Eu

Artolazabal Sailburuak Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia (2018-2020) aurkeztu du Gobernu Kontseiluan (Gobernu Bilera 2018-09-25)

2018.eko irailak 25

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia (2018-2020) aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluan, “ijitoek oraindik bizi duten desberdintasun-egoeraren jakitun baita Eusko Jaurlaritza”.

Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia (2018-2020) hiru ardatz nagusitan egituratuta dago: ijitoen bizi-kalitatearen hobekuntza; ijitoen partaidetza soziala; eta bizikidetzaren eta ijito-kulturaren ezagutzaren hobekuntza. Estrategiak hainbat ekintza-ildo zehaztu ditu ardatz bakoitzerako. Guztira hemezortzi ekintza dira, eta ardatz bakoitzaren helburu orokorra lortzeko bidean aurrera egitea dute helburu.

Estrategia, nolanahi ere, Ijito Herriaren erabateko sustapenari eta partaidetza sozialari lotutako gizarte-politiketarako Europako eta Estatuko erreferentzia-esparruan kokatuta dago. Politika horiek Estatuko eta Europako lehentasunezko eremuak ezartzen dituzte.

Artolazabalek adierazi duenez, “Europar Batasunean ijitoak gizarteratzeko zehaztutako oinarrizko hamar printzipioen arabera, oso garrantzitsua da: politika konstruktiboak, pragmatikoak eta ez-diskriminatzaileak bultzatzea; ijitoengan esplizituki oinarritzea (baina ez esklusiboki); kulturarteko planteamendu bat egitea; ijitoen kolektiboa gizartean erabat txertatzeko aukera bultzatzea; genero-dimentsioaz jabetzea; frogetan oinarritutako politikak helaraztea; tresna komunitarioak erabiltzea; eskualdeetako eta tokiko administrazioek parte hartzea; gizarte zibilak parte hartzea; eta ijito-komunitateak aktiboki parte hartzea”.

Plangintza- eta jardun-dokumentu horrek jarraitutasuna ematen dio 2013-2016ko Estrategiari, eta, Artolazabalek azaldu duenez, “hobetzeko aukerak planteatzen ditu; izan ere, Estrategiaren enuntziatu bakoitzari lotuta egin beharreko jardunak zehatz-mehatz adierazten ditu, jardun horien garapenaren gutxieneko jarraipena egiteko aukera emango duten adierazleak eskaintzen ditu, Kontseiluarekiko eta Batzorde Iraunkorrarekiko harremana bermatuko duten erreferente identifikagarriak zehazten ditu, eta aurreko guztiaren jarraipena eta informazio partekatua ahalbidetuko duten formulak bultzatzen ditu”.

Hona hemen Estrategiak sustatzen dituen 18 ekintza-ildoak:

  1. Ikasleen eskola-arrakasta handiagoa lortzea, eskola inklusibo baten esparruan, neskak eta emakume gazteak bereziki kontuan hartuta.
  2. Genero-indarkeriaren tratamendu integrala sustatzea (prebentzioa, harrera eta arreta), betiere ijito-komunitatearen berezko kultura-gakoak eta aniztasuna errespetatuta.
  3. Prestakuntza, enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko eta jarraitzeko aukera hobetzeko zerbitzu-sarea finkatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin koordinatzeko mekanismoak ezartzea.
  4. Osasun-agente komunitarioen figura sortzeko aukera kontuan hartuko duten osasuna sustatzeko programak diseinatu, garatu eta ebaluatzea.
  5. Ijitoen ostatu-kalitatea hobetzeko jardunak sustatzea.
  6. Ijitoen gizarte-erakundeek eta ijitoen aldekoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren sistema hobetzeko prozesuan parte hartzeko aukera erraztea.
  7. Justizia Administrazioarekin lankidetzan jardutea, auzietan eta/edo esku-hartzeetan kultura-gakoak kontuan hartzen direnean.
  8. Ertzaintzarekin harreman positibo bat ezartzeko bidean aurrera egitea.
  9. Ijitoekin lan egiten duten erantzukizun publikoko zerbitzuetako profesionalak ijitoen egungo errealitatera eta historia eta kulturara hurbiltzea, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko eta ijitoekiko harremanak eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko bidean aurrera egiteko.
  10. Kontseiluari lotutako agenteekin lankidetzan, EAEn Estrategiari dagokionez egindako jardunak, intereseko jardunbide egokiak eta ezagutza eta praktika hobetzeko lagungarria izan daitekeen beste edozein informazio gehigarri esanguratsu zabaltzeko eta jarraipena egiteko prozedurak ezartzea.
  11. Ijitoen elkarte-mugimendua babestea eta laguntza teknikoa ematea, haien ahalduntzea sustatzeko eta ijito-komunitateari lotutako gaiak lantzen dituzten aholku- eta lankidetza-eremuetan (foro, sare eta antzekoetan) parte hartzeko aukera errazteko.
  12. Ijitoen erakundeetako eta ijitoen aldeko erakundeetako profesional eta boluntarioen trebakuntza
  13. Emakume ijitoen agerikotasuna, errekonozimendua eta ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzen laguntzea.
  14. Euskadin azaroaren 16an Ijito Herriaren Eguna ospatzea.
  15. Ijito herriaren kultura eta historiaren ezagutza zabaltzera eta ijito-identitatea aitortzera bideratutako komunikazio-estrategia bat garatzea.
  16. IKTen eta sare sozialen erabilera sustatzea, EAEko ijito-komunitatearen eta antzeko beste gai batzuen inguruan sentsibilizatzeko eta horri buruzko informazio garrantzitsua zabaltzeko tresna gisa.
  17. Tratu Berdintasunaren aldeko eta Diskriminazioaren Aurkako Eraberean Sarea finkatzea eta haren ezagutza eta erabilera zabaltzea.
  18. Kultura-politikaz arduratutako administrazioen ekintza-eremuan ijitoen kultura eta historia esplizituki txertatzea.

 “Azken batean, hiru lurraldeetan Ijito Herriaren erabateko sustapena eta partaidetza soziala lortzera bideratutako proposamen multzo bat biltzen du estrategia honek. Euskadiko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluak aktiboki hartu du parte Estrategia lantzeko prozesuan”, azpimarratu du Artolazabal sailburuak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko