Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak alerta laranja aktibatu du olatu indartsuak direla eta

2011.eko otsailak 15

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja aktibatu du itsasaldeko arriskuagatik. Izan ere, bihartik, asteazkenetik, aurrera, olatuek 5 metrora arteko altuera izan dezakete; mendebal/ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4,5 metroko olatuak altxatuko ditu.

Era berean, haizeari dagokionean, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak abisu horia aktibatu du biharko. Datozen orduotan hego/hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h abiadura gainditzeko probabilitate handia izango dute, mendebaldean eta mendi inguruetan batez ere. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izateko probabilitatea handia da.

Euskalmeten, Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, asteazkenetik, hilaren 16tik aurrera, depresio sakon bat Iberiar Penintsularen ipar-mendebaldean kokatuko da eta horrek eragin handia egingo du euskal kostaldean.

Depresio horrek olatu indartsuak sortuko ditu eta ostiralera arte, hilaren 18ra arte, izango da gure artean. Depresioarekin batera, hego/hego-mendebaldeko haize-bolada handiak izango dira, batez ere asteazkeneko (hilak 16) lehen orduetan.

Gainera, itsasgorak aurreko egunetakoak baino nabarmenagoak izango dira. Itsasaldi astronomikoari itsasaldi barometrikoa gehituta, itsasgorak 3,93 eta 3,98 metrokoak izango dira (1:37 UTC eta 14:10 UTC, hurrenez hurren) asteazkenean, hilaren 16an. Ostegunean, hilaren 17an, aldiz, itsasgorak 4,34 eta 4,21 metrokoak izango dira (2:27 UTC eta 14:57 UTC, hurrenez hurren). Beraz, marea biziak izango ez diren arren, altuera nabarmenak izango dituzte itsasaldiek.

Egoera horrekin, Euskalmetek aurreikusten du asteartean, hilaren 15ean, olatuen altuera adierazgarria 3,5-4 metro artekoa izango dela, 3-3,5 metro inguruko hondoko itsasoarekin.

Bihar (asteazkena, hilak 16), olatuen altuera adierazgarria 4 metrotik hasita azkar igo liteke, 5 metro ingurukoa izan arte. 5 metroko altuera ere gainditu lezakete olatu altuenek, eta egoera horrela mantenduko da arratsalde-gau partera arte. Orduan gutxitzen joango da altuera hori.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu egun guztian zehar, eta uneren batean altuera hori gainditu egin lezakete olatuek.

Ostegunean, hilaren 17an, litekeena da olatuen altuera adierazgarria 4,5-5 metro ingurukoa izatea arratsalde-gau partera arte. Orduan 4 metro ingurutako olatuak izango ditugu.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4-4,5 metroko olatuak altxatzeko probabilitatea izango du egunean zehar, eta 3,5-4 metroko olatuak altxatzekoa arratsalde-gau partetik aurrera. Ostiraletik, hilaren 18tik aurrera, itsasoaren egoera nabarmenki hobetzen hasiko da.

Segurtasunerako aholkuak

Aurreikusitako olatu indartsuen egoerak sor litzakeen ondorio negatiboak saihesteko edo arintzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ondoko prebentzio-neurriak hartzea gomendatzen du:

- Saiatu olatuak hausten diren lekuetara ez hurbiltzea (haitzak, kai-muturrak, kaiak)
- Ez gerturatu itsas pasealekuetara edo itsaslabarretara ere ez. Itsasoaren indarrak eraman egin zaitzake.
- Ez ibili ibilgailuetan kostaldetik hurbil dauden errepideetatik.
-  Urpekaritza egiteko asmoa baldin baduzu, ez egin. Ez praktikatu ur-kirolik eta ez sartu itsasoan inolaz ere.
- Ez erabili itsasontzirik eta berrikusi zure amarrak.

 
Larrialdirik izatekotan hartu beharreko neurriak:

- Itsasora erortzekotan, saiatu olatuak hausten diren lekuetatik urruntzen, eskatu laguntza eta itxaron norbaitek erreskatatu arte.
- Olatuek eramaten bazaituzte, lasaitu eta ez egin igeri ur-lasterraren kontra; kostaldeko ur-lasterrek indarra galtzen dute beste tarte batzuetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko