Eu

Kontroleko osoko bilkura

2018.eko urriak 05

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, Legebiltzarreko taldeen galdera eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran:

Galdera, Miren Josune Gorospe Elezkano Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2019ko aurrekontu-proiektuaren lehentasunei buruz, Gobernu Kontseiluak urte horretarako onetsitako gidalerroen inguruan.

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du esanez Eusko Jaurlaritzako aurrekontu/ekonomia gidalerroak Giza Garapen Jasangarriarekin eta tokiko eszenarioan eta globalean etorkizunari buruzko ikuspegia definitzen duen Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin lerrokatuta daudela.

Horren haritik, Lehendakariak azpimarratu duenez, 2019 Aurrekontua “errealista eta arduratsua” da, eta nahiko hedakorra, euskal ekonomiaren % 2,6ko hezkundea aurreikusten baitu. Gainera, berrikuntzaren eta inbertsio pribatuaren aldeko apustua aipatu ditu Lehendakariak.

“Inbertsioaren Aurrekontua da hau”, azpimarratu du Lehendakariak. Hala, azaldu duenez, inbertsio gehiago planteatzen ari dira aberastasuna eta kalitateko enplegua sorrarazteko, eta gizarte-politikak eta euskal ongizate-sistema bermatzeko.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Gobernuak duen asmoari buruz Sestaoko La Naval ontziolaren etorkizuna bermatzeko.

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak horretan dihardu eta dragaren eraikuntza Vand Oord-ekin bermatzen saiatzea da lehentasuna; baita La Navalen etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten inbertsioak erakartzea ere, bere likidazio-fasearen ondoren.

Gainera, nabarmendu du estatuko laguntzak debekatuta daudela Europatik; hortaz, proiektu bideragarri eta izaera industriala duen bat eskuartean edukita, orduan BAI aztertu ahal izango luke bere partaidetza Eusko Jaurlaritzak. “Betiere inbertitzaileekin ados jarrita, noski. Betiere kasu horietarako legeria komunitarioak ezartzen dituen baldintzetan, noski”.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2019ko Aurrekontuei buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza babesak bilatzen ari da bi premisetan oinarrituta, “aurrekontuari soilik lotzen zaion negoziazioa da hau eta indar politiko guztiekin negoziatzearen eta adostearen aldekoa da gure jarrera”, adierazi du.

Gainera, Lehendakariak adierazi du partida sozial guztiek izango dutela asignazio handiagoa 2019an. “Aurrekonturik gabe partidak mantendu egiten dira, aurrekontuarekin partida sozialak handitu egiten dira”, azpimarratu du. Era berean, Lehendakariak azaldu du hazkunde-esparru ekonomikoak eta diru-bilketaren eboluzioak aukerak irekitzen dituztela. Hala, gogora ekarri duenez, Gobernua planteatzen ari da, lehenbiziko aldiz, aurrekontu bat onartzea, gastu sozialen lehentasunerako 7.000 milioi euro bideratzeko. “Eusko Jaurlaritzak lanean dihardu Euskadik Europako aurrenetako herrialdea izaten jarrai dezan oreka sozialean”, azpimarratu du.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal talde Popularreko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko konpromisoei buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak defendatu du Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen konpromisoa, Legebiltzar honek bezala, Gernikako Estatutua osorik betetzea dela. “Borondate politikoarekin bete daiteke konpromiso hori. Konbentzituta nago”, azpimarratu du. Hala, nabarmendu du borondate politikoa dela gakoa, “Rajoyren Gobernuarekin lortu ez zena, zeinak, zazpi urte luzez, ez zuen onartu transferentzia bakar bat ere, ezta Konstituzio Auzitegiak eskatuta ere”, nabarmendu du.

Gobernu Zentralak borondate ona erakutsiz egindako deklarazioak aipatu ditu Lehendakariak. Hala, adierazi duenez, zubiak ez dira eraikitzen “debekuekin eta lerro gorriekin”, oinarriak sendotuz eta elkar aditzea lortu arte jarrerak hurbilduz baizik. “Hori izan da joan den urtean, eta aurrekoan, eta aurrekoan lortu genuena. Aurten ere posible da eta positiboa izango da”, azpimarratu du.

Interpelazioa, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Jaizkibel konpainiak jasandako erasoei buruz.

Lehendakariak bere gaitzespena azpimarratu du, baita Eusko Jaurlaritzarena ere, herritar batzuek, aurten, Jaizkibel konpainiaren desfilearen aurrean erakutsitako errespetu faltagatik.

Lehendakariak azaldu du herritarren eskaera dela instituzio publikoek jarrera aktibo bat hartzea soluzioak bila ditzaten, eta Gobernutik horretan ari direla, “baina jarrera konstruktibo bat behar dugu, batez ere, instituzioen, eragileen eta erasandako tokietako, kasu honetan Hondarribiko herritarren aldetik”, azpimarratu du.

“20 urte baino gehiago bizitako gatazka honen irtenbidea elkarrizketa konstruktiboaren eta zintzoaren eskutik etorriko da, elkar aditzea ahalbidetzeko aurreneko pausoa, alegia”, adierazi du Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak