fakturazioa. Bizkaiko enpresak mendeurrena bete duenean, markaren irudia sasoi berrietara egokitu nahi izan du, eta, 1916ko maiatzaren 12an Gernikan eratu zenetik, berrikuntzarekiko izan duen konpromisoari eutsi nahi izan dio.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak