Eu

Alberto Alberdi sailburuordeak "Bankuak, errentagarritasuna eta diruaren normalizazioari buruzko jardunaldia" inauguratuko du

2018.eko urriak 05

Ogasun eta Ekonomia Sailak eskerrak eman nahi dizkie Deusto Business Alumni-ri eta Unibertsitateari, finantzei eta ekonomiari buruzko eztabaida- eta gogoeta-foroak bultzatzeko egiten duten lanagatik. Oraingoan, eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, KPMGko presidenteari, Espainiako Bankuko gobernadoreari eta Kutxabankeko presidenteari, ekitaldi honetan parte hartzeagatik.

Gure ustez, oso garrantzitsua da Euskadirentzat eta bertako finantza-plazarentzat hainbat entitatek, Unibertsitateak, aholkularitza-entitateek, Bankak eta erakundeek ahaleginak batzea. Horregatik, konpromisorik handienarekin egin ohi dugu bat haiekin. Nolanahi ere, Pedro Azpiazu sailburuak ez du etortzerik izan, Eusko Legebiltzarreko kontrol-bilkurara joateko eskatu baitiote azken orduan. Horregatik, niri dagokit Eusko Jaurlaritzaren izenean gure esker ona adieraztea.

Pertsona guztiok, eta ekonomialariok bereziki, erregulartasunari eta errepikapenari heltzen diogu ziurgabetasunari aurre egiteko.

Horregatik aipatzen ditugu beti zikloak, eta horregatik espekulatzen dugu ratio batzuk edo besteak batezbestekora itzultzearekin.

Zikloak, ordea, ilusioak dira funtsean. Izan ere, ekonomia historiaren parte da, eta denboraren geziak noranzko bakarra dauka.

Paul Samuelson-ek behin eta berriz aipatzen du ergodikotasuna zientziaren baldintza dela (mekanikarekiko analogia batetik hartutako ideia da), baina gaur egun ziur esan dezakegu mundua ez dela ergodikoa, bere ezaugarri bereizgarria ez dela errepikapena, bilakaera baizik. Horixe esan nahi dugu ibilbidearekiko mendekotasuna aipatzen dugunean. Nobel saridunak aitortzen zuenez, horixe adierazten du Bibliak “hemendik behin baino ez gara igaroko” dioenean. 

Nire ustez, inork zalantzaren bat badu, nahikoa du berriki bizi izan dugun Finantza Krisi Handiaren edo Atzeraldi Handiaren ondorengo inguruneari begiratzearekin, edota enpresa-kontzentrazio geldiezinari, bankak itzaletan betetzen duen gero eta zeregin handiagoari, zor publiko eta pribatuaren bolumen izugarriei eta diru-politika ez-konbentzional deitzen den horrek betetzen duen ezohiko zeregin agresiboari.

Historiari antza hartzen diogu, baina ez da errepikatzen. Iraganaz ikas dezakegu, baina neurri jakin bateraino. Hain zuzen ere hemendik behin baino igaroko ez garelako, kezka handia sorrarazten digu gaur hemen eztabaidatuko dugun diru-normalizazioaren prozesu horrek.

Egia dio Nazioarteko Ordainketa Bankuak (BIS) normalizazioaren bidea estua dela eta banku zentralek oreka zail bati eutsi behar diotela dioenean. Oso poliki joateak gainberotzearen eta finantza-ezegonkortasunaren arriskua ekar dezake, eta bizkorregi joateak, berriz, hazkundea bera jar dezake arriskuan, zor-bolumenek gora egiten jarraitu duten eta aktiboen balorazioak merkatu askotan handiak diren testuinguru batean.

Eta arazoa ez da finantza-baldintzena, besterik gabe. Baldintza horiek desberdinak badira, baldintza errealak ere desberdinak direlako da. Informazioaren eta sareen aroko hazkundea ez da iristen, inondik ere, energiaren eta makinen aroko produktibitate-erregistroetara. Demografia goitik behera aldatu da, eta geraldi sekular baten aurrean gaudela esan dezakegu, ez baikaude ziur inbertsio nahikoa bermatuko duen interes-tasa jakin bat egon daitekeenik.

Ez gaude ziur horretaz, eta ez gaude ziur zer interes-tasa edo zer hazkunde-kurba behar den enpresen, familien eta gobernuen egungo zorpetze-egitura bideragarria izan dadin.

Zorraren inguruko ohartarazpenak etengabeak dira, eta iritzi publikoa kezkatzen hasia dela esango nuke. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak hilaren 1ean gogorarazi zuenez, munduko zorra 182 bilioi dolarrera iritsi da, eta horrek esan nahi du 2007an baino % 60 handiagoa dela. 

Bestalde, Nazioarteko Ordainketa Bankuak (BIS) behin eta berriz azpimarratu du, beste inork baino neurri handiagoan, krisiaren ezaugarri bereizgarria finantza-ziklo bat eta ziklo erreal bat gainjarri izana izan zela, eta kontuan hartu behar direla finantza-ziklo horren oinarrizko adierazleak (eta, bereziki, kredituak Barne Produktu Gordinean duen proportzioa eta zorraren zerbitzua). Banku horrek bere azken txostenean adierazten duenez, zorra Barne Produktu Gordinaren % 217 da (269 herrialde aurreratuetan eta 176 garapen-bidean dauden herrialdeetan), eta % 179 zen 2007an (233 herrialde aurreratuetan eta 113 garapen-bidean daudenetan). Gainera, ohartarazpen hau egiten du:

 “Ameriketako Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta, neurri txikiagoan, Frantziako eta Europako beste herrialde batzuetako enpresa ez-finantzarioen balantzea okerrera egiten ari da etengabe. Palanka-efektuaren areagotzeak, interesaren estaldura-ratioen beherakada esanguratsuak eta A kalifikazioa edo hobea duten enpresen ehunekoaren beherakadak agerian uzten dute okerragotze hori”.

Duela gutxi, Europako Banku Zentraleko presidenteak, banku horretako ekonomialari buruak eta Frantziako Bankuko gobernadoreak kezka agertu dute bankuez kanpoko finantza-sektorearen tamainaren eta palanka-efektuaren inguruan, eta adierazi dute sektore hori ahaztuta geratu dela banku-sektorea sendotu den bitartean.     

Bitxia bada ere, joan den urteko azaroko Financial Stability Review izenekoan Europako Banku Zentralak potentzialtzat hartu zuen bankuez kanpoko finantza-sektorearen likidezia-arriskua eta gainezkatze-ondorioen arriskua, eta arrisku ertaina eta handia ere kontuan hartzen dituen eskala baten behealdean kokatu zuen arrisku hori. Joan den maiatzeko berrikuspenean, berriz, alderdi hori baino ez da azpimarratzen, eta finantza-sisteman sortuko den eta bankaren kapitala arrisku larrian jarriko ez duen asaldura-egoera baten parte dela adierazten da.  

Bestalde, G-20arentzat bankuez kanpoko finantza-sektorea eta haren bertsio estua (hau da, itzaleko banka) monitorizatzen dituen Financial Stability Board izenekoak jakinarazi digu banka horrek % 7,6ko hazkundea izan duela, 45 bilioira iritsi dela eta finantza-aktibo globalen % 13 biltzen dituela.

Halaber, zenbait jurisdikziotan palanka-efektu handia eta likideziaren eta epeen eraldaketa ikus daitezkeela jakinarazi du. Dakigunez, posizio likidoak aktibo egituratu bihurtu izanak (toxikoak izan ziren aktiboak, alegia) oso zeregin garrantzitsua bete zuen krisian, eta, beraz, mundu hori hobetu ikuskatu behar dela dirudi.

Baina, tira, nik testuinguruaren ezaugarri kezkagarri horiek aipatu baino ez nituen egin nahi, jakinik, bestalde, arriskurik handienak identifikatu gabeko edo behar bezala identifikatu gabeko faktoreei lotuta daudela. Orain, labur-labur, egoera euskal ekonomiaren ikuspegitik nola ikusten dugun aipatu behar dut.

Eusko Jaurlaritzak hiru mezu nagusi helarazi ditu gure ekonomiaren inguruan.

Lehen mezua da hazkunde-eredu orekatua dugula, ikuspuntu sektorialetik zein eskariaren ikuspuntutik. Eredu horretan, barne-eskaria da indar nagusia eta ekipamendu-ondasunetan egindako inbertsioak portaera ona agertzen du, baina ez da kanpo-defizitik sortzen.

Bigarren mezua soldatak berreskuratu behar zirela izan da, eta ekitate-arrazoiak zaudela horretarako. Izan ere, produktibitateak % 1 egin zuen gora, eta hazkundea bultzatuko zen atze-haizeak amaitzean. Azkenean, badirudi gauzak bide horretatik doazela: soldata-kostuek % 1,6ko igoera izan dute lehen seihilekoan % 0,5ekoa izan zuten joan den urtean), eta aurten adostutako hitzarmenetako soldatek %2,3ko igoerak jasotzen dituzte, indarrean daudenena %2koa den bitartean.

Eta hirugarren mezua zorpetzearen kontrolari lotuta dago hain zuzen. Euskal ekonomiak ere parte hartu zuen krisia eragin zuen finantzaketa-boladan, kredituak Barne Produktu Gordinean zuen proportzioa bikoiztu egin baitzen 1995etik 2010era bitarte (% 64tik % 128ra). Harrez geroztik, % 96ra murriztu da, eta, Eustaten ondare-kontuen arabera, palanka-efektuak behera egin du nabarmen enpresetan, hamar puntutan murriztu baitute zorpetzeak beren balantzean duen proportzioa 2009tik 2015era bitarte.

Hiru urtean % 3 inguruko hazkundea izan badugu ere, zorra nabarmen murriztu dugu, eta, beraz, hobeto prestatuta gaude interes-tasen balizko igoera bati aurre egiteko.

Mezu horiek osatzeko, azpimarratu dugu euskal ekonomia bere ahalmenaren gainetik hazi dela; guretzat, ahalmen hori % 2-2,5era iristen da.

Horrek ondorio garrantzitsuak ditu sektore publikoan, eta ondorio horiek aipatu nahi nituzke orain. Horrelako testuinguru batean, beharrezkoa da kontsolidazio fiskalean aurrera egitea, etorkizunerako maniobra-marjina lortzeko. Eta horixe egin dugu: 2017.urtea, Ekonomia Itunari buruzko Akordioen ondorio irregularra desagertu ondoren, Barne Produktu Gordinaren % 0,1eko defizitarekin eta zor-jaulkipenaren 300 milioiko murrizketarekin amaitu genuen. Hortaz, zor-jaulkipena Barne Produktu Gordinaren % 14,1era iritsi zen urtearen amaieran, hau da, Estatuarekin itundutako mugatik nabarmen beherago, % 14,7koa itundu baitzen. Aurten, aldeko egoera baliatu nahi dugu lorpen hori finkatzeko, eta urtea defizitik gabe amaitzeko helburu zaila lortu nahi dugu, hasierako aurrekontuan Barne Produktu Gordinaren % 0,4 ezarri bazen ere. Nolanahi ere, iristen ari gara % 13ko zorra izateko helburura, hau da, Autonomia Erkidegoetarako erreserbatutako % 60ko tartearen zatira; Estatu osoan, balio horiek % 24,7 eta % 98 dira, hurrenez hurren.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak asmo handiko aurrekontua planteatuko du 2019. urterako. Aurrekontu horrek kontsolidazio fiskala babestuko du, baina, aldi berean, are irmotasun handiagoarekin bultzatuko ditu ekonomiaren hazkunde potentziala handitu dezaketen faktoreak, hala nola berrikuntzarekiko konpromisoaren jarraitutasuna gastua % 5 igotzearen bidez, inbertsio publikoaren % 7tik gorako igoera, eta giza kapitalaren hobekuntza hezkuntza indartzearen bidez.     

Eta amaitu behar dudanez gero, hasierako argudiora itzuli nahi nuke Stephen Grellet misiolari kuakeroak Biblian oinarrituta idatzitako pasarte batekin:

 “Behin baino ez naiz igaroko mundu honetatik. Beraz, utz iezadazue orain egiten edozein gizakiri egin diezaiokedan mesede edo onura oro. Ez iezadazue utzi atzeratzen edo alde batera uzten, ez bainaiz berriz igaroko bide honetatik”.

Ongia egiteko gonbidapena da, eta nik egin behar duguna ongi egiteko gonbidapena gaineratu nahi diot. Bide honetatik berriz igaroko ez garenez gero, indar politiko guztiek ere aurrera egiten laguntzea espero dut.

Eskerrik asko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak