Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gizarte elkarrizketaren mahaiak hurrengo urteetarako laneko segurtasun eta osasunerako estrategia adostu du

2011.eko otsailak 16

"Etorkizuneko enpresak dira beren langileekin sozialki arduratsuak direnak", Laneko sailburuorde Sonia Pérezek azpimarratu duenez

Lanbide-gaixotasun ezkutuen detekzioa Planeko jarduera-ildo nagusietako bat da

Laneko sailburuorde Sonia Pérezek laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan Eusko Jaurlaritzaren jarduna hurrengo lau urteetan zehaztuko duen plan estrategikoa aurkeztu du Gasteizen.

Plana egiteko, gobernuak kontuan hartu ditu gizarte-elkarrizketaren mahaian aurkeztutako eragile soziolaboralen (CCOO, UGT eta Confebask) ekarpenak; eta "hurrengo urteetarako gida izango den" estrategiaren terminoak erabaki ditu eragile horiekin, sailburuordeak adierazi duenez.

"Adostasunak borroka garaitzen duenean, errentagarritasuna begi-bistakoa da denentzat. Horregatik, gizarte-eragileen ekarpena gako-elementu bat da erantzunak emateko unean, baina erantzun horiek aplikatzean baterako erantzukizuneko eta autoeskakizuneko konpromisoa dakar halaber", adierazi du Sonia Pérezek.

2011-2014ko laneko segurtasun eta osasuneko euskal estrategiaren oinarrian dagoen sinismena da "prebentzioa enpresa-kudeaketaren gako elementu bat dela". Gai horri buruz egindako kontsultek sentsibilitate handia adierazten dute segurtasunaren eta osasunaren inguruko prebentzioaren garrantziari dagokionez, baina badirudi euskal gizarteak ez dituela ondo bereizten horren jardun-eremuak.

Horregatik, planaren idazleek ezinbestekotzat jo dute "gizarteari mezu argiak eta errazak" helaraztea, istripuak "saihestezin gisa ikusi ordez, landu behar diren akats eta okerren ondorio gisa ikus daitezen". Era berean, enpresek eta langileek kontuan hartu behar dute lan-arriskuen prebentzioa "ez dela karga bat, baizik eta eskubide indibidual bat eta gurearen moduko gizarte aurreratu baten balio propio bat". Horri dagokionez, Sonia Pérezek baieztatu du "beren langileekin sozialki arduratsuak diren enpresak direla etorkizuneko enpresak".

Gobernuaren plan estrategikoa lan-osasunari buruzkoa ere bada, bereziki lanbide-gaixotasunak aintzat hartzen dituenean. Atal horretan beharrezkotzat jotzen da osasunaren zaintzari garrantzi handiagoa ematea, lanbide-gaixotasun ezkutuak ahalik eta modu goiztiarrenean detektatu ahal izateko. Mediku- eta lan-historia herritarraren historia kliniko pertsonalean txertatzea da 2011-2014 eperako estrategiaren berritasunetako bat.

Egoeraren azterketa sakon batek aukera eman du egiaztatzeko aplikazio praktiko urria eta esternalizazio-tasa handia dagoela enpresa ertain eta txikietan, eta horrek lan-arriskuen maila handiago batean kokatzen ditu. Nagusiki ezbehar-tasak zehazten duen arrisku-maila hori lehen sektorean ere badago, eta, Planak ezartzen duenaren arabera, "berehalako hobekuntza bat behar du, baita bertako langileak sentsibilizatzea ere". Zerbitzuetan geroz eta indar handiagoa dute garapen bidean dauden arriskuek, hala nola estresak, depresioak edo antsietateak.

Balantzaren bestaldean kokatzen da Eraikuntzaren sektorea; izan ere, 2009. urtean baino 5 gutxiago hil dira sektore horretako istripuetan, eta horrek, neurri batean Lotu programari esker, izandako eboluzio positiboa berresten du.

Segurtasunari nahiz osasunari buruz hitz egitean, Sonia Pérez sailburuordeak adierazi duenez, ziur dago "Laneko Ikuskatzailetza lekualdatzea aurrerapen garrantzitsu bat izango dela lan-arloko baldintzen kontrolean eta prebentziozko kudeaketaren kontrolean jarduteko".

Jarduera-ildoak:

Egoeraren azterlanak hamabi jardun-ildo bereizi ditu.

1. Prebentzioaren kultura indartzea gizartean
2. Prebentzioan inplikaturiko eragileen arteko mekanismo egonkorrak ezarri eta sendotzea, publikoak nahiz pribatuak
3. Euskadiko Administrazio publikoaren konpromisoa laneko segurtasun eta osasunarekiko, eta lankidetza sistematikoa administrazio eta erakunde publikoen artean
4. Prebentzio-araudiaren betearazpena ikuskatzea eta kontrolatzea lantokietan
5. Intzidentzia berezia lan-baldintzetan eragina duten faktoreen gainean (instalazioak, ekipoak eta prozedurak)
6. Arriskuen prebentzioa txertatzea enpresen kudeaketan, horren benetako aplikazio eraginkorra sendotzeko, ETEei laguntza tekniko berezia emanez
7. Enpresetan arriskuen prebentzioa egin ahal izateko ezinbesteko prestakuntza
8. Lehentasuna ematea langileen osasunaren zaintzari, arrisku-faktoreak garaiz detektatzeko eta prebentziozko moduan jarduteko aukera emanez
9. Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko jakintzak sortu eta partekatzea
10. Datu-iturrien integrazioan eta informazio-sistemen interoperabilitatean oinarritutako informazio-sistema bat ezartzea

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Viceconsejera de Trabajo, Sonia Pérez