Eu

San José sailburuak erakundeetan adina Kudeatzeari buruzko II Biltzarra inauguratu du

2018.eko irailak 26

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, gaur goizean, ERAKUNDEETAN ADINA KUDEATZEARI BURUZKO II. BILTZARRA inauguratu du; San Prudencio fundazioak antolatu du, eta Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izan da.

San José sailburuak enpresa-erakunde osoa norabide berean egitera inplikatzeko beharra nabarmendu du. “Enplegu-emaileek eta enplegatuek –esan du San Josék– erakundeetan adinagatiko bazterketa albo batera utziko dituzten beharrezko protokoloei heltzeko, laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko adinaren ikuspegia sartzeko, erakundeetan nagusienek eskuratutako talentua eta esperientzia kaleratzea saihesteko eta enplegua behar duten gazteen eta kaleratu behar diren nagusien aurkako lehia izateari uzteko mekanismoak adostu behar dituzte”.

Biltzarraren helburua herritarren zahartzearen inguruan hausnartu, aztertu eta eztabaidatzea izan da, lanaren ikuspegitik, alegia, nolako eragina izango duen enpresetan eta bertako langileetan, batik bat arriskuak prebenitzeko eta talentua eta giza baliabideak kudeatzeko lan-eremuetan.

Mª JESÚS SAN JOSÉ-REN AGERRALDIA

Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot San Prudencio fundazioari, oraingoan ere zuori guztiori hitz batzuk esateko aukera emateagatik.

Bestalde, fundazioari zorionak eman behar dizkiot, gaurkotasunekoa den eta laster erronka nagusietakoa ekarriko duen gai honekin duen inplikazioagatik eta hari heltzeko erabakiagatik:

“herritarren zahartzea eta, zehatzago esateko, adinaren kudeaketa erakundeetan”.

Gai horrek gure gizartean gero eta interes gehiago eragiten du, eta, hori dela eta, gero eta azterlan gehiago argitaratzen dira horren inguruan eta gero eta eztabaida eta mota guztietako foro gehiago antolatzen dira.

Hau adibide bikaina da.

Duela egun gutxi, liburu baten aurkezpenean parte hartu nuen: “El envejecimiento de la Población trabajadora”.

Argitalpena Lan eta Justizia Sailak eta OSALAN - osasun eta lan-segurtasunaren arloan eskumena duen gure erakunde autonomoak babestu dute.

Argitalpenean eta ondoko eztabaidan fundazioak parte hartu du. Zorionak Jagoba.

Jagoba Gómezek, Gotzon Bernaolarekin batera, liburu horren artikulu bat sinatu du, eta izenburua Biltzar honen bera da; zenbait hausnarketa eragin dizkit.

Jagobak eta Gotzonek honako gai hau planteatzen dute, besteak beste: gertatzen ari den berregituraketa demografikoaren erronkei aurre egiteko eredu berria sortzeko beharra eta hari ikuspegi berritzailearekin ekiteko betebeharra.

Azalpenean egokiak direla uste dut; izan ere, historia berrikusten badugu, gure gizartea, zahartzearen pertzepzioan, zer gutxi aldatu den ikusiko dugu.

Gizarteak zahartzaroaren aurrean zuen erantzunari buruzko lehen ikuspegi berritzailea eta kritikoa Marco Tulio Cicerón filosofo latindarrak izan zuen, zeinak Kristo aurreko 44. urtean De senectute lana idatzi baitzuen (zahartzaroari buruz).

Tito Pomponio Ático lagunari eskaini zion, 65 urte bete zituenari.

Cicerónek 62 urte zituen, eta bederatzigarren zazpiurrenean sartzear zegoen; erromatarrek baldintza osasungarriak eduki ahal izateko bizitzako azken etapatzat ezagutzen zuten.

70 urteetatik aurrera, heriotzaren zain egotea besterik ez zegoen.

Cicerónek banan-banan egin zien aurka, garai hartako gizarte-kanonen arabera, zahartzaroa zorigaiztoko bilakatzen zuten ezaugarriei, besteak beste: jarduerarik eza; indar fisikoaren galera; plazeren galera eta heriotzaren hurbiltasuna.

Filosofo erromatarrak honako erronka hau ezarri zion bere buruari: zahartzaroa positibo bilakatzea. Gaur egun, gaiari buruzko azterlanek eta eztabaidek erronka bera planteatzen dute: gizartea, oro har, hazteko aukera bilakatzea zahartzea.

Baina lehen aipatu dudan artikuluak dioen bezala: “politika nekez ari da aldaketetara egokitzen”.

Gai horretan arriskua dugu arazoari erantzun egokiak ematean atzean geratzeko.

Europan zahartzeak desberdintasuna areagotzea eragingo ez duela bermatzeko  gai ez bagara, biztanleak are lotura gutxiago sentituko dute botere publikoekin.

Gaitzuste hori ari da gertatzen, dagoeneko, zenbait arlotan, besteak beste, klima-aldaketan, migrazio-mugimenduetan edo pobreziaren hazkuntzan.

Bizi-itxaropena, urte gutxi barru, ehun urtekoa izango da. Jarraian entzungo dugun Cordeiro jaunaren tesi estimulatzailean sakondu gabe.

Lan-bizitza luzatu, bere horretan utzi edo murriztu behar ote dugun aztertzeko eztabaidaren ebazpena edozein dela ere, 30 urte baino gehiago biziko gara lanbideren batean jardun gabe.

Erretiratuei bizi-kalitatea emango dieten pentsio duinak ziurtatzeaz aparte, beste gai batzuk planteatu beharko ditugu, besteak beste: osasuna, kultura, gizarte-mugimenduetako parte-hartzea etab.

DENBORA gehiago izango dugu; opari bilakatu behar dugu, zama astuna bilakatu gabe.

Erakunde-mota guztietan izango du fenomeno horrek eragina.

Guztiek egokitu beharko dute errealitate horretara eta eraginkortasunez erantzun.

Nagusiek historiako prestakuntza-maila eta gizarte-partaidetzako maila altuena lortu dute; erakundeek, edozein motatakoak direla ere, ezin dute bertako adimen, zientzia eta giza kapitala alferrik galdu.

Herritarren zahartzea, oro har, eta langileena, zehazki, eta horien alderdi anitzak zehaztasunez eta sakon aztertu behar dira.

Komunikabide eta gizarte-sareetan alarmismoaren eta plangintzen sinpletasunaren inguruan egiten den praktika hedatua alde batera utzi behar dugu; izan ere, arazo konplexuei ezin zaie erantzun sinpleen bidez erantzun.

Gizarte-ikerketak eginkizun sustatzailea du; politikak irtenbide egingarriak planteatu behar ditu eta lan-arloak bere biztanleen zahartzeari aurre egiteko funtsezko tresna du, negoziazio kolektiboa.

Enpresa-erakunde osoa norabide berean aurrera egiten inplikarazi behar da.

Enplegu-emaileek eta enplegatuek mekanismoak adostu behar dituzte:

  • Erakundeetan adinagatiko diskriminazioa saihesteko beharrezko protokoloei aurre egiteko.
  • “Laneko segurtasunaren eta osasunaren kudeaketa”n adin-ikuspegia sartzeko. Puntu horretan, Osalanek horren inguruan sakontzea aurreikusten duela nabarmendu nahi dut; horrela, ondorioak prebenitu eta erantzunen bidez aurrea hartu nahi die.
  • Erakundeetan nagusienen talentua eta esperientzia ez kaleratzeko.
  • Bizitza zeharreko lanbide-prestakuntza ziurtatzeko.
  • Enplegua behar duten gazteek kaleratu behar diren nagusien aurka duten lehia izateari uzteko.

Ikuspegi konplexua, baina ilusio eragilea. Erronka horri aurre egiten eta hura arrakastaz gainditzen jakin behar dugu.

Thomas Hobbes filosofo ingelesak horren inguruan zeukan jarrera pesimistarekin amaitu behar dugu.

Hobbesen beraren esaldia, Cristina Galindok kazetaritza-artikulu batean aipatutakoa, baztertu egin behar dugu:

“Bizitza bakartia, pobrea, zekena, latza eta laburra bizitzea baino txarragoa da bizitza bakartia, pobrea, zekena, latza eta… luzea bizitzea”

Eskerrik asko denoi.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak