Berriak Hezkuntza
Eu

Euskadiko ereduak Europako Lanbide Heziketaren bikaintasuna markatuko du

2018.eko urriak 03
  • Europako Batzordeak eredutzat hartu du Euskadiko Lanbide Heziketa, Europan bikaintasunezko zentroak garatzeko
  • Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalo Enplegu eta Gizarte Gaietarako Zuzendariarekin elkartu da Bruselan; Lanbide Heziketa eta Ikaskuntza Unitateko taldeekin ere egon da
  • Lanbide Heziketaren Bikaintasunerako Europako Ekimena da egun agenda europarra markatzen duen funtsezko gaietako bat

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok, Plangintza eta Antolaketa zuzendari Nikolas Sagarzazu lagun zuela, Europako Batasunean Enplegu eta Prestakuntza gaiez arduratzen diren ordezkariekin lan bilerak izan ditu gaur goizez, Bruselan. Zehazki, honako hauekin elkartu da Arevalo: Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Gaietarako zuzendari Manuela Geleng-ekin (honen ardurapean daude, besteak beste, Lanbide Heziketa, enplegua sortzea, ekintzailetza edo lanbide-kualifikazio aurreratuak); Lanbide Heziketa, Ikaskuntza eta Hezkuntzako Arlo buru Dana-Carmen Bachmann-ekin, eta honen alboko João Santosekin, bi hauek ere Enplegu eta Gizarte Gaietako Zuzendaritzakoak. Hitzordu hauetan parte hartzaile izan da Marta Marin ere, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaria.

Egiaztaketa asmoz eta Euskadirekiko etengabeko lankidetzan, Europako arduradunak interesaturik daude Euskadiko Lanbide Heziketak egun eskaintzen dituen datu eta emaitza onak zuzen-zuzenean ezagutzeko, baina baita Lanbide Heziketako Euskal Lege berriaren garapenaz edo etorkizuneko Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren ildo estrategiakoez gehiago jakiteko ere. Guztia, egun Europako agenda markatzen ari den funtsezko ekimenetako baten baitan kokaturik: Lanbide Heziketaren Bikaintasunerako Europako Ekimenaren baitan. Izan ere, arlo honetan ongi kokaturik dago Euskadi, euskal Lanbide Heziketak, bere bikaintasunetik eskaintzen dituen esperientzia berritzaileei esker.

Bilera berri hauek joan zen maiatzean eta ekainean Donostian –Hezkuntza Sailak antolaturiko Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuan- izan ziren harremanen ondotik datoz, eta jarraipena ematen diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzak Europako Batzordearekin duen elkarrizketa-harreman berez sendoari. Harreman honetan, Euskadik Lanbide Heziketarako bere estrategia azaldu ohi dio Batzordeari, eremu honetan erreferente baita Europarako.

Lanbide Heziketako bikaintasun zentroak

Bileran, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak Batzordearentzako interes biziko gaia jorratu du Bruselako arduradunekin: Lanbide Heziketako bikaintasunezko zentroen Europako Ekimena abian jartzea, eta abian jartze horretan Euskadik, euskal Lanbide Heziketaren esperientziatik, izan dezakeen lidergoa.

Bikaintasunezko zentroen eredu, sailburuordeak Tknika izan du hizpide, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa. Euskal Lanbide Heziketan giltzarri den zentro hau izaten ari den bilakaera azpimarratu du Arevalok, eremu berri eta gehiagotara hedatzen ari baita, hain zuzen ere, sektore berri eta gehiagori erantzuna emateko helburuz. Teknika –eta berarekin batera Euskadiko Lanbide Heziketa- lanean ari da dagoeneko arlo hauetan: teknologia aurreratuak, sistema adimentsuak, 4.0 inguruneak edo 3D inprimaketa. Baina honako arlo berri hauetan ere aurrera egiten hasia da: biozientziak, bioteknologia eta jasangarritasuna, elektromugikortasuna eta mugikortasun autonomoa, zibersegurtasuna, edo industria eremutik haragoko 3D inprimaketa (osasunean, elikaduran edo ehungintzan). 

Bileran zehar, Euskadiko Lanbide Heziketan gertatzen ari diren aurrerapauso garrantzitsuak ere azaldu ditu Arevalok, hala nola, enpresen eta ikastetxeen arteko elkarlanean, ikastetxeen antolakuntzan gertatzen ari den aldaketan, edo ikasketarako metodologia aktibo berrietan, Errendimendu Handiko Zikloen bidez (ETHAZI). Egun, Lanbide Heziketako eskaintzaren %37 metodologia aktibo hauen bidez eskaintzen da Euskadin, 5.800 ikasle ingururekin eta 1.600 irakasletik gorak emana, nahiz eta dagoeneko 3.500 irakasle inguru izan metodologia berri honetan aritzeko prestakuntza jaso dutenak.   

Aurrea hartzeko gaitasuna

4. Industria Iraultzaren aurrean ageri den gero eta testuinguru konplexuan, gertaerei aurrea hartzeko gaitasuna izatea erabakigarria da. 4 Industria Iraultzak eta aldaketa sakon honekin sortuko diren –edo sortzen ari diren- lanbideek eskatzen dituzten kualifikazio profesional aurreratu berriak antzematea; erronka nagusi horri heldu dio euskal Lanbide Heziketak. Eta horretan ari da Lanbide Heziketaren IV. Planeko ekimenaz aplikatuz, eta aurki onartuko den V. Planak eskainiko dizkion aukeren bidez. Azken finean, pertsonek izango dituzten prestakuntza-premiak garaiz antzematea da kontua, premia horiek lanpostuetan agertu baino lehen. Lanbide Heziketako V. Planaren ildo estrategikoen azalpenak ere bileretako ardatz izan dira.

Arevalo sailburuordearen aburuz, Europako Batzordeari Lanbide Heziketako euskal ereduan gehien interesatzen zaiona da: “Lanbide Heziketako sistema guztia eta ikastetxe guztiak batera doazela aurrera, elkarlanean, zehaztutako ildoei jarraiki, 4. Industria Iraultzak dakartzan erronkei erantzuna emateko. Kontua ez da arlo batean edo bestean nabarmentzen diren ikastetxeak izatea. Sistema guztia da batera aurrera egiten duena, elkarlanean. Horixe da Europako beste esperientzia batzuekin alderatuta guk eskaintzen duguna”.

Lanbide Heziketako euskal Legea

Era beran, Jorge Arévalok Euskadin onartu berri den Lanbide Heziketa Lege berriaren ildo nagusiak ere azaldu dizkie Europako agintariei. Batzordeko ordezkariek Europako legerik berritzaileentzat jo zuten euskal lege hau. Arau berriak gorago aipaturiko 4. Industria Iraultzak eta ekoizpen sektoreek eskatzen dituzten premiei aurrea hartzeko tresna egokia eskaintzen dio Euskadiri.

Gaurko bilerak baino lehen, irailaren 20an, Lanbide Heziketa eta Espezializazio Adimentsuaren inguruko lan saio batean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen Euskadik Bruselatik. Konpetentzien inguruko Europako etorkizuneko Agenda irmotzeko ekimenen barnean antolaturiko saioan, Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendari Rikardo Lamadridek Euskadin arlo honetan gauzatzen ari diren jardunbide egokiak azaldu zituen. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Manuela Geleng, Directora de Empleo y Asuntos Sociales (Comisión Europea)