Berriak Lehendakaritza
qrcode

Osakidetzak, zientzia arloko goi mailako adituak batu ditu, bere 35. urteurrenean

2018-09-27
  • Iñígo Urkullu Lehendakariak eskerrak eman dizkie erakunde publikoko profesional guztiei; izan ere, horiek gabe “Osakidetza sekula ez zatekeen izango gaur egun dena”

Iñigo Urkullu Lehendakariak eskerrak eman dizkie Osakidetza estatuko eta Europako “osasun-arretaren erreferente” izateko eragina izan duten profesional guztiei. “Zuok gabe, Osakidetza sekula ez zatekeen izango gaur egun dena”, esan du, Bilboko Euskalduna Jauregian, “Osasungintza berritzen, pertsonetatik abiatuta” osasungintzako konferentzia ixteko ekitaldian.

Konferentzia Osakidetzako profesionalei zuzendu zaie, eta erakunde publikoaren 35. urteurrena ospatzeko programatutako ekitaldien barruan antolatu da. Lehendakariaz gainera, konferentzian Jon Darpón Osasun sailburua eta María Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusia ere izan dira; Osasun sailburua izan da konferentzia irekitzeko arduraduna.

Lehendakariak nabarmendu du Osakidetza euskal gizarte osoaren “lorpen kolektiboa” eta etorkizuneko belaunaldientzat “gorde eta babestu” beharreko “ondarea” dela. Era berean, aurreko gobernuek Osakidetza eraikitzeko eta sustatzeko emandako laguntza aintzatetsi nahi izan du.

Konferentzian, maila goreneko aditu zientzialariak izan dira. Hitz egiten lehena Jon Azua Eusko Jaurlaritzako Lan, Osasun eta Segurtasuneko sailburuordea eta Osakidetzako presidente ohia izan da; “Berrikuntza osasun-sistemetan” hitzaldia eman du. Azuaren bidez, osasunaren ikuspuntua ikuspegi hirukoitzetik ezagutu dugu: akademikoa, enpresa pribatua eta Gobernua.

Gero, Doris Grinspun doktoreak hitz egin du, Ontarioko Erizainen Elkarte Profesionalaren zuzendari nagusiak (Kanada). Osasuneko, osasun-zainketetako eta erizaintzako aditua da. Grinspun Kanadako Osasun Sistemaren defendatzaile irmoa da, bai eta erizainek sistema arrakastatsua izan dadin eman duten laguntzaren defendatzaile irmoa ere. 2010ean, Canadian Hispanic Business Associationek Kanadan eragin gehien duten 10 pertsona hispaniarretakotzat izendatu zuen.

Hirugarren eta azken hizlaria, Josep Tabernero, Onkologia Medikoko Europako Elkartearen presidentea eta VHIO Institutuaren zuzendaria; “Etorkizuneko aukerak onkologiako berrikuntzan” hitzaldia eman du. Tabernero, gaur egun, Bartzelonako Vall d´Hebron Ospitaleko Onkologia Medikoaren Zerbitzuko buru eta zentro bereko Minbiziaren Terapia Molekularraren Ikerketa Unitateko arduraduna da; unitate hori aitzindaria da Estatuan, eta terapia molekularraren I. faseko saiakuntza klinikoak garatzera bideratuta dago.

Konferentzia euskal osasun-sistemak urteotan lortu dituen kudeaketaren eta lorpenen inguruko hausnarketa egiteko foroa izan da; abiapuntua, etorkizuneko osasunaren oinarri sendoak ezartzeko. Horrela, mundu osoko osasun-sistemek aurrez aurre dituzten erronkei erantzun nahi zaie.

Topaketaren bidez, helburu hori bera duten funtsezko gaiak aztertu dira, besteak beste: berrikuntzarako iraunkortasuna, gero eta garestiagoak diren sistemak modu efizientean kudeatu ahal izateko. Teknologia berriak sartzea, beraz, funtsezko alderdia izan da konferentzia honetan; batetik, osasun publiko jasangarria izateko erronkari erantzuteko, eta, bestetik, gero eta zehatzagoa den eta, euskal herritarrak zahartzearen ondorioz, gero eta ugariagoak izango diren behar sozial eta asistentzialei erantzungo dien medikuntzan aurrera egiten jarraitu ahal izateko.

Konferentzian, medikuek eta erizaintzako langileek eginkizun anitzeko eta diziplina arteko taldeetan oinarritzen den elkarlaneko laguntza-ereduan bete beharreko eginkizunak ere birpasatu dira, pertsona ekintzaren ardatz nagusi izanik.

OSAKIDETZA, 35 URTE

Osasungintzako Konferentzia aurten Osakidetzako 35. urteurrena ospatzeko programatutako ekitaldien artean dago. “35 urte bizia sustatzen / 35 años impulsando la vida” lemapean, pasa den irailaren 13an, Vitoria-Gasteizen, Osakidetzaren une nagusienak eta euskal osasun-sistema publikoaren oinarri diren printzipioak erakusten dituen argazki-erakusketa inauguratu zen.

Argazkiak hilaren 30era arte egongo dira ikusgai; urrian Bilbon izango da eta, bertan, Metroko zenbait geltokitan egongo dira ikusgai. Urrian ere, Donostian ikusteko aukera izango da.

Gainera, Donostia / San Sebastiánen, datorren azaroaren 16an, ekitaldi soziala egingo da; bertan, erakunde-ordezkariak, erakunde profesionaletako eta sindikatuetako ordezkariak eta gizarteko ordezkariak izango dira. Ekitaldiaren helburua Osakidetzaren balioa nabarmentzea da, bere balioak, kalitatea, ibilbidea eta lorpenak; horrela, herritarrengana hurbildu nahi da.

Ekitaldian, halaber, dantza-ikuskizuna ere izango da, ospakizunerako bereziki sortutako ikuskizuna, eta urteurrena ospatzeko prestatu den dokumentala aurkeztuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)