Berriak Lehendakaritza
Eu

Gerra Zibilaren 86 biktimari eman diete “memoria demokratikoan merezi duten lekua”, Eusko Jaurlaritzak, Kantabriako eta Asturiasko Gobernuek

2018.eko irailak 29
  • Jonan Fernández: “Ahalik eta pertsona desagertu gehienak berreskuratzeko, gertatutakoaren egia argitzeko eta haien memoria gordetzeko ahaleginean jarraituko dugu”
  • 86 biktimen izenak biltzen dituen plaka oroigarri bat desestali dute

1937ko udan Limpias-eko (Kantabria) hilerrian ehortzitako Gerra Zibilaren 86 biktima “gogoratzeko eta omenaldi egiteko" ekitaldian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzak, Kantabriako Gobernuak eta Asturiasko Gobernuak. Haien familiek inoiz ez zutenez inolako informaziorik jaso, Jose Antonio Larrinoak egindako bilaketa-lanari esker aurkitu da desagertutakoen izenak jasotzen dituen zerrenda. Omenaldian biktimen senideek ere parte hartu dute eta plaka bat desestali dute, biktimen izenak jasotzen dituena haien memoria ohoratzearren.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernández eta Gogora Institutuko Zuzendari Aintzane Ezenarro izan dira ekitaldian. Kantabriako Gobernuaren aldetik, Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko Sailburu Javier Fernández eta Kulturako Zuzendari Nagusi Eva Ranea; eta Asturiasko Printzerriko Gobernuaren aldetik, Justiziako Zuzendari Nagusi Encarnación Vicente. Limpiaseko alkate María del Mar Iglesias eta berrogeitik gora senide ere izan dira ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernándezek adierazi duenez, ekitaldi honek hauxe esan nahi du, “biktimak ahanzturatik ateratzea eta gure herrialdeko memoria demokratikoan merezi duten lekua ematea”. Fernándezek aitortu egin du “askatasunarekin hartutako konpromisoa”. Bere jardunean, Jonan Fernándezek eskerrak eman dizkie senideei, eta zehazki Jose Antonio Larrinoari, bilatzen jarraitzeko hartu duen konpromisoagatik. “Ahalik eta pertsona desagertu gehienak berreskuratzeko, gertatutakoaren egia argitzeko eta haien memoria gordetzeko ahaleginean jarraituko dugu”, ziurtatu du Fernándezek.

EKITALDIAREN GARAPENA

Ekitaldia 11:00etan hasi da Limpiaseko hilerriaren aurrean, eta Kantabriako sailburu Fernández Mañanesek egin die bertaratuei harrera. Gero, ordezkari instituzionalen jardunen ondoren, Gogora Institutuak landutako bideo bat proiektatu da, 86 biktimen senideen hainbat testigantza jasotzen dituena. Ondoren, hilerriaren barruan, plaka oroigarri bat desestali dute, gertakari tragiko hura pairatu zuten pertsonak gogora ekartzeko.

HISTORIA

2017ko abuztuan, Alonsotegiko auzotar bat, José Antonio Larrinoa, Limpias udalerriko parroko Víctor Santosekin jarri zen harremanetan, haren osaba Juán Larrinoa non zen jakin nahian, aztarrenen bila zebilenean; Limpias-en hil zen gerra garaian eta familiak ezin izan zituen haren gorpuzkiak berreskuratu. Egun hartan, Victor Santosek parrokiako hildakoen liburuetako batean aurkitu zuen Juan Larrinoa izena beste batzuenarekin batera, garaiko apaiz ekonomo Gregorio Ungo Anguloren ohar batekin, zehaztuz haiek guztiak Limpiaseko hilerrian ehortziak izan zirela. Zerrenda horri eta ondoren egin izan diren ikerketei esker jakin izan da gutxienez 86 pertsona, Gerra Zibilaren biktima, daudela hilerri horretan ehortziak.

Oharretan, hildakoei buruzko informazioa jaso zuen: jatorria, adina, senideak bazituzten, heriotzaren zirkunstantziak… eta horrek eman du aukera jakiteko, besteren artean, 48 euskaldun daudela (jatorriz EAEkoak edo senideak dituztenak gaur egun Euskadin bizitzen) edo haietako batzuk Limpiaseko Eguilior jauregian hil zirela, Paradore Nazionala orain, 1937ko udan, atzeguardiako ospitale izandakoa eta aterpetxe ere izan zena, bonbardaketetan populazio zibilaren babesleku. 22 familiarekin harremanetan jartzea lortu da: Euskadiko 18 , Kantabriako 1 eta Asturiasko 3.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak