Eu

Hitzarmen bana onartu da Bilbon gazteentzako 66 apartamentu eta zortzi etxebizitza sozial eraikitzeko (Gobernu Bilera 2018-10-02)

2018.eko urriak 02

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolari Bilboko Udalarekin alokairuko etxebizitza publikoen bi sustapen eraikitzera bideratutako hitzarmen bana izenpetzeko.

Lehen sustapenean, gazteentzako 66 apartamentu eraikiko dira Zorrozaurreko eremuan, zuzkidura-bizitokien formulapean. 35 urtetik beherako pertsonei zuzenduta daude, eta, ahal bada, Bilbon erroldatuta daudenei.

Zuzkidura-bizitokiak aldi baterako etxebizitza-soluzio gisa pentsatuta daude, bertan bizi direnak bost urte egon baitaitezke gehienez. Ezaugarri horiek aproposak dira gazteen etxebizitza-premiei lehentasunez erantzuteko.

Bigarren sustapenean, berriz, alokairu sozialeko 8 etxebizitza eraikiko dira Deustuko eremuan. Etxebizitza horiek ere 35 urtetik beherako pertsonei zuzenduta daude.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bi sustapen horiei lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-obrak egingo ditu 4 urteko epean, Udalak eskritura publikoan lurzatien doako lagapena formalizatzen duenetik aurrera zenbatzen hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko