Eu

GPL eta Creative Commons lizentziak euskaraz eskuragarri daude jadanik, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Aholku Batzordearen lanari esker

2018.eko urriak 03
  • Egile eskubideekin lotutako lizentzia hauek, gehien erabiltzen direnak, gizartearen eskura daude euskadi.eus eta Creative Commons eta GNU fundazioen webguneetan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/10/03            

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskararen Aholku Batzordeak azken hilabeteotan egin duten lanari esker, gaurtik aurrera eskuragarri daude sarean GPL eta Creative Commons lizentziak euskaraz. Bi lizentzia hauek egile eskubideei lotuta daude eta Interneteko erabilienak dira. Pauso honen helburua da euskarak ingurune digitalean duen pisua indartzen jarraitzea.

Aukera berri hau Euskararen Aholku Batzordeak emandako gomendioen ondorioz sortu da; izan ere, 2016an gomendatu zuen GPL eta Creative Commons lizentzien azken bertsioak euskaratzeko pauso guztiak ematea. “Komeniko litzateke Eusko Jaurlaritzak dituen baliabideekin euskararen eta zuzenbidearen ikuspuntutik bertsio hauen eta ondorengoen kalitatezko itzulpenak eta lokalizazioak bermatzea. Kontuan izan behar da itzulpenak eguneratuta izateaz gain, ezinbestekoa dela legislazioaren gaineko bertsioak egokitzea. Horrela, diru-laguntza publikoen esparruan ez ezik, dagoeneko lizentzia hauek erabiltzen dituzten euskal norbanako, enpresa eta erakundeek ere erosotasun handiagoz eta, agian, baita maiztasun handiagoz ere erabiliko lituzkete”, adierazi zuen.

Euskararen Aholku Batzordearen Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde-atalak egindako proposamenari jarraiki, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gehien erabiltzen diren lizentziak aztertu zituen 2017an. Erabilienak aukeratu eta horiek euskaratzeko prozesua abiatu zuen. Horretarako, lizentziak euskaratu, adituekin kontrastatu eta GNU Fundazioak zein Creative Commons Fundazioak ezarritako prozedurak, baldintzak eta epeak bete dira, harik eta argitaratzeko eta gizarteratzeko unea heldu den arte.

Orain, gaurtik aurrera gizarte osoaren eskura izango dira euskaratutako lizentzia bi hauek: Eusko Jaurlaritzako Euskadi.eus webgunean (http://www.euskadi.eus/gpl-eta-creative-commons-lizentziak-euskaraz/web01-a2eutres/eu/) eta Creative Commons (https://creativecommons.org/licenses/?lang=eu) y GNU (http://www.gnu.org/licenses/translations.en.html).

"Urrats berri hau euskarak ingurune digitalean duen presentziaren adierazle garbia da. Gure hizkuntzak eremu honetan duen garapena aurreratua da, hiztun kopurua eta estatusa kontuan hartzen baditugu. Eta horrela da Interneteko euskarazko komunitate dinamiko eta konprometitu baten lanari esker, eta herri-aginteen konpromisoari eta laguntzari esker. Elkarlana da, honetan ere, arrakastaren gakoa", adierazi du Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak