
Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketarekin ireki da 2018ko Beldur Barik programa
Gaur, irailak 24an, Beldur Barik programaren edizio berri bati hasiera emango zaio. Programa hau urtero egiten da gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. Emakundek antolatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-en babesa eta beste erakunde batzuen laguntza jasotzen du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta gizarte politiketako sailaren Gazteria Zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Egitasmoa 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan.
Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusienetako bat da. Aurtengo edizioko leloa “Beldur barik jarrera partekatu” izango da, sare sozialei erreferentzia eginez, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa zabaltzeko.
Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Lanak aurkezteko epea gaur, irailaren 24an, irekitzen da eta azaroaren 9an itxiko da. Parte-hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta, bestetik, 18-26 bitartekoak. Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Iazko edizioan 390 lan eta 2.664 gazte aurkeztu ziren. Datuek erakusten dute,beraz, urtez-urte haziz doala lehiaketaren harrera ona.
Programak, gainera, web gunea (www.beldurbarik.eus) eta sare sozialetan perfilak ditu (facebook, twitter, instagram eta spotify) Beldur Barik jarrera gazteen artean zabaltzeko. Sortutako eduki eta interakzioekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.
Beldur Barik Jarrera
Beldur Barik ez da bakarrik ikus-entzunezko lehiaketa soil bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.
Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri bozketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria ere, 300 euroko saria jasoko duena.
Epaimahaia honako hauek osatuko dute: proiektua bultzatzen duten instituzioetako ordezkariak; feminismoa, sorkuntza, kultura eta hezkuntza arloekin lotutako pertsonak; eta aurreko urteetako lehiaketako partaideak. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria aukeratuko ditu, eta herri bozketaren bitartez parte-hartze saria, berriz, Beldur Barik web gunearen bitartez egingo da.
-
2018-09-24
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: Arranca la edición 2018 del programa #BeldurBarik con un concurso audiovisual para chicas y chicos ➡︎ https://t.co/REyy7kb0cR h… -
2018-09-24
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketarekin ireki da 2018ko #BeldurBarik programa ➡︎ https://t.co/15eq8GwpeE https://t.c…