Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofizialean izan da

2018.eko irailak 27
  • Aste honetan zehar irekitzen dituzte ateak Euskadiko 14 Hizkuntza Eskola Ofizialek, 33.297 plaza eskainiz
  • Zortzi hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen dute: euskara, ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelania, italiera, portugesa eta errusiera

Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasturtea hastearekin bat, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofizialera bisita egin du gaur goizez, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria lagun zuela. Bertako instalazioak ezagutu ondoren, eskolako irakasleekin klaustroan elkartu da Uriarte. Berak zuzentzen duen Sailak hizkuntzak ikasteari ematen dion garrantzia nabarmendu du sailburuak, gero eta gizarte globalizatuagoan. Uriarteren esanetan “Hizkuntza Eskola Ofizialek hainbat hizkuntza ikasi eta ezagutza hori egiaztatzeko aukera ematen digute. Honek berekin duen aberastasun pertsonalaz gain, prestakuntza hobetu eta lan aukerak ere ugaritzen ditu, eta nola ez, baita lan eskaintzekin loturiko mugikortasun aukerak areagotu ere”. Hezkuntza sailburuaren aburuz, “Hizkuntza Eskola Ofizialetan urtero ikasten duten milaka pertsonak dira horren bermerik onena. Ikasleen formazioarekin konprometitutako irakasleak ditugu, hizkuntzek gaur egun zein garrantzia duten ondo ezagutzen duten profesionalak. Gure helburua da, hizkuntza bat ikasi nahi duenari bide hori erraztea”.

Hezkuntza Sailak 33.297 plaza eskaintzen ditu 2018-2019 ikasturte berri honetan, Euskadiko 14 Hizkuntza Eskola Ofizialetan zortzi hizkuntza ikasteko aukera eskainiz: euskara, ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelania, italiera, portugesa eta errusiera. 329 irakasle arduratuko dira horretaz. Baina irakasleekin batera lanean, elkarrizketa laguntzaileak izango dira aurten ere. Elkarrizketa laguntzaileek irakasleei laguntzen diete eskoletan, eta euren berariazko eginkizunek, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzea dute xede. Atzerritik etorririk, elkarrizketa-laguntzailea graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea izan ohi da bere jatorrizko herrialdean. Aurten, Euskadira aurki iritsiko diren 36 laguntzailek egingo dute lan Hizkuntza Eskola Ofizialetan.

Aurreko 2017-2018 ikasturtean 26.896 ikasle hartu zituzten HEOetako ikasgelek, eta beste 10.000 pasatxok (10.335) egin zuten matrikula librearen aldeko hautua, zortzi hizkuntza horietako batean mailaren bat egiaztatu ahal izateko.

Une honetan, HEO-ek argitaratuak dituzte dagoeneko ikasle onartu eta ez onartuen zerrendak, plaza-esleipenerako lehen fasea gainditurik. Dena den, lehen fase horretan plazarik eskuratu ez duten eskatzaileak automatikoki pasatuko dira bigarren fasera, eskaera berririk egin beharrik gabe, eta lehen fasean bete gabe geratu diren plazak eskuratzeko aukera berria izango dute, era horretan.

Ingelesa, frantsesa eta euskara Bermeon

Hamar irakasle ditu Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofizialak. Joan zen ikasturtean 600 ikasle inguru matrikulatu ziren bertan, eta beste 281 ikasle matrikula librean. Ingelesa, frantsesa eta euskara ikasteko aukera eskaintzen die Busturialdeko, Mungiako eta Bakioko biztanleei, C1 mailaraino hiru hizkuntzetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak