Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Lide Amilibia: “Gaur egungo euskal immigrazio-ereduak fluxuen feminizazio erlatiboa du oinarri”

2018.eko urriak 04
  • Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiaren ‘Migrazioak eta generoa Euskadin eta bere ingurunean’ jardunaldien inaugurazioa
  • Bi egunez, zenbait emakumezko adituk eztabaida eta hitzaldiak emango dituzte, genero-ikuspegia epizentro izanik

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, zera esan du: “gaur egungo euskal immigrazio-ereduak fluxuen feminizazio erlatiboa du oinarri”. Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiak antolatu duen ‘Migrazioak eta generoa Euskadin eta bere ingurunean’ jardunaldien inaugurazio-ekitaldian izan da sailburuordea, Bilbon. Bere hitzetan Euskadin dagoen Atzerriko Jatorriko Etorkinei eginiko Inkesta aipatu du eta zera esan du: “emakumeek okupazio handiagoa dute gizon etorkinek baino”; lan horiek zaintzetan oinarritzen dira, bereziki.

“XX. mendeko berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan, Euskadin industriak eskulana behar zuen; hori dela eta, hainbat gizon heldu ziren Espainiatik eta horiek, ondoren, batetik, familiarteko eta lagunei deitu zieten eta, bestetik, familiak osatu zituzten. Gaur egungo immigrazioan familiak eta zerbitzu-sektoreek eskatzen dute eskulan hori eta, hori dela eta, aldi berean beste emakume batzuk erakartzen dituzten emakumeak iristen dira eta gero familiak taldekatzen dituzte”, esan du sailburuordeak.

Hori guztia dela eta, Euskadin “emakumezko etorkin gehiago dago gizonezko baino”, esan du Amilibiak. Ondorioz, “emakumeei zuzendutako neurrien presentziak oso esanguratsua izan behar du politika publikoetan, besteak beste, “2018-2020 Herritartasunaren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan  jarduteko V. Plan”ean. Plan horren zeharkako printzipioa genero-perspektiba da, “izan ere, atzerriko arbasoak, jatorria eta/edo nazionalitatea duten emakumeek bazterketa ugariko egoerei egin behar diete aurre: emakume direlako, etorkin atzerritar direlako, langile direlako, batzuetan dokumentazio erregularra ez dutelako, gure hizkuntzak ez dakizkitelako etab.”.

Sailburuordearekin batera, Gorka Moreno Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak eta Simón Peña Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak Ikuspegik gaur eta bihar antolatu dituen jardunaldiak inauguratu dituzte, Bizkaia Aretoan.

Jardunaldietan hamabi bat aditu izango dira, eta horiek migrazioaren fenomenoa genero-ikuspegitik aztertuko dute. Sònia Parella Universitat Autònoma de Barcelonako Soziologia Saileko irakasle agregatua; Raquel Martínez Buján Universidade da Coruñako irakaslea eta nazioarteko migrazioen soziologia-taldeko (ESOMI) kidea; Sortzeneko Norma Vázquez; Mujeres del Mundoko Aura Vasquez; Ellacuría-SJM fundazioko Claudia Favela; Trinidad Vicente Deustuko Unibertsitateko irakaslea; Laia Narciso EMIGRA / CER-Migracions, Universitat Autònoma de Barcelonakoa eta Lucía Mbomío kazetaria. Ernesto Sainz Sònia Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak itxiko ditu jarduerak bihar.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak