
«Birziklapenean jaioak gara» kanpaina Gasteiza iritsi da hondakinen arloko Europako helburuak bete daitezen
- Arabako Lurralde Historikoan 136.000 tona inguru hiri-hondakin sortzen dira, eta horietatik 51.000 beira, paper eta ontzi arinei dagozkie.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak inauguratu du gaur Gasteizen, Ingurumen eta Hirigintzako foru-diputatu Josean Galera eta Gasteizko Udaleko Ingurumen eta Espazio Publikoko zinegotzi Iñaki Prusillarekin batera, Birziklapenean jaioak gara kanpainaren instalazioa; Arabako hiriburuko Probintzia plazan egongo da irailaren 30era arte (igandea).
Ecoembes eta Ecovidrio erakundeekin elkarlanean euskal udalerri zenbaitetan egiten ari diren kanpainaren helburua da Euskadin, 2030era bitartean, ontzi guztien % 60a birzikla daitezen lortzea, eta pertsonen artean ekonomia zirkularraren printzipioak sustatzea. Arabak gainditu du Europako birziklatze-helburua beirazko ontziei dagokienez, haien % 81 birziklatzen baititu. Kartoi-paperezko ontziei dagokienez, berriz, arabarrek % 61 birziklatzen dituzte.
Ontzi arinei dagokienez (edukiontzi horian botatzen direnak, alegia), hobetzeko tarte handia dago, ordea; oraingoz, guztien % 28 baino ez baitira birziklatzen.
Araban, ditugun azken datuen arabera, 136.000 tona inguru hiri-hondakin sortzen dira urtean, eta horietatik 51.000 beira, paper eta ontzi arinei dagozkie.
Kanpaina ibiltaria
Birziklapenean jaioak gara kanpaina guztira hogeita hamar udalerri ingurura iritsiko da 2018an, karpa ibiltari handi baten bidez. Gasteiztik igaro ostean, kanpaina Tolosa, Bilbo, Irun, Gernika eta Donostiara iritsiko da.
Hiru atal izango ditu: erakusketakoa, ludikoa eta kanpoko jarduera. Jendeak parte hartzeko modukoak izango dira hirurak, bi helbururekin. Batetik, gehiago birziklatzeko, eta, horretarako, jendeak ez birziklatzeko izaten dituen aitzakiei erantzuna emango zaie, eta, bestetik, hobeto birziklatzeko, eta, horretarako, edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota utzi behar den azalduko zaie. Hiriburuan dagoela baliatuta, euskarazko bisitaldi gidatuak egingo dira Lehen Hezkuntzako lehen mailetako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
Kanpainaren edukia
Erakusketaren atalean, informazio-panelen bidez, Euskadiko hondakin-planeko helburuak azalduko dira, modu ulergarrian eta grafikoan, azpimarratuta herritarrek garrantzi handia dutela helburu horiek lortzeko orduan, eta aholku probetxugarriak emango dira ekonomia zirkularreko oinarrizko kontzeptuei buruz, hala nola hondakinak gutxitzeari, birziklatzeari eta berrerabiltzeari buruz.
Panelak zazpi bloke handitan egituratu dira:
- Nola birziklatu ondo: aholku praktikoak, gomendioak eta datu bitxiak, ondo eta erraz birziklatzeko eta zer birzikla dezakegun jakiteko; birziklapenari buruzko mitoak eta onurak.
- Nola birziklatzen da?: birziklatze-prozesuari buruzko azalpena, ontziekin, dagokien edukiontzian uzten ditugunean, zer gertatzen den jakiteko.
- Birziklatu zure aitzakiak: birziklatzeko orduan etxean dauden traba nagusiei buruz (leku falta, interes falta, uste okerrak...) gogoeta egiteko eta horiei konponbidea bilatzeko panela.
- Jarduera ludikoa: hondakinak bereizi, eta bakoitza dagokion edukiontzian utziko dugu.
- Ecoembes barometroa: Espainia osoan jasotzen eta birziklatzen diren hondakinen datuei buruzko mapa, autonomia-erkidegoko eta udalerriaren xehetasunarekin batera.
- Ecovidrio jarduerak: beira birziklatuarekin ale apaingarriak egiteko lantegiak, eta beirazko ontziak ezagutzeko jolasa.
- Reciclatest / Reziklatesta: kanpainarako berariaz prestatutako 15 galderako test interaktiboa, non erantzunetan hiru aukera emango diren.
Kaleko ekintzak karparen kanpoaldean egingo diren hiru jarduera ludikorekin osatuko dira:
- Nire konpromisoa: photocall saioa, non atrezzo txiki baten bidez, nahi duenak, gehiago eta hobeto birziklatzeko zer konpromiso hartzen duten adieraziz, argazki bat egin dezakeen.
- Birziklapenean jaioak gara: kanpainako pertsonaietako bat izatera jolastuz, norbere buruaren argazkiak egiteko panela.
- Batukada: ordu erditik ordu erdira, gutxi gorabehera, kanpainako abestia entzungo da (Reciclar es lo nuestro, ta zurea ere bai) eta dinamizazio berezi bat egingo da, inguruetan dabilen jendea parte hartzera animatzeko: musika-tresna birziklatuak eta ontziekin eginak banatuko dira, kanpainako abestia eta koreografia interpreta dezan.