Berriak Lehendakaritza
Eu

Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko inbertsio eta ekintza berri bakoitza “pauso garrantzitsua” dela azpimarratu du Lehendakariak

2018.eko urriak 03
  • Euskadi, aurten, % 2,6 hazi da produkzio industrialean eta %2 enpleguan.
  • Eskualde desfaboratuak suspertzeko jarduketa berriak aurkeztuko ditu hemendik gutxira Eusko Jaurlaritzak

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Winoa taldearen altzairugintzako planta berriaren inaugurazioan izan da.

Balmasedan izan da ekitaldia, eta bertan izan dira Bizkaiko Diputatu Nagusi Unai Rementeria, Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Foru Diputatu Imanol Pradales eta Balmaseda Alkate Álvaro Parro.

Bere jardunean, Lehendakariak azaldu duenez, Euskadi, aurten, % 2,6 hazi da produkzio industrialean eta %2 enpleguan. “Inbertsio bakoitza eta jarduera berri bakoitza garrantzizkoak dira. Gure garapenari egiten dioten ekarpenagatik eta, gainera, konfiantza zabaltzen laguntzeagatik dira garrantzitsuak”, azpimarratu du. Era berean, Lehendakariak azpimarratu duenez, “Garrantzitsua da jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren alde Herrialde honetan ematen dugun pauso bakoitza”.

Eusko Jaurlaritzak inbertsiorako defendatzen duen hurbiltasun- eta babes-eredua ere nabarmendu du Lehendakariak. “Planta berri hau gertakari bat da, elkarrekin egin dezakegunaren erakusgarri bat: Udalek, Foru Diputazioak, Eusko Jaurlaritzak eta enpresa-sektoreak”, gaineratu du. Ildo horretatik, Lehendakariak jakinarazi duenez, eskualde desfaboratuetako ekonomia suspertzeko ekintzak aurkeztuko dituzte hemendik gutxira. “Ez da erraza izango baina irmoa da gure apustua, Enkarterrietako jarduera ekonomikoa eta enplegua dinamizatu nahian gabiltza eta ondo funtzionatzen diharduen lankidetza-eredu bat dugu”, nabarmendu du Lehendakariak.

Bestalde, instituzio publikoek bultzatutako enpresa-eredu inklusiboa eta partaidetzazkoa gogora ekarri du Lehendakariak, “berrikuntzaren eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten duena, kanpora begiratzen duena eta bere ingurunearekin konpromisoa hartua duena”, zehaztu du. Bestalde, Balmasedako eta Enkarterrietako inguruko sektore tradizionaletan izan den krisi ekonomikoaren ondorioak aipatu ditu Lehendakariak eta, zentzu horretan, ongietorria egin dio plantari eta jarduera lehiakor eta etorkizuneko bati.

WINOA IBÉRICAREN INSTALAZIO BERRIA

Winoa Ibéricaren instalazio berria bere alorreko mundu mailako modernoena da eta modu iraunkor eta eraginkorrean erantsitako balio handiko altzairu-granaila ekoizten du. Multinazionalak 20 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu instalazio hauetan.

Fabrikak 30.000 metro koadroko azalera okupatzen du eta bertan beraien artean elkarri lotutako lau nabe eraiki dira, ekoizpen prozesuetako distribuzio eta komunikazioa hobetzeko asmoz. Induziozko labeak, tratamendu termikorako labeak, baheketatako instalazioak eta biltegiratzerako eta paketatzeko uhal garraiatzaileak ditu. Gainera, instalazio osagarriek, uraren kontrolerako eta airearen tratamendurako eskura den teknologia txertatu dute.

Bizkaiko fabrika bere prozesuen iraunkortasunagatik da ezaguna, granaila ekoizteko, birziklatutako iturrietako altzairua erabiltzen duelako. Bezeroek behin erabilita, berriz ere prozesatzen da, kontsumorako prest dagoen urratzaile berri bat lortzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak