Berriak Segurtasuna
Eu

EUSKARALDIAREN AURKEZPENA SEGURTASUN SAILEKO ERANDIOKO EGOITZAN

2018.eko urriak 04

Gaur, urriak 4, Segurtasun Sailaren Erandioko egoitzan, Euskaraldia ekimenaren aurkezpena egin da eta bertan parte hartu dute 120 lagunek baino gehiagok.

Goizeko 9:00etan, Kubo eraikineko areto nagusian, Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu dira: zer den, zein den helburua, noiz izango den, zer den Hamaikakoa, zer den Ahobizi eta Belarriprest, nola eman izena Euskaraldian parte hartzeko, eta abar.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da Euskal Herri osoko herri, enpresa eta administrazioetan, euskararen erabilera sustatzeko. Parte hartu ahal izango dute euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorako guztiek, Ahobizi edo Belarriprest rolen bidez. Euskaraldian izena emateko eta informazio guztia lortzeko helbidea hau da: http://izenematea.euskaraldia.eus/euskojaurlaritza/

Ahobizi rola hautatzen duenak euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko da euskaraz. Ezagutzen ez dituenekin lehen hitza euskaraz egingo du, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere.

Belarriprestak euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea egingo die. Euskara ulertzen duela adieraziko die eta harekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Belarriprestak euskaraz edo erdaraz erantzungo du, baina besteei euskaraz egin diezaioten eskatuko die.

9:30ean, areto nagusiko aurkezpena amaituta, Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren Euskaraldiaren Hamaikakoa aurkeztu dute kanpoaldean, talde-argazki baten bidez. Hamaika pertsonak osatzen dute talde hori, eta Euskaraldiari begira Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren irudia izateaz gain, konpromisoa hartu dute ekimenak irauten duen bitartean euskara gehiago erabiltzeko. Hauek osatzen dute gure Hamaikakoa: Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Ana Agirre Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea, Ana Reka Kabineteko zuzendaria, Julian Beloki Komunikazio zuzendaria, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren burua, Pello Flores Gipuzkoako Herritarren Babeseko burua, eta Segurtasun Saileko Jon Agirre, Beatriz Anitua, Mari Luz Palacio eta Joseba Izagirre lankideak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak