Eu

San Josék Etorkintza Fundazioaren jardunaldiak itxi ditu: “Adikzioak: ikuspegi komunitarioa”

2018.eko urriak 04

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, gaur arratsaldean, Etorkintza Fundazioak bere hogeita hamahirugarren urteurrena dela eta antolatu dituen adikzioei buruzko jardunaldiak itxi ditu.

Bilboko Deustuko Unibertsitatean izan da ekitaldia eta, bertan, Sonia Pérez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua Sustatzeko zuzendari nagusiak eta Juan Pablo Aia Etorkintza Fundazioaren Patronatuko arduradunak ere parte hartu dute.

MARÍA JESÚS SAN JOSÉ SAILBURUAREN HITZAK

Jaun-andreok, arratsalde on guztioi:

Eskerrik asko Etorkintza Fundazioari, jardunaldi honen itxiera-ekitaldira gonbidatzearren eta, zorionak, 33 urte lanean jardutearren.

Jarduera hori gure gizarteko pertsona ahulenei zuzentzen zaie. Gizarte-konpromisoaren eredu.

Etorkintza Fundazioa drogen kontsumoa, batik bat opiazeoena, gure herrialdean nabarmen hazi zen unean sortu zen.

Zuon helburua adikzioak gazteetan eragiten ari ziren ondorioak arintzea eta horiek sendatzea eta gizarteratzea izan zen. Une horietan, funtsezko lana zen drogazaletasunean murgilduta zeuden pertsonei arreta ematea.

Gaur egun, zuon programa eta zentroetan drogazale direnei arreta ematen jarraitzen duzue, baina prebentzioko eta detekzio goiztiarreko lan handia egiten ari zarete eta, horretarako, arrisku-egoeran dauden gazte eta nerabeekin lanean ari zarete eta beren familiak inplikarazten.

Zuon argitalpenetan, berrikuntza erronka berriei aurrea hartzeko aukera ematen duen tresnari ematen diozuen garrantzia islatzen da.

Teknologiaz josita dugun gizarte honetan, adikzio-modu berriak sortzen ari dira: onlineko jokoak, bideo-jokoek, Internetek, gizarte-sareek eta pornografiak gazteetan “substantziarik gabeko adikzioak” eragiten dituzte, eta horiek osasun mentaleko arazo larriak dakarzkiete.

Laurogeiko hamarkada horietan bihurriak izan zirenek eta orduko gizartearekin ados ez zeudenek aukeratu zuten kalamuak edo heroinak ematen zieten ihesbidea, baina gaur egungo gizarte-errealitate berriek eta nerabe askok bizi duten bakardadeak patologia berri horiek eragiten dituzte.

Hori dela eta, nire ustez oso positiboa da zuon lana, berrikuntzaren ikuspuntutik.

Zuon jatorrietara bueltatuko gara. Garai izugarri hartan adikzioen eraginpean zeuden pertsonak lapurreten eta substantziak lortzeko xehekako salerosketen gurpil zoroan sartzen zirela bizi izan zenuten, kasu askotan, ondorioz, Zigor Legearen pean izaten zirela. Hori dela eta, sortu zinetenetik, zuon jarduera espetxeetan zeuden pertsonei zuzendu zenieten.

Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu batek administrazioarekin duen elkarlanak ekar ditzakeen emaitzen eredu zarete. Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzaren erakunde laguntzaile zaharrenetakoa zarete, finkatuenetako eta eraginkorrenetako bat.

Espetxeen kudeaketaren transferentzia negoziatzeko eta adosteko zain gaude eta, dakizuen bezala, Gobernu honen lehentasunetako bat da, autonomia zabaltzeko arloan; Eusko Jaurlaritzak askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko apustu egin du.

1987tik Atxilotuarentzako Laguntza eta Orientazio Zerbitzua dago, eta, 1990etik, Gizarteratzen Laguntzeko Zerbitzua, 2011n sortu zen egungo Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren aurrekariak.

Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua posible izan da, 2011n bi hitzarmen sinatu zirelako, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean; horien bidez aukera eman da espetxerako neurri alternatiboak sustatzeko eta zigortuak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuetan sartzeko bide ematen ari dira.

Bi eremu horiek dituzte oinarri Justizia Zuzendaritzaren eta Etorkintza Fundazioaren arteko elkarlanaren indarguneek. Lehen esan dudan bezala, hirugarren sektorearen eta administrazioaren arteko elkarlanaren adibide bikaina.

Justizia Zuzendaritzak zuon gizarteratzeko programen finantzaketan parte hartzen du, eta zuok funtsezko laguntzaileetako bat zarete gizartearentzako lanetarako zigorren kudeaketan eta betearazpenean edo Zigor Kodean aurreikusitako askatasunaz gabetzeko zigorrak betearazteko eteteei buruzko ebazpen judizialen ondoriozko eskakizunen betearazpenean, besteak beste, prestakuntza-programetan edo mendekotasuna gainditzeko programetan parte hartzean.

Halaber, elkarlanerako gune dira zigor-legearen pean dauden gazteei zuzendutako programak, besteak beste, banakako psikoterapia terapeutikoko zerbitzuak, familiako terapiarekin eta aholkularitzarekin.

Antzeman daitekeenez, harremana zabala eta emankorra da, eta nire ustez oso positiboa; harreman horri eustea dugu helburu.

Amaitzeko, zorionak, berriz ere zuon urteurrenagatik eta programatu dituzuen jarduerengatik.

Atzo bi astez egin dituzuen eta erreferentzia gisa gazteak eta horiek alkoholarekin duten harremana zeukaten eztabaidetako ondorioen berri eman zenuten.

Gaur prestigio handiko parte-hartzaileak izan dituzue, gaurkotasuneko eta zuon jarduerarekin hertsiki loturik dauden gaiak aztertzeko.

Jarraitu bide horretatik; izan ere, egunetik egunera errealitate bilakatzen ari zarete zuon misioaren edukia. Ez dut hitzez hitz adieraziko, baina, labur-labur: “Pertsona ahulenen bizi-kalitatea hobetzea, prebentzioaren, laguntzaren eta gizarte-inklusioaren bidez”.

Zalantzarik gabe, mundu hau pixka bat hobea izaten laguntzen duzue.

Zorionak eta eskerrik asko

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak