Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun sailburuak Polizia Legea aldatzeko proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

2018.eko urriak 03

Testuan Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodearen erreferentziak eguneratzen dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzea aurreikusten da

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Batzordearen aurrera agertu da, berak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea bosgarrenez aldatzeko proiektua azaltzeko, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirrek eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Eugenio Artetxek lagunduta.

Polizia-eredua indartzea; polizia-kidegoetan berdintasuna eta emakumeak sartzeko eta lan-mailaz igotzeko diskriminazio edo ekintza positiboko neurriak sustatzea; eta Ertzaintzako lan-karrera hobetzea dira Gobernu Bilerak ekainaren 26an onartu zuen testuaren ardatz nagusiak.

Lehenengo helburuan, polizia-eredua indartzeko helburuan, sartzen diren neurrien artean Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodea integratzea dago, eta 5, 6 eta 7 artikuluetan, 28.2 artikulu berrian eta 30 bis artikulu berrian dago jasota. Era berean, lege-proiektuan zerbitzua ebaluatzeko eta hobetzeko mekanismoak indartzen dira, diziplina-araubidea ere aldatzen da, poliziaren eta herritarren arteko nahitaezko elkarreragina jasotzen da kexak tratatzeko mekanismoak ziurtatuz, eta Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzen da (6. artikulutik 14ra).

Polizia-erakundearekiko autonomia funtzionala izango duen erakunde iraunkor hibrido bat, da, pertsona espezializatuz osatua, polizia-adituak barne direla. Batzordearen funtzioa honako hau izango da: Ertzaintzaren edo udaltzaingoen baitako jokabideak eta jardunbideak aztertzea, organo eskudunek eskatuta, herritarrek horien inguruko kexak badituzte edo herritarrek poliziarekiko duten konfiantzan eragina badute. Gainera, esku-hartze edo operatibo polizial baten testuinguruan norbait hiltzen bada edo larriki lesionatzen bada, gorabehera horiek ofizioz ikertuko ditu.

Legearen proiektuak, halaber, euskal poliziarako kideak aukeratzeko eta kidegoetara sartzeko prozesuekin lotutako alderdi batzuk hobetzen ditu, eta orain arte erregelamendu batean jasota zeuden betekizunak lege formal baten mailako arau baten bidez arautzen ditu. (55. art.)

Horrez gain, onartutako testuan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia hautaketa-organo iraunkor gisa jasota dago, eta, era berean, toki-erakundeek eskatuz gero, udaltzaingoetan sartzeko hautaketa-prozedurak egiteko aukera ematen zaio, baita batzuk Ertzaintzarenekin batera egitekoa ere. (48.1. art.)

Hobekuntzen bigarren ardatza, funtsean, emakumeak polizia-kidegoetan sartzeko diskriminazio edo ekintza positiboko neurriak abiaraztean datza, betiere Europako legedi eta jurisprudentziaren parametroen eta eskakizunen barruan, gaur egungo presentzia handitzeko helburuarekin.

Hala, adibidez, polizia-kidegoetako emakumeentzako lan-sustapeneko planak arautzen dira, kidegoetara sartzeko eta lan-karrerarako aukera-berdintasuna bermaturik izan dezaten, dagokiena baino ordezkaritza urriagoa izatea zuzentzeko eta poliziaren eraginkortasuna handitzeko. (47 bis.2 art.)

Nabarmentzekoak dira, berriak direla-eta, txanda libreko hautaketa-prozeduretan ezarriko diren emakumeen aldeko ekintza positiboko neurriak. Horien ondorioz, zenbait egoeratan emakumezko hautagaia gizonezkoaren gainetik hobetsiko da, Europako Erkidegoko jurisprudentziak lege-aurreikuspenei, proportzionaltasunari eta arrazoizkotasunari dagokienez exijitzen dituen parametroen kontra jo gabe. (47 bis art.)

Azkenik, erreformen hirugarren ardatzaren barruan, Ertzaintzako lan-karrera horizontalaren arauketa sartzen da. Horrek esan nahi du kategoria bakoitzean aurreikusitako lan-garapen mailetara finkatutako urteetan eta eskatutako lan-gaitasunak egiaztatuta igarotzeko ezagutza-mekanismo bat ezarriko dela.

Barne-sustapenaren arloan, karrera administratiboaren alde egingo da, kategoriaz igotzeko zerbitzu-urteen kopurua txikituz. Beste alde batetik, barne-sustapen prozeduretan parte hartzeko hiru deialdiko muga ezabatu egin da eta seme-alaben edo senideen zaintzagatik, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu bereziengatik eszedentzian dauden pertsonak barne-sustapen prozesuetara aurkeztea onartuko da (59.3 art.). Horrez gain, ezagutza bereziak eskatzen dituzten Ertzaintzako espezialitateen araubidea arautu da eta gutxieneko eta gehieneko iraupena izango dute. (43 eta 65 bis art.)

Superintendente-kategoria kenduko denez, Ertzaintzako erantzukizun handieneko postuak eskuratzeko eta betetzeko prozesua bizkortuko da, lanpostuak betetzeko prozedura arrunten bidez. (105. art.)

Egoera administratiboei dagokienez, gaur aurkeztutako proiektuan zerbitzu aktiboa arautzen da, adinaren arabera modelatuta; hau da, zerbitzu aktiboarekin jarraituko da, norbere egoerarako egokiak diren zereginak eginez (85 eta 87 art.). Bestalde, gutxiegitasun psikofisikoarekin lotutako bigarren jarduerako egoera administratiboa ere arautzen da (66, 81, 86 eta 87 art.).

Gizarte-babes eta -errekonozimenduko neurrien artean, lehenengo aldiz, dominak eta ohorezko sariak emateko erregimena jasotzen da legean, zerbitzu-ekintzan hildakoak edo erretiroa hartu dutenak ohoratzeko dagokien kategoria baino maila bat gorago igotzeko aukera barne hartuta. (80. art.)

Proiektuan, diziplina-araubidearen gaineko aldaketak ere jorratzen dira. Hala, behin eta berriz egindako sexu-jazarpenaren eta lan-jazarpenaren arloan falta oso astun berriak eta polizia-bideokameren erabilera-araubideari buruzko arau-hausteak sartzen dira. (92.2 art.)

Gaur onartutako testuan, zehapenen zerrenda modulatu da eta espedientepean dauden pertsonen bermeak indartu dira, deklarazioak ez egiteko, beren buruaren kontra ez egiteko, beren burua erruduntzat ez jotzeko eta errugabetasun-presuntzioa izateko eskubideei dagokienez, bai eta prozeduraren izapideen egoeraren berri izateko eskubideari dagokionez ere. (93. art.)

Udaltzaingoei dagokienez, indarrean dauden jardunbide batzuei erantzun juridikoa emateko askotariko neurriak aurreikusten dira proiektuan, esaterako: udaltzaingoak udalerritik kanpora jarduteko aukera, tokiko agintariak babesteko funtzioak gauza ditzaten (27.4 art.). Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak antolatutako oinarrizko ikastaroak gainditu dituztenekin lan-poltsak osatu ahal izatea aurreikusten du, toki-korporazioen eskariei erantzuteko eta bitarteko funtzionarioek prestakuntza jaso ahal izateko. (120. art.)

Era berean, udaltzaingoen egitura profesionala aurreikusten da testuan; udaltzaingoa ez duten udalerrietarako, berriz, aguazilaren figura arautzen da (117. art), eta mugikortasun-agentearena, herrigunean zirkulazioa arautzeko. (121. art.)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak