Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

EEEk inoizko kontraturik handiena esleitu du bimepen urpeko linea elektrikoak instalatzeko

2011.eko otsailak 28

Olatuen energia kaptatzeko prototipoak izango dira itsas instalazioan, bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa probatzeko

Mundu osoan erreferentzia izango da bimep, Euskadira teknologia eta inbertsioak ekarrarazteaz gain, zuzen eta zeharka 200 enplegu inguru sortuko dituena. Euskadik itsas energiaren alde egindako apustuaren ondorioz, energia-iturri berriztagarri hori garatzen ari diren puntako herrialdeen artean dago gurea. Aurreikuspenen arabera, instalazioa 2011ko azken hiruhilekoan izango da jardunean.

Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, bimep (biscay marine energy platform) azpiegituraren urpeko linea elektrikoei eta komunikazioari lotutako instalazioaren kontratua esleitu du. Euskadiko itsas energia ikertzeko proiekturik garrantzitsuena da bimep eta mundu osoan eredugarria edo erreferentea izan nahi duena. Elecnor enpresari esleitutako kontratu horrek 10.400.000 euroko inbertsioa ekarriko du.

Armintzako kostaldearen aurrean izango den olatuen energia ikertzeko azpiegituraren inguruko proiektua mamitzen hasi da; izan ere, itsaso zabaletik lehorrera energia elektrikoa bideratuko duten urpeko eta lurreko kable elektrikoei lotutako instalazioaren kontratua esleitu da. Garrantzi handiko esleipen hori burututa, bimep (biscay marine energy platform) egitasmoak urrats sendoa egin du aurrera alde teknikoan. Hain zuzen ere, alde edo fase tekniko hori konplexuenetarikoa da, urpeko kable horiek ezaugarri bereziak baitituzte. Behin kableak instalatutakoan, olatuen energia kaptatzeko gailuak probatzen eta ikertzen hasteko moduan egongo da bimep azpiegitura.

Urpean egingo diren lan horiek Elecnor enpresak eramango ditu aurrera, bimep azpiegituraren urpeko kableen diseinua, egitasmoa, hornidura eta instalazioa esleitzeari begira, EEEk antolatutako lehiaketaren irabazlea izan baita enpresa hori. Kontratua edo lehiaketa 10,4 milioi eurotan esleitu da. Urpeko kableak jarri eta lehorrekiko interkonexioa egiteari lotutako lanen konplexutasun teknikoa kontuan hartuta, gauzatzeko epea bederatzi hilabetekoa izango dela espero da, baldin eta epe horren barruan beharrezkoak diren baimen administratiboak lortzen badira.


bimep ikergune proiektua

Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako bimep egitasmoa, funtsean, Euskadin, itsaso zabalean, olatuen energia kaptatzeko gailuak erakusteko eta probatzeko itsas azpiegitura bat da; bertan, itsas energiaren alorrean diharduten mundu osoko enpresek aukera izango dute garatzen ari diren teknologia ezberdinak ikertzeko eta aztertzeko. Olatuen mugimenduaren energia energia elektriko bihurtzeko gai diren gailu edo tresna horiek itxura eta tamaina ezberdinetakoak dira (ontzi txiki batek duen tamainaren antzekoak, gutxi gorabehera), eta gaur egun tresna guztiak garapen fase berean ez badaude ere, gehien-gehienak eskalara egindako prototipoak dira. Nolanahi ere, gaur-gaurkoz ez da lortu behar den heldutasun teknologikoa ekoizpen elektrikoa merkaturatzeko haien bidez.

Beraz, bimep azpiegituraren helburu nagusia da horrelako tresnak fabrikatzen duten enpresei aukera ematea probatzeko, gailu horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ikertu eta aztertzea ahalbidetzen duena. Hori horrela, itsas energiaren ikerkuntzan munduko erreferente bihurtzeko bidean da bimeb. Gainera, ezagutza zabaltzeko eta inbertsioak sortzeko ezin hobea izango da. Izan ere, Euskadin, itsaso zabalean, ikerketak eta saiakuntzak egiteko gune horren inguruan ezagutza, aberastasuna eta sektore produktibo berriak sortaraziko dira, bai berrikuntza teknologikoari lotuak, bai amarratzeari, mantentzeari eta itsas gailuak funtzionatzeko behar diren zerbitzuei lotuak.

Azpiegiturak izango duen puntako tresneriari esker, eta euskal kostaldeak duen energia-potentziala ertain-handia dela kontuan hartuta, bimepen kokalekua, Armintzako uretan, oso egokia da fabrikatzaileek prototipoak bertan jarri ahal izateko, eta baldintza errealetan probatzeko haien ekoizpen ahalmena, ustiapen kostuak eta teknologia horien mantentze gastuak. Azken batean, gailuen diseinua hobetzeko eta merkaturatzeko faserantz aurreratzeko, balio erantsi handia izango duen informazioa eskuratzeko parada izango dute.

Horiek horrela, bimep azpiegituran egin ahal izango duten olatuen energiaren ustiapena bi eratakoa izan daiteke: denbora laburreko probak eta erakusteko saiakuntzak; azken hauetan, ekipoen portaeraren inguruko ebaluazioak denbora luzeago eskatzen du, bizi-zikloa aztertzeko aukera ematen duen denboran, hain zuzen ere.
Itsas instalazioarekin batera, Armintzan ikerketa zentro bat eraikiko da; bertan, bimep Itsas instalazioan gailuak probatuko dituzten enpresek eta teknikariek eskura izango dute tresneria ugari, itsasotik jasoko dituzten datuen argitan azterketak eta ebaluazioak egiteko material, hain juxtu ere.

Ezaugarri teknikoak

Balizatuta egongo den 5,3 km2-ko azalera edo itsas eremua hartuko du bimep azpiegiturak, lehorretik 1.700 m-ko gutxieneko distantziara. Distantzia hori egokia izango da inguruan amarratuta eta probatzen egongo diren gailuei eragiteko, eroso, arin eta arazorik gabe eragin ere. Eremu horretan debekatuta egongo da nabigatzea.

Itsas azpiegiturak, bimepek, urpeko lau kable izango ditu, amarratzeak edo itsasoko konexio-guneak lehorrean jarriko den sare elektrikoarekin konektatuko dituzten kableak, hain zuzen. Kable horietako bakoitzak 5 MW-eko potentzia izango du, eta amarratze bakoitza urpeko kable baten bidez konektatuko da lehorreko azpiestazio elektrikoarekin. Beraz, guztira, bimepek 20 MW-eko potentzia instalatua izango du, eta olatuen kaptadoreek ekoitziko duten energia elektriko guztia zuzenean bideratuko du lehorreko banaketa sarera.

Kable horiek, teknikoki potentzia-kableak izenez ezagutzen direnak, oso teknologia aurreratuaz egiteaz gain, haien pisuari eusteko diseinatzen dira (25 kg metro bakoitza, 15 kg uretan murgilduta eta 10 cm-ko diametroa). Era berean, instalatzerakoan eta itsas hondoan, funtzionamenduan egoten direnean, izango duten tentsio handiari aurre egiteko diseinatu eta fabrikatzen dira kableak.

Gainera, elektrizitaterekin batera, urpeko kable horien barruan izango diren zuntz optikozko kableek ahalbidetuko dute probetako gailuak etengabe monitorizatzea. Era horretan, une oro eskura izango dira hainbat datu, olatuen energia ustiatzeko teknologien ikerketa eta garapenerako balio handiko datuak izango direnak.

Energia-potentzial egokia

Euskal kostaldeak duen olatuen energia-potentziala ertain-handia dela esan genezake, 24 kW/m gutxi gorabehera. Potentzial horretaz gain,  itsasoa oso oldarkorra ez izatea ere lagungarria da olatuen energia ustiatzeko prototipoak probatu eta ikertzeko gure kostaldean. Ezaugarri horiei esker, aztertu eta probatuko diren gailuek ez dute inolako istripu edo kalterik izateko arriskurik, galera ekonomiko handiak ekar ditzaketenak. Hori horrela, munduan olatuen energiari lotutako teknologien probaleku nagusia izango den bimep azpiegitura kokatuko den itsasoaren edo olatuen ezaugarriak hauexek dira:

• Denboraren %20 itsaso barea edo olatu txikiekin, gailuetara sarbidea izateko aukera ematen duena, operazioak eta mantentze lanak egiteko.

• Denboraren %78 itsaso harrotua edo olatu operatiboarekin, energia aprobetxatzeko denbora tarte luzea dena.

• Denboraren %2 inguru itsaso zakarra edo muturrekoa, oso denbora tarte txiki-txikia dena, eta sistemetan arazoak edo akatsak izateko arrisku gutxi dakarrena.

Euskadin, bimep ikerketa proiektuarekin batera, badira beste egitasmo batzuk martxan olatuen energiaren aprobetxamenduaren inguruan. Horietako bat Mutriku izeneko proiektua dugu, Mutriku herriko kaia babesteko egin berri den dikean garatuko da. Itsas energian aitzindaria den egitasmo horretan heldutasun handia lortu duten zenbait teknologia erabiliko dira. Itsas instalazioak 296 kW-eko potentzia instalatua izango du, eta urtean ekoitziko duen elektrizitate berriztagarria 600.000 kWh izango da, epe horretan 600 tona CO2 atmosferara ez aireratzea ekarriko duena.

 

Informazio gehiago

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • José Ignacio Hormaeche, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta José Gandarias Torres, Elecnor.