Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Emilio Solak azpimarratu duenez, Zorrotzan “Gune publikoak parte-hartzean oinarrituta eraldatzeko” abian jarritako ekimenaren bidez “adinekoek, haurrek eta gazteek belaunaldien arteko gizarte hobea garatzen dute”

2018-09-28

 

  • Plazaren birmoldaketa, merkataritzaren izaera berria eta “hiri lagunkoirako” ideien aurkezpena

Bilbo 18 09 28

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuen zuzendari Emilio Solak azpimarratu duenez, Zorrotzan (Bilbo) “Gune publikoak parte-hartzean oinarrituta eraldatzeko abian jarritako ekimenaren bidez adinekoek, haurrek eta gazteek belaunaldien arteko gizarte bat garatzen dute”. 

 

Hiri-berrikuntza egiteko eta plazak eta kaleak belaunaldien arteko bizikidetzari lotutako ideia eta joera berrietara egokitzeko proiektuaren faseak aurkezteko ekitaldian, “herritarren parte-hartzean oinarritutako Bherria proiektuaren ideian” kokatu ditu Solak Zorrotzan egiten ari diren urratsak. “Saltokiak lagunkoitzat hartzen dira, eta lagunkoiak dira benetan, arduradunak adin guztietako pertsonei (eta, bereziki, adinekoei) arreta egokia eskaintzeko teknika eta prestakuntza berriez hornituta baitaude, eta hori zoragarria da!”.

 

Zorrotzak bizi duen eraldaketak Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailaren “Bilbao Gazte Balioak Martxan” saria jaso du. Ekimenaren sustatzaileak Zorrotzako Auzo Elkartea, IMQ Igurco Zorrozgoiti eguneko zentroa eta egoitza, Gure Lurra sozietatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/UPV) dira.

 

 “Helburua plaza suspertzea eta auzoko gazteek eta adinekoek kulturarteko gune batean parte hartzea da”, azpimarratu du Solak Zorrotzako ekimena aurkezteko balio izan duen eta protagonista gisa auzotarrak dituen bideoa ikusi ondoren.

 

Parte-hartzean oinarritutako gizarte-berrikuntzako proiektu bat da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde batek planteatu du, Zorrotza auzoko gune publikoaren auzo-erabilera eta belaunaldi arteko erabilera hobetzeko. Proiektuan, adin guztietako pertsonek parte hartu dute, txikienekin hasi eta IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzako adinekoekin amaitzeraino.

 

IMQ Igurco Zorrozgoitiko gizarte-langile Naiara López de Guereñoren ustez, “arrakasta handia izan du, eta agerian uzten du hainbat elkarte, kolektibo eta belaunaldi dituen Zorrotza auzoan herritarren parte-hartzea bertako biztanleen ezaugarri bereizgarrietako bat dela; halaber, auzoaren barruan sustatzen den balioa da, eta oso bide egokia herritarrek ingurunean hautematen dituzten eta auzotar guztien (adina edo bizi-zirkunstantziak edozein izanik ere) bizi-kalitatea hobetu dezaketen mota orotako iradokizunak erakunde publikoei helarazteko”.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)