Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Hemen da METAPOSTA, zure dokumentu-gordailu elektronikoa, zure postontzia Sarean

2011.eko otsailak 16

METAPOSTAk postontzia eta dokumentu-gordailu elektronikoa abiaraziko ditu Interneten, euskal hiritarrek agiriak doan jaso eta gordetzeko aukera izan dezaten, doan, segurtasunez, era iraunkorrean eta legezko balioaz

Euskadin agiriak sortaraz ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago daude: administrazioak, enpresak, banka, aseguruak, hezkuntza-erakundeak, elektrizitatea, gasa, ura eta telefonia alorreko banatzaileak, etab. METAPOSTA "Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana"ren barruan mamitutako proiektua da, Danimarka bezalako herrialdeetan arrakastaz diharduten antzeko ekimenetan inspiratutakoa.

Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak eta Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio sailburuak, Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuorde eta METAPOSTAko presidentearekin batera, dokumentu-gordailu elektronikoa eta sarean erabiltzeko moduko postontzia eskaintzen dituen METAPOSTA zerbitzua aurkeztu dute gaur, Eusko Jaurlaritzak Informazioaren Gizartea bultzatzeko abiarazi dituen ekimen estrategikoen barruan.

Ekitaldia Arabako Teknologia Parkeko erakusketa aretoan egin da, Miñaon, METAPOSTArekin igorle moduan lankidetzan diharduten Amvisa, Banco Guipuzcoano, Bankoa Crédit Agricole, Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Laboral Euskadiko Kutxa, Caja Vital Kutxa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Eroski, Euskaltel, Gaia, Iberdrola, Ipar Kutxa, Kutxa, KZgunea, Naturgas Energia, Osakidetza, Lagun Aro Aseguruak eta Txingudiko Zerbitzuak enpresen ordezkari gorenak tarteko zirela.

METAPOSTA etxeko artxibategiaren ordezko gisa sortu da, euskal etxe askotan ohikoa den faktura, agiri eta paperen anabasari irtenbidea emateko asmoz, METAPOSTAk euskal hiritarrek darabiltzaten etxe barruko kudeaketa-moduei buruz egin duen ikerketa antropologikoaren haritik. Proposamen hau, Eusko Jaurlaritzak 2008an abiarazi eta egungo Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailak Bernabé Undaren gidaritzapean bultzatu duen Euskadi Informazio Gizartean 2010 Planaren barruan mamitu da.

Danimarkako e-Boks (www.e-boks.dk) sistemaren eragina nabarmen-nabarmena delarik, METAPOSTAk "Interneten erabiltzeko moduko dokumentu-gordailu elektronikoa eta postontzia" garatzea du helburu, hiritarrentzat nahiz enpresentzat balio handikoak diren agiriak espazio elektroniko pertsonal batean biltzeko aukera izan dezaten.

Horrez gain, METAPOSTAk ohiko postontziari dagokin zerbitzua eskainiko du mundu elektronikoan. Hiritarrek sistema honen bidez jasoko dituzten dokumentu asko eta asko postontzi fisikoan jasotzen dituzten berberak izango dira: fakturak, kontu-laburpenak, egiaztagiriak, polizak, kontratuak, zitazioak, jakinarazpenak, nominak,... Gaur arte, 18 erakundek bat egin dute Metaposta sistemarekin. Eusko Jaurlaritzaren estimazioen arabera, 300dik gora METAPOSTAko zerbitzuez balia daitezkeen instituzio, erakunde eta organismoak.

Eustaten datuen arabera, 2010ean, 16 eta 24 urte tarteko gazteen %94 eta 24 eta 44 urte tarteko hiritarren %75 internauta aktiboak dira. Internetekin trebatuta dauden belaunaldi hauei begira sortu da nagusiki Metaposta. Danimarkan, e-Boks zerbitzua 2002ko garai honetan aurkeztu zen, eta dagoeneko, Europa iparraldeko herrialde horretan bizi diren 5,5 milioi biztanletik 3,5 milioik erabiltzen dute sistema hau.

Izan ere, Metaposta garrantzi handiko unean sortu da informazioaren gizartearen garapenari dagokionez, eta honen aldeko proposamen erakartzailetzat aurkeztu da. Administrazioaren zerbitzu digitalek erakargarritasun eskasa eta maiztasun mugatua dute hiritarren ohiko bizimoduan. Ildo horretan, Europako Batzordearen kalkuluen arabera, hiritarrek urteko 1,3 aldiz erabiltzen dituzte batez beste administrazioaren zerbitzu digitalak.

Aldi berean, Espainian 20 milioi e-NAN banatu dira dagoeneko, bai eta sinadura elektronikoa daramaten bestelako ziurtagirien milioika ale ere, Izenpek Euskadin eskaintzen duena barne; baina hauen benetako erabilpena oso mugatua da: jabeen %5ek baino ez dute erabili, noizean behin erabili ere, sarean egindako transakzioetan. Antzeko egoera aurkitzen dugu faktura elektronikoaren erabilpenari dagokionez. Telekomunikazio eta energia alorretako enpresek fakturazioa Interneten bidez bidaltzeari eman dioten bultzada gorabehera, erabilpenik eza eragozten ari da zerbitzuen digitalizazioak erakunde hauei etekina emateko aukera.

Gogoan hartu behar dugu, 2010eko maiatzean, Europako Batzordeak bi helburu garbi planteatu zituela esparru honetan: 2015erak, hiritarren %50ek administrazio elektronikoa erabiltzea eta 2020rako fakturazio elektronikoaren aldeko apustua orokorra izatea.

Testuinguru honetan, erakargarritasun handiko agiri-jasotzaile gisa funtzionatuko duen Metaposta zerbitzuaren agerpena, era honetako zerbitzuak bultzatu dituzten Alemania eta Danimarka bezalako Europako herrialderik aurreratuenetan egiten ari diren apustu estrategikoen parekotzat jo behar da.

 

Alternatiba garbia

Dokumentu hauen sorkuntzak eta bidalketak kostu handiak dakartzate, ekonomikoak nahiz ingurumenekoek. Ondorioz, tramitazioa eta igorpena elektronikoki egitea erraztuko duen alternatiba garbi eta merkea abian jartzeak begibistako abantailak eta aurrezpenak ekarriko dizkiete partikularrei zein kolektiboei.


Era berean, jasotzaileak dokumentu horiek guztiak segurtasunez, doan eta tamaina-mugapenik gabe erabiltzeko aukera izango du, agiri-galerak ekidinez eta biltegiratze eraginkorra bultzatuz.


Segurtasun-bermea da Metaposta zerbitzuaren funtsezko oinarrietako bat, eta horretarako, euskal Administrazioaren zerbitzarietan ostatatuta egongo da. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailari atxikita dagoen EJIE SA zerbitzu-enpresa arduratuko da dokumentuak jaso eta tratatzeaz. Enpresa honek segurtasun-bunkerra dauka eta artxiboak igorri, prozesatu eta gordetzeko sistema biki erredundanteak aplikatuko dizkio zerbitzuari, eguneko 24 orduetan funtzionamenduan izango dela bermatuz.

Legearen ikuspuntutik, Metapostak informazioaren tratamenduari dagozkion egiazkotasun, osotasun eta konfidentzialtasun berme guztiak eskaintzen ditu, egun indarrean dauden agindu guztien haritik: Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legea; Sinadura elektronikoari buruzko Europako Zuzentaraua eta Estatuko Legea; Datuen Babesari buruzko Lege Organikoa, edota Faktura Elektronikoaren Legea, besteak beste.

METAPOSTA elkartea 2010ean eratu zen eta zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa.

 

METAPOSTAren ezaugarri nagusiak

  • Borondatez eskuratu eta erabiltzeko moduko hautazko zerbitzua: jasotzaileak agiriak zein igorletatik jasoko dituen aukera dezake.
  • Ez da e-mail kontu bat, eta honek ohiko posta elektronikoari atxikitako arazo asko eta asko ekidingo ditu, phishing delakoa (nortasuna lapurtzea) eta spam deritzona (eskatu gabeko posta-bidalketa masiboa) tarteko direla.
  • Edozein lekutan, edozein unetan eta Interneterako konexioa duen edozein dispositibotan erabiltzeko moduko webgune baten bitartez egingo da zerbitzurako sarrera.
  • Dokumentu-gordailu elektronikoan materialak kargatzeko funtzioetan igorri edo erantsitako mezuak ere gorde daitezke sistema honetan.
  • Biltegiratzea mugagabekoa da erabiltzailearentzat, bai tamainaz bai iraupenaz ere. Bizitza osorako zerbitzua da.
  • Erabilerraztasunari lehentasuna emanez diseinatu da.
  • Euskadiko hiritar eta enpresa guztiei zuzenduta dago, beste esparru batzuetara ere hedatzeko aukeraz.
  • Doakoa da azken erabiltzailearetzat eta kostu murritzekoa igorleentzat.

 

"METAPOSTA" izenaren jatorriari buruz

Interneteko kutxa gotorraren inguruko proiektua abian jarri zenetik, proiektu horri izena jartzeko euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez esanahia izan zezakeen kontzeptu bat bilatu nahi izan zen. Ahalegin horien emaitza izan zen "METAPOSTA" marka, jatorri desberdineko bi termino konbinatuz sortutakoa; bi termino horiek hainbat hizkuntzatan (grekotik hasiz, enbor indoeuroparretik igaroz eta euskarara iritsiz) aurki daitezke esanahi desberdinekin.

Euskaraz "meta" hitzak lasto piloa esan nahi du, normalean zelaietan edo baserrietatik hurbil egoten dena. "Meta" terminoak oso konnotazio positiboa du, etorkizuna hornitzearekin edo prestatzearekin lotuta baitago. Baina aldi berean, jatorri grekoa duen aurrizkia da, "haratago" esan nahi du eta metafisika, metafora edo metamorfosia moduko hitzetan txertatuta azaltzen da.

"Posta", italieratik datorren hitza da. Gaztelaniaz honako hau esan nahi du: "Postak leku batetik bestera ahalik eta azkarren eramatea ahalbidetzeko bideetan bi edo hiru legotako distantziara prestatzen ziren zamariak". Postaren garraioari loturiko eginkizunetik sortzen da "posta-zerbitzuaren" kontzeptua, METAPOSTA sistemaren helburuei estuki loturikoa hain zuzen ere.

Aurrekoaz gain, Europako hizkuntza nagusietan oso antzeko izenak dagozkion neologismoa da Metaposta, hala nola:

- Frantsesez "MetaPoste" izan beharko luke.
- Ingelesez izen egokiena "MetaPost" izango litzateke.
- Alemanez, "MetaPost".
- Danieraz ere berdin, "MetaPost". (Hori horrela dela-eta eBoks ereduaren teknikariek hain erraz ulertu zuten izen hori).
- Eta, azkenik, italieraz.... "MetaPosta" izango litzateke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda eta Idoia Mendia