Berriak Lehendakaritza
Eu

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak Euskadi erreferente bihurtu du Europan

2011.eko otsailak 16

Odol-emailerik gabe, horien tratamendurik gabe eta osasun zentroetan hornidurarik gabe, gaur egungo euskal osasun sistema ezinezkoa izango litzateke, eta horixe da, hain zuzen, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak dituen arduretako bat

Transfusio eta Giza Ehunen euskal zentroa handitu eta berritu egin dute. Gaur izan da hobekuntza horien inaugurazio ofiziala. Zentroa odola nahiz haren eratorriak eta giza-ehunak lortzeaz arduratzen da. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitale guztiak —publikoak zein pribatuak— hornitzen ditu. Zentro berriaren azalera 4.000 metro karratukoa da guztira. Horietatik, 2.400 inguru berriak dira eta gainerako 1.600 metro karratuetan lehendik ere zeuden instalazioak eraberritu direnean gehitu dira. Zentroa Europa-mailan erreferente bihurtu da berrikuntzari eta teknologiari esker. Bertan, egunero 400 edo 500 odol-emaile inguru jasotzen dira, eta horiek ezinbestekoak dira urtean  transfusioak jasotzen dituzten 50.000 pertsonentzat edota giza-ehuna behar duten 1.500entzat.

“Osasuna da baliabide publiko gehien kontsumitzen duen arloetariko bat, baina ahaleginak ez dira murriztuko, krisiak ez du zerbitzua murriztea eragingo, zerbitzu honek gure gizartea hobeto deskribatzen duenetako bat da eta. Ez dugu gastutzat hartzen, inbertsiotzat baizik, eta euskal gizartearen osasunean inbertsioa mantendu eta hobetuko dugu". Hitz horiekin, Patxi Lopezek, Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak osasun publikoaren kalitatearekiko duen konpromisoa azpimarratu du, eta konpromiso horrek zentroan egindako inbertsioak barne hartzen ditu.

Adierazpen horiek lehendakariak egin ditu, hain zuzen, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren inaugurazioan. Bertan, 200 profesional inguruk lan egiten du, Euskadin egunero ematen den odola jasotzen dute, aukeraketa egiten dute eratorriak ezberdintzen dituzte, eta horrela, transfusioa beharrezkoa denean dena prest daukate. Zentroak 4.000 metro karratu ditu orain, horietatik 2.400ak sortu berriak dira, eta gainontzekoak eraberrituak. Obrak 7 milioi euroko kostua izan du eta ekipamendua modernizatzea eta zerbitzua hobetzea ahalbidetu du. Horri esker, zentroa Europa mailan erreferente bihurtu da.

Gaur egungo euskal osasun sistema ezinezkoa litzateke Transfusio eta Giza Ehun Euskal Zentroa egongo ez balitz. Kirurgia konplexua, transplanteak, onkologiako tratamendu asko, besteak beste, ezingo lirateke gauzatu. Sistemak ezingo luke aurrera jarraitu odol-emaririk gabe. “Odol-emailerik gabe ez litzateke odol zentrorik egongo, giza-ehunik ere ez, eta azkenean, ez litzateke aktibitaterik egongo. Ezinbestekoak dira zentroa nahiz osasun-sistema existitzeko eta etorkizunean funtzionatzen jarraitzeko”. Hitz horiek erabili ditu lehendakariak odol-emaileen “solidaritatea”azpimarratzeko.

Lehendakariaren zein Rafael Bengoa osasun sailburuaren ustez, odol-emaile berriak eta gazteak beharrezkoak dira. Euskadin, gaur egun, 60.000 odol-emaile boluntariok urtero bi aldiz ematen dute odola; baina, urtero, “7.000 edo 8.000 inguru galtzen dira adinaren ondorioz”; izan ere, odola emateko muga, adinari dagokionez, 65 urtekoa da, eta, ondorioz, “beharrezkoa da etengabe bilatzea emaile berriak”.

Osakidetzaren beste xede bat da odol-emaileen batez besteko adina 50ekoa izatetik 40koa izatera pasatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)