Berriak Lehendakaritza
Eu

Limpias-eko hilerrian ehortzitako Gerra Zibilaren biktimak gogora ekarriko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Kantabriako eta Asturiasko gobernuek

2018.eko irailak 26
  • Irailaren 29an, larunbatean, 11:00etan izango da ekitaldia, Limpiaseko (Kantabria) hilerriaren kanpoko zabaldegian
  • Jonan Fernández, Aintzane Ezenarro eta Kantabriako eta Asturiasko Gobernuetako ordezkariak izango dira ekitaldian

1937ko udan Limpiaseko hilerrian ehortzitako Gerra Zibilaren biktimak gogora ekartzeko ekitaldi batean parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak, Kantabriako Gobernuak eta Asturiasko Gobernuak. Irailaren 29an izango da ekitaldia, 11:00etan, Kantabriako udalerri horretako hilerriaren kanpoko zabaldegian. Kalkuluen arabera, gutxienez 86 pertsona, Gerra Zibilaren biktima, daude ehortziak leku horretan. Datorren larunbatean, biktima haiek gogora ekarri eta haien memoria ohoratuko dute instituzioek.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernándezek eta Gogora Institutuko Zuzendari Aintzane Ezenarrok parte hartuko dute ekitaldian. Kantabriako Gobernuaren aldetik: Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko Sailburu Javier Fernándezek eta Kulturako Zuzendari Nagusi Eva Raneak; eta Asturiasko Printzerriko Gobernuaren aldetik, Justiziako Zuzendari Nagusi Encarnacion Vicentek. Limpiaseko alkate María del Mar Iglesias eta hogeitik gora senide ere izango dira ekitaldian.

HISTORIA

2017ko abuztuan, Alonsotegiko auzotar bat, José Antonio Larrinoa, Limpias udalerriko parroko Víctor Santosekin jarri zen harremanetan, haren osaba Juán Larrinoa non zen jakin nahian aztarrenen bila zebilenean; Limpiasen hil zen gerra garaian eta familiak ezin izan zituen haren gorpuzkiak berreskuratu. Egun hartan, Victor Santosek parrokiako hildakoen liburuetako batean aurkitu zuen Juan Larrinoa izena beste batzuenarekin batera, garaiko apaiz ekonomo Gregorio Ungo Anguloren ohar batekin, zehaztuz haiek guztiak Limpiaseko hilerrian ehortziak izan zirela. Zerrenda horri eta ondoren egin izan diren ikerketei esker jakin izan da gutxienez 86 pertsona, Gerra Zibilaren biktima, daudela hilerri horretan ehortziak.

Oharretan, hildakoei buruzko informazioa jaso zuen: jatorria, adina, senideak bazituzten, heriotzaren zirkunstantziak… eta horrek eman du aukera jakiteko, besteren artean, 48 euskaldun daudela (jatorriz EAEkoak edo senideak dituztenak gaur egun Euskadin bizitzen) edo haietako batzuk Limpiaseko Eguilior jauregian ‒Paradore Nazionala orain‒ hil zirela 1937ko udan; atzeguardiako ospitale izan zen leku hura, baita populazio zibilaren babesleku ere bonbardaketetan. 22 familiarekin harremanetan jartzea lortu da: Euskadiko 18 , Kantabriako 1 eta Asturiasko 3.

KONPROMISO INSTITUZIONALA

2002az geroztik dihardu Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. Gaur egun jarraitasuna du lan horrek, Exekutiboaren asmoa baita Memoria Historikoaren egiaren aitorpen instituzionalerako prozesuari eta frankismoaren biktimen memoriaren ordain morala emateko prozesuari azkena ematea. Limpiasen izango da ekitaldia eta aurrerapauso bat adieraziko du aitorpen eta ordain hori lortze aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak