Eu

500.000 euro nekazaritzako eta basogintzako elkarteei laguntzeko (Gobernu Bilera 2018-10-02)

2018.eko urriak 02

Euskadiko Landa Garapeneko 2015-2020 Programaren barruan sartuta daude laguntzak, eta lehen sektorean enpresen elkartegintza eta lankidetza bultzatzeko helburua dute

Nekazaritzako eta basogintzako ekoizleen elkarteak edo erakundeak sortzeko eta  horien batasunak eta federazioak eratzeko Landa Garapeneko 2015-2020 Programaren barruan aurreikusten diren laguntzak 2018ko ekitaldirako iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak, azken kontseilu bileran. Eusko Jaurlaritza lehen sektorean enpresen elkartegintza eta lankidetza bultzatzeko egiten ari den politikaren esparruan ematen den beste urrats bat gehiago da.

2018rako aurreikusten diren laguntzak finantzatzeko, 500.000 euro erabiliko dira, eta horietatik 400.000 euro FEADERen kontura izango dira eta gainerakoa, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura.

Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte nekazaritza eta basogintzako sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek, eta horien batasunek edo federazioek, 2015etik aurrera eratu eta hala aitortuak izan badira eta eskakizun guztiak betetzen badituzte, esaterako hauek:

  • Ezingo dira enpresa txiki eta ertainen kategoriari dagokiona baino tamaina handiagokoak izan.
  • Ekoizpenaren zati bat elkarteko kideen artean saltzea.
  • 5 urterako enpresa plan bat edukitzea, salmenten eta fakturazioaren aurreikuspenekin

Lehiaketa izango da laguntzak emateko prozedura. Laguntzetara bideratutako diru kopuruarekin aurkeztutako eskaera guztiei erantzuterik ez balego, baremo honen arabera puntuaziorik altuena lortu duten eskaerei emango zaizkie laguntzak:

  • Jada eratuta eta aitortuta dauden ekoizleen elkarteek edo elkarte horien batasunek egindako eskaerak, 20 puntu.
  • 5 urterako negozio planean euren produktuen salmenta bolumena handitzea aurreikusten duten ekoizleen elkarteek edo elkarte horien batasunek egindako eskaerak, 10 eta 6 puntu artean

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari helaraziko zaizkio, eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren bulegoetan, Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastian kaleko 1ean, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusten dituen lekuetako edo edo formetako edozeinetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko