Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak trafiko-istripuen ikerketaren arloko nazioarteko espezialistak bildu ditu Erandion

2018.eko irailak 25

ENFSIren (Auzitegi Zientzietako Institutuen Europako Sarearen) lantalde bat da

Ertzaintzak ENFSIren (Auzitegi Zientzietako Institutuen Europako Sarearen) barruan trafiko-istripuen ikerketan espezializatuta dagoen Lantaldearen urteko bilera antolatu du aste honetan Erandion. ?Teknologia berriak eta trafiko-istripuen ikerketa? izenburupean, hogei auzitegi- eta polizia-profesional inguruk eta hainbat enpresa teknologikotako ordezkariek ikerketa kriminalaren esparru horren inguruko ezagutzak eta aurrerapenak partekatuko dituzte.

Topaketa irailaren 27an eta 28an egingo da Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian, eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak inauguratuko du ostegunean.  Bi egun horietan, Espainia, Frantzia, Kroazia, Lituania, Letonia, Errumania eta Georgiako adituek hartuko dute parte. Halaber, Euskadin errepideko ezbeharrei buruzko ikerketak egiten dituzten Udaltzaingoak, Trafikoko Guardia Zibila, Mossos d`Esquadra polizia eta Nafarroako Foruzaingoa gonbidatu dituzte.

Bileraren helburu nagusia auzitegi-laborategietako profesionalen eta enpresa teknologikoen arteko elkargunea izatea da, forentseek eta poliziek errepideko istripuen ikerketan dituzten premiak eta enpresa horiek egin ditzaketen aurrerapenak aztertzeko.

Lehen eguneko goizean, hainbat hitzaldi eta erakustaldi egingo dira.  Programaren lehen zati horretan, honako gai hauek landuko dira, besteak beste: atzetik joz gertatutako talkak berregiteko metodoak eta talka simulatzeko FE metodoa; 3D-ko modeloen sorkuntza automatikoa programa informatikorik aurreratuenekin, edota ezbeharra izan duten ibilgailuen azterketa eta diagnosia.

Arratsaldean eta hurrengo egunean, berriz, aldez aurreko azalpen teorikoak praktikan aplikatzeko bi tailer jarriko dira abian. Halaber, hirugarren tailer batean, droneek mota horretako ikerketetan duten erabileraren inguruan Ertzaintzak jasotako esperientziaren berri emango da.

Jardunaldietan parte hartuko duten hizlarien artean, honako hauek izango ditugu: Lina Lizrenko, Lituaniako Auzitegi Zientzietako Zentrokoa eta ENFSIren Lantaldeko idazkaria; Jakub Zebala, Poloniako Auzitegi Ikerketako Institutukoa; eta Manuel Santos López ofizialordea eta Ertzaintzaren Ikerketa Kriminalaren Ataleko Istripuen Ikerketa eta Berreraikuntza Unitateko arduraduna.  Enpresen aldetik, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako FARO eta eCaptured3D, Kanarietako STIF edo Galiziako ISVko ordezkariek hartuko dute parte.

Ertzaintzaren parte-hartzea

Ertzaintzak Ikerketa Kriminalaren Ataleko Istripuen Ikerketa eta Berreraikuntza Unitatea du 2010. urteaz geroztik, eta Erandion du egoitza. Hiru ertzainez osatuta dago, eta López ofizialordea da burua. Oro har, bi hildako edo gehiagoko trafiko-istripuak edo autobusek izandako istripuak argitzeko lanetan aritzen dira, baina kasu konplexuetan eta zailtasun tekniko handia duten kasuetan ere parte hartzen dute. Halaber, peritu-txostenak egiten dituzte organo judizialek, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak, udaltzaingoek eta Ertzaintzak berak eskatuta. 2017. urteaz geroztik, atala ENFSI sarean sartuta dago, eta informazioa elkartrukatzeko zereginetan eta lan-bileretan parte hartu ohi du.

Lan hori egiteko, 3D-ko eskaner bat erabiltzen dute beste zenbait tresnaren artean. Eskaner horrek ezbeharraren lekuko informazio bisuala eta simulaziorako software espezifikoa eskaintzen du. 2017. urtean, hogei ikerketa inguru egin zituzten, eta 2018an, berriz, 18 orain arte.

Aurten ikertu diren kasuen artean, apirilean Bilboko Erribera auzoan gertatutako harrapatze bat dago. Polizia-ikuspegitik, giza hilketa baten ahalegina izan da. Ertzaintzaren atal horrek, halaber, joan den uztailean Asparrenan (Araba) N-1 errepidearen ondoan aurkitutako gorpu baten inguruan gertatutakoa berregin zuen modu bideografikoan. Taldeak esku hartu duen kasurik garrantzitsuenetako bat emakume baten erailketa da, 2015ean Bilboko Abusu auzoan gertatutakoa. Krimen horretan, biktima bizilekuan jo zuten lehenik eta behin, eta gero harrapatu egin zuten auto batekin, istripu bat antzeratzeko asmoz. Aldi hartan, Ertzaintzaren taldeak drone bat erabili zuen gertakariak ahalik eta modurik fidagarrienean erreproduzitzeko. Ikerketaren emaitza epaiketan aurkeztu zen, eta akusatua kondenatu egin zuten.

Hain zuzen ere, ezbeharraren lekua droneen bidez eskaneatzeko eta hiru dimentsiotan berregiteko aukera eta auto autonomoen inguruko legezko erantzukizuna aztertuko dira foroan, besteak beste.

ENFSIren helburuak

ENFSI (European Network of Forensic Sciencie Institutes) Europako 36 herrialdeko 64 auzitegi- eta polizia-laborategi koordinatzen dituen erakundea da.

Ertzaintza sare horretako kidea da 2006. urteaz geroztik, urteko bilera antolatu zuen Bilbon duela bi urte, eta 2020. urterako Auzitegi Zientzien Europako Esparrua abian jartzeko aukera aztertu zen topaketa batean parte hartu zuen Berlinen. 2017ko maiatzean, ENFSIren barruan krimenaren lekuan espezializatutako Lantaldearen topaketa antolatu zuen Ertzaintzak Bilbon, eta 60 espezialistak hartu zuten parte.

ENFSI sarea ospe handiko erakundea da mundu osoan auzitegi-zientziaren eremuan, eta auzitegi-zientziaren esparruko ezagutzak partekatzea, esperientziak elkartrukatzea eta akordioak lortzea du helburu. Ildo horretan, nazioarteko jardunbide eta estandarrik onenak betetzera bultzatzen ditu laborategi guztiak, kalitatea eta konpetentzia ziurtatzeko. Sarearen barruan, hainbat lantalde ezarri dira espezialitateen arabera: DNA, dokumentuak, drogak, lehergailuak, hatz-markak, su-armak, suteen eta leherketen inguruko ikerketak, auzitegi-informazioaren teknologiak, audio-analisia, grafistika, aztarnak, begizko ikuskapenak, pinturen, beiraren, zuntzen eta ileen analisia, irudi digitala eta landare eta lurzoruen analisia.

Komunikabideentzako deialdia:

Jardunaldi tekniko hauen berri eman nahi duten komunikabideei jakinarazten zaie 946 07 92 82 zenbakira [ERTZAINTZAren Prentsa Bulegoa] deituta lortu ahal izango dutela hilaren 27an (14:30era arte) Segurtasuneko sailburuaren inaugurazio-ekitaldian eta azterketa-mahaietan parte hartzeko akreditazioa.

Hilaren 27ko arratsaldean eta 28ko goizean egingo diren tailer teknikoak ENFSIk akreditatutako pertsonentzat erreserbatuta egongo dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak