Eu

Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen "Ekonomiaren Termometroa" Euskal Ekonomiaren hazkunde sendoa berretsi du

2018.eko irailak 27
  • Adierazleak hiru egoera bereizten ditu: beherapena, hazkunde arina eta hazkunde sendoa
  • Euskal BPGarekin korrelaziorik handiena duten 15 aldagaiak biltzen dituen monitore bat sortu da
  • Informazio hori Ogasun eta Ekonomia Sailaren webgunean egongo da eskuragarri

Ogasun eta Ekonomia Sailak, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren bidez, “Ekonomiaren Termometroa” garatu du, hau da, goi-maiztasuna neurtzeko eredu baten emaitza den eta hilean 110 aldagai aztertzen dituen adierazle sintetiko bat. Adierazle horrek ekonomiaren egoeraren berri ematen du, eta hiru egoera bereizten ditu: beherapena, hazkunde arina eta hazkunde sendoa. Gaur egun, hazkunde sendoa bizi du gure ekonomiak.

Gainera, euskal BPGarekin korrelaziorik handiena duten 15 aldagaiak biltzen dituen monitore bat sortu da, eta bi astean behin eguneratuko da. Informazio hori Sailaren webgunean egongo da, www.euskadi.eus, (http://bit.ly/2ImBOUj), eskuragarri, interesa duen edozein pertsonak edo entitatek erraz eskura dezan. Tresna horren bidez, bilakaera ekonomikoari buruzko informazioa gizarte osora hurbildu nahi da, era sinple eta zuzenean.

15 aldagaiak honako hauek dira: Industria Produkzioaren Indizea (IPI), Industria Jardueraren Indizea (IJI), karga-ibilgailuen matrikulazioa, energia-arlokoez bestelako inportazioak, etxebizitzen salmenta, etxebizitzen gaineko hipotekak, zerbitzuetako negozio-zifra, zerbitzuetako enplegua, txikizkako merkataritzaren indizea, txikizkako merkataritzako enplegua, hegazkin-bidaiariak, hoteletako ostatu-gauak, gizarte-segurantzako afiliazioa, erregistratutako kontratuak eta langabezia.

Euskal ekonomiaren egonkortasuna

 EUSTATek aurreratu zuen bezala, euskal ekonomiak % 2,9ko hazkundea izan zuen 2018ko bigarren hiruhilekoan, eta ez da urrundu 2015. urteaz geroztik erregistratu diren % 3ko balioetatik. Beraz, egonkortasunaren irudiak bere horretan jarraitzen du. Hala ere, azken adierazleek pentsarazten digute moteltze txikiko fase bat hasi dela, datozen hiruhilekoetan jarraituko duela eta bat datorrela Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk aurkeztu zuen koadro makroekonomikoan jasotako iragarpenarekin. Horrela, beraz, espero zena espero zen intentsitatearekin betetzen ari da.

Euskal ekonomiak bigaren hiruhilekoan bizi izan duen moderazio txikiaren jatorria kanpoko saldoa da, eta, eskariari dagokionez, kontsumo pribatua txikixeagoa izan da, enpleguaren bilakaeraren, soldaten eta familia-aurrezpenaren ildotik. Kontsumo pribatuaren hazkundea BPGarena baino txikiagoa izateak pentsarazten digu ez dela familien zorpetze gehigarri bat sortzen ari, eta hori ona da interes-tasek gora egingo duten testuinguru batean.

Inbertsioaren bilakaera, berriz, guztiz bestelakoa izan da, eta nabarmen hobetu dira aurreko aldietako datuak (% 4,8ra bitarte). Bigarren hiruhilekoan, ekipamendu-ondasunetan egindako inbertsioaren sendotasun ezagunari neurri handian suspertu den eraikuntza-inbertsioa gaineratu behar zaio. Euskal ekonomiak inbertsioari esker eta kontsumo pribatuan edo kanpoko saldoan distortsiorik agertu gabe aurrera egiteak adierazten du eredu sendo eta orekatu bati jarraitzen zaiola. Horixe da ekonomia baterako eredu aproposa.

Egoeraren informazio horrek, beraz, euskal ekonomia moteltze-fase batean sartu dela, baina moteltze hori oso txikia dela berretsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak