Eu

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartu duten ehun gazte inguru Asiatik, Afrikatik eta Amerikatik bueltatu dira, lanean hiru hilabete eman ondoren

2018.eko irailak 29
  • Urrian, 18 GGKErekin batera, egindako lanak ebaluatuko dituzte

 

VG 2018 09 29

Udako hiru hiletan zehar ahultasun-egoeran dauden herri eta gizarteen garapenerako lankidetzarako lanak egiten jardun ondoren, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun gazte parte-hartzaile inguru –% 70 emakumea izan da– Euskadira itzuli dira. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Marcos Muro Sailburuordea eta Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak, urrian, udan boluntariotzako euskal taldeek haurrei, irakaskuntzari, adinekoei eta indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza emateko eginiko lanak ebaluatu eta prestatzeko jardunaldietan parte hartuko dute.

 

Aste honetan itzuli dira, azken hiru hilabeteak xede-herrialdean eman ondoren, besteak beste: Peru, Mexiko, Kolonbia, Ekuador, Bolivia, Guatemala, Honduras, Haiti, Senegal, Kamerun, Mozanbike, Filipinak eta India.

 

Guztira 99 gaztek parte hartu dute, 700 hautagairen artean aukeratu ondoren, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren 26. edizioan. Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak zera nabarmendu du: “kooperante-taldeak hainbat jardueratan parte hartu du hiru hilabeteotan, batik bat izaera sozialekoetan”.

 

Nabarmentzekoa da euskal gazteen parte-hartzea hezkuntza-lanen sustapenean, osasuna sustatzeko eginkizunetan, haur-irakaskuntzan, emakumeen ahalduntzean eta horiek ikusaraztean, energia- eta ingurumen-ingeniaritzan, gizarte-zientzietan, komunikazioan eta ikus-entzunezko teknologian, musika-ikasketetan eta enpresa-kudeaketan, besteak beste.

 

Eusko Jaurlaritzak babestutako laguntza-proiektuak antolatzen dituzten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak honako hauek dira: Hermanas Pasionistas, Serso San Viator de Euskal Herria, Foro Rural Mundial, Fundación Ayuda Más, Xenofobiaren Aurka Taldea, Berdinak gara, Solidaridad Internacional, Haurralde Fundación, Fundación Jóvenes y Desarrollo, Arquitectos sin Fronteras, Fundación Benito Menni, Medicus Mundi Bizkaia, Ayuda en Acción, Hegoaizia, Asociación Africanista Manuel Iradier, Taupadak, Mozambique sur, Juan Ciudad Fundazioa GGKE eta Fundación Jóvenes y Desarrollo.              

 

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak helburu du Euskadiko gazteak hego-hemisferioko herrialdeetan garapenerako lankidetzan jarduteko ekintzetan sentsibilizatzea eta euskal gazteetan herrien eta gizarteen arteko elkartasunaren kultura sustatzea. 

 

Urrian, taldeak, asteburu oso batez, Arabako Barriako aterpetxean parte hartuko du eginiko lanen ebaluazioan, 20 GGKE sustatzaileekin batera; bertan, ideiak eta ekarpenak egingo dira, etorkizuneko edizioetarako.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak