
Eusko Jaurlaritzak eta Salvamento Marítimo Humanitario-k jendaurrean aurkeztu dute giza erreskaterako “Aita Mari” itsasontzia
- Aita Mari nazioarteko uretan ibiliko da, Libiako kostaldearen aurrean
- Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro eman ditu Mediterraneoko giza erreskaterako “Maydayterraneo” proiektua gauzatzeko
- “Aita Mari” arrantza-ontzi birgaitu bat da eta erreskateaz gainera osasun-laguntza eskainiko du porturatuta dagoenean
Eusko Jaurlaritzak eta SMH-Salvamento Marítimo Humanitario euskal GKEk “Aita Mari” aurkeztu dute, giza erreskaterako itsasontzi bat Mediterraneorako, Maydayterraneo izeneko proiektuaren esparruan. Arrantza-ontzia birgaitu eta prestatu egin da Libiako kostaldean erreskate-misioak burutzeko. Giza erreskateak egiteaz gain, ospitaleko materialaz hornituta egongo da porturatuta dagoenean osasun-laguntza emateko. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro eman ditu ekimen horretarako, errefuxiatuek Mediterraneoan bizi duten krisiari erantzuteko asmoz.
Ontziaren jendaurreko aurkezpena gaur goizean egin da Getarian, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernández; Salvamento Marítimo Humanitario erakundeko lehendakari Iñigo Mijangos; eta Getaria eta Zarauzko alkate Nikanor Lertxundi eta Xabier Txurruka, hurrenez hurren. Hedabideei aurkezpen publikoa egin ondoren, ontziaren instalazioak bisitatu dituzte. Ontziak zabalik izango ditu ateak gaurko 19:00ak arte, herritarrek proiektua ezagutu dezaten.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernándezek gogora ekarri duenez, eskumenei dagokienez mugak baditu ere, Eusko Jaurlaritzak erantzun integral bat emateko esparrua definitu du migrazioaren erronkaren aurrean, Europara, Estatura eta Euskadira zabaltzen diren proposamenekin eta ekimenekin. “Salvamento Marítimo Humanitario erakundeak proiektu honi emandako babesak balio estrategikoa du esparru orokor horren barruan”, adierazi du Fernándezek, eta nabarmendu egin du “lankidetza publiko/sozial konstruktiboa” erakunde sozialen eta instituzio publikoen artean. Bestalde, euskal gizartearen ahalegina eta euskal instituzioena ere aipatu ditu Fernándezek nazioartean giza eskubideen kausan laguntzearen alde.
MEDITERRANEOA
Mediterraneoak munduko migrazio-biderik arriskutsuena izaten jarraitzen du. Funtsean, Tripoliko Gobernuarekin (Libia) Europar Batasunak eta Italiak lortutako akordioak herrialde horretako kostazainen areriotasuna sustatu du migratzaileekiko eta erreskateko GKEekiko.
Gero eta maizago gertatzen ari dira ezbeharrak nazioarteko uretan. Horrek eragin du gaur egun erreskateko ontzi bat bakarrik egotea Mediterraneoan. “Aita Mari” izango da bigarrena. Aurten, 1.730 pertsona hil dira Mediterraneoko uretan; 6 pertsona egunean.