Elkarlan Sariak
Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Covadongan definitu du España Verde markak bere estrategia turistikoa eta Deklarazio Instituzional bat egin du Turismoaren Nazioarteko Egunean

2018-09-28

Kantabriako, Euskadiko, Galiziako eta Asturiasko ordezkariak Turespaña-ren ondoan bildu dira turismoa batera sustatzen aurrerapausoak emateko

Gaur goizean, elkarraldi baten harrera-leku izan da Covadonga. Bertan izan dira España Verde marka turistikoa osatzen duten lau autonomia erkidegoetako ordezkariak, eta baita Espainiako Gobernua ere, Turespaña erakundeak ordezkatua. Elkarraldian, Deklarazio Instituzional bat onetsi dute Turismoaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Printzerriak proposatuta, bera baita aurten marka koordinatzen diharduen erkidegoa.

Lau erkidegoek, Turespaña erakundearekin batera, ondokoa nabarmendu dute Deklarazio Instituzionalean: “bat datoz etorkizunari buruz duten ikuspegian, non Turismoa irmotu behar den ekonomiaren hazkundearen eta enpleguaren oinarrietako bat bezala”, eta gainera “jasangarritasunaren funtsezko elementu izan behar du, trukea eta eraldaketa soziala sustatuko dituena, eta jarduera ekonomikoa kulturaren, gizartearen eta ingurumenaren balioekin integratuko duena”.

Bestalde, beste puntu batzuetan aurrera egiteko aukera eman du lan-saioak, besteren artean: España Verde marka sendotzea eta nazioarteko merkatu nagusietan baterako neurri promozionalak martxan jartzea.

Hala, ekitaldi honetarako programatutako inbertsioa ‒200.000 euro‒ nabarmendu da elkarraldian; inbertsio horren bitartez, ingreenspain.es webgunea martxan jarri ahal izan da eta profil espezifikoak sortu ahal izan dira sare sozialetan, hainbat merkatutan ‒Frantzia, Alemania, Britainia Handia eta Italia, besteren artean‒ burututako promozio-ekintzez gain.

Bestalde, aurreratu egin dituzte urtearen azkeneko hiruhilerokorako planifikatutako ekintzak, haien artean, World Travel Market azokan parte hartzea, Londresen, azaroan; eta nazioarteko turismo-operadoreen eta kazetari espezializatuen bidaiak antolatzea.

Elkarraldi horrekin batera, bilera bat egin dute erkidego bakoitzeko turismoko enpresa-elkarte adierazgarrienek, eta bilera amaitu ondoren elkartu dira España Verde markako ordezkari instituzionalekin.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)