Berriak Lehendakaritza
Eu

Konstituzio Auzitegiaren epaiak Etxebizitzaren Legea osorik garatzea ahalbidetzen duela dio Eusko Jaurlaritzak

2018.eko urriak 02

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola lagun zuela, agerraldia egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluan heldu zaizkien gaien kontu emateko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak positibotzat jo du Konstituzio Auzitegiak eman berri duen epaia 2015eko ekainean Legebiltzarrak onetsitako Etxebizitzaren Legeari buruz. “Lege horrekin berretsita garatzen dira etxebizitzaren funtzio soziala eta berau arautzeko Autonomia Erkidegoaren eskumen osoa”, gaineratu du.

Bestalde, azaldu du baliozkotu egiten dela, inolako mugarik gabe, Eusko Jaurlaritzak duen ahalmena funtzio sozial hori betetzen ez duten etxebizitza hutsen gainean jarduteko; bai etxebizitza bat noiz har daitekeen etxebizitza hustzat zehazteko garaian, bai etxebizitza horien okupazioa sustatzeko edo erabilerarik eza zigortzeko aurreikusitako tresnetara jotzeko garaian. “Etxebizitzaren Legea bere funtsezko alderdi guztietan aplikatu ahal izango dugu segurtasun juridiko osoz”, azpimarratu du.

GAZTEENTZAKO ETXEBIZITZAK BILBON

Erkoreka bozeramaileak jakinarazi duenez, gainera, Gobernu Kontseiluak baimendu egin du Bilboko Udalarekin bi hitzarmen sinatzea, Zorrotzaurren eta Deustun alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko. Hala, sailburuak azaldu duenez, 74 apartamentu eraikiko dira 35 urtetik beherako pertsonei alokatzeko, eta gaineratu du aldi baterako etxebizitza-soluziotzat hartzen diren alojamenduak izango direla, apartamentu horiek hartzen dituztenek ezin izango baitute bost urte baino gehiago bertan bizi. “Ezaugarri egokiak dira horiek aurreneko etxebizitza bat izateko gazteen premiei lehentasunez erantzuteko”, nabarmendu du Erkorekak.

TURISMOA 

Bestalde, gaurko saioan, Josu Erkorekak jakinarazi du onartu egin dela Euskadiko merkataritzari zuzendutako laguntzen programa berri bat abian jartzea. “Euskadiko autonomoen eta enpresen ekintzailetza komertziala sustatu nahi dugu”, zehaztu du. Hala, azaldu duenez, onartu egin da 2,2 milioi euroko aurrekontua, lehenbiziko aldiz jarduera komertzial bati ekiten diotenen nahiz dagoeneko saltoki bat edukita euren lan-lerroa handitu nahi dutenen ekintzailetzan laguntzearren. Berritasun gisa, Erkoreka sailburuak adierazi du programa berritzaile bat dela, % 50eko erreserba baitu emakumeen ekintzailetzarako. 

IKERBASQUE

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, baimendu egin da subentzio zuzen bat Ikerbasque Fundazioari zuzendua, bikaintasunezko ikerketa babesteko. Sailburuak azaldu du 1,1 milioi euro bideratuko dituztela “Bihar Proiektua” garatzeko; gune berri bat izango da ikerketa-taldeentzat UPV/EHUko Parke Zientifikoan, Leioan. “Ikertzaile berriak gehitzeari erantzun malgu eta bizkor bat ematea da helburua”, adierazi du.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak