Eu

Mª Jesús San José sailburuak "Lan-harremanen gobernantza: hiru alderdiko eta bi alderdiko dimentsioak" jardunaldiari hasiera emango dio.

2018.eko irailak 24

Gaur goizean Bilbon María Jesús San José Lan eta Justizia sailburuak hasiera eman dio “Lan-harremanen gobernantza: hiru alderdiko eta bi alderdiko dimentsioak” jardunaldiari. Besteak beste, Confebasken zein CCOO eta UGT sindikatuen ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Lan Harremanen Kontseiluak eta Lan Justizia sailak antolatu dute jardunaldia elkarlanean. Jardunaldiak parte hartu dute, beste beste, Loli García CC.OO Euskadiko Langile Komisioen idazkari nagusiak, Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak, Jon Bilbao Confesbakeko Lan Harremanen zuzendariak eta Tomás Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko buruak.

Horiekin batera, hizlari lanetan aritu dira Tomás Sala, "Propuestas para un debate sobre la reforma laboral" liburuaren egilea, eta Alfonso Mellado, Valentziako Erkidegoko Comité Económico y Social erakundeko presidentea.

 

 

Mª JESÚS SAN JOSÉ-REN AGERRALDIA

Egunon guztioi

Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluak eta nire Lan eta Justizia Sailak elkarrekin antolatu dugu jardunaldi hau, lan-merkatuaren inguruko oinarrizko kontuei buruz hausnartzeko asmoz.

Berriki, Tomás Sala irakasleak zuzendu eta koordinatu duen lan garrantzitsu bat argitaratu da -ohore bat da bera ere gure artean izatea-, non lan-arloko zuzenbidean adituak diren beste 17 pertsona entzutetsuk parte hartu duten. Lan-erreformaren inguruan eztabaidatzeko proposamenak du liburuak izenburu, eta duela gutxi argitaratu izana baliatu dugu aurkezpen hau antolatzeko.

Tomás Sala gurekin daukagu, baita Carlos Alfonso Mellado Valentziako Erkidegoko Ekonomia eta Gizarte Batzordeko presidentea ere, liburu honetan jasotzen diren gaien inguruan aritu daitezen lehenengo mahai-inguruan.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan bizirik eta puri-purian dagoen zerbaiten inguruan eztabaidatzeko mahai-ingurua ere egingo dugu; gizarte-elkarrizketaz hitz egiteko mahai-ingurua, alegia. Loly García, Raúl Arza, Jon Bilbao eta Jon Azkue, eskerrik asko bertan parte hartzeko gonbidapena onartzeagatik.

Elena Pérez Barredok eta Tomás Arrietak bideratuko dituzte mahai-inguruok. A ellos también mi agradecimiento.

Egunotan, hamar urte beteko dira Lehman Brothersek behea jo zuela. 1929ko krisitik, horixe jotzen da merkatuko ekonomiak izandako ekonomia-krisi handienaren hasiera.

Atzeraldiez hitz egiterakoan, haietako bakoitzak irudi jakin bat dakarkigu beti burura; baina, labur esanda, beti agertzen dira langabezia eta langile-jende txirotua.

Azken krisi hau gainditzen saiatze aldera, hainbat mekanismo abiatu dira. Hala ere, herrialde guztiek ez dute berdin jokatu. Obamaren gobernuak Altxor Publikoko dirua injektatu zuten ekonomian; Europak, berriz, Alemaniak sustatuta batez ere, aurrekontuetan austeritate-politikak ezarriz erantzun zuen.

Politika horren ondorioz, krisia eskubideak murriztu dituzten lan-erreformak ezartzeko koartada gisa erabili delako sentsazioa dauka jende askok, eta lan-merkatuarekin zerikusia duten alderdi askotan atzera egitea ekarri dutela neurriok. Gauza bat argi dago: jende asko sistema demokratiko liberaletik urrundu egin da, Europa erakunde politikotik urrundu, eta era askotako populismoak sortu dira.

Neurri horien ondoriozko lan-merkatuan, prekarietatea, behin-behinekotasun tasa handiak eta nahi ez ditugun denbora partzialeko kontratuak dira ezaugarri nagusi, bai eta soldata urriak irabazten dituzten langileak ere, bizitza pertsonala eta familiarra normaltasunez garatu ezinik.

Inoren begiradapetik at ibili nahi duten lan mota berriak sortu dira, lan autonomoaren askotariko formulak orokortuz. Elkarlaneko plataformez ari naiz, nahiz eta izendapen hori egokia ez izan, lan-kontratuaren elementu adierazgarriak ezkutatzen baitituzte; ezin ditugu beren horretan utzi.

Horri guzti horri, gure lan-merkatuan eragingo duten funtsezko bi erronka gaineratu behar dizkiogu. Alde batetik, erronka demografikoa dugu, eta, bestetik, etengabeko aurrerapen teknologikoek eragin duten industria-iraultza berria.

Garbi dago gogoeta sakona eta proposamenak behar ditugula, inor ahaztu gabe erantzuteko erronka horri, batez ere langileak ahaztu gabe; hori bai, hitz eginez eta akordioak iristeko gogoz. Eta, horretarako, gaur gure artean ditugunak bezalako azterlanak eta eztabaidak behar ditugu.

Tomás Salak hitzaurrean idazten duen moduan, «abiapuntua ezarri behar da planteatzen diren gune kritikoen eta irtenbideen gainean»; hori da asmoa. Lantegi ditugun gaiok xehe-xehe eta zuzen-zorrotz azterturik daude liburuan. Ez dago lan-merkatuaren inguruan aztertu gabe eta proposamenik jaso gabe geratu den konturik.

Zorionak laguntzaile guztiei eta, batez ere zuri, Tomas.

Liburuak dakar Langileen Estatutua osorik aldatu behar dela, azken hamarkadetako berritasunei egokitu dakien. Eta nik esan behar dut ados nagoela.

Azpimarratzen du negoziazio kolektiboa lehen planoan jarri beharra dagoela, behar-beharrezkoa dela hori, eta ni ados nago. Sala irakasleak dioen moduan, azken erreformak ez dira garbi-garbi negoziazio kolektiboaren aldera abiatuta egin, eta alderdiei negoziazio-ahalmena kendu diete, eragile sozialen arteko akordiorik ere ezbaian jartzeraino.

Etorkizunera begirako lan-harremanen ereduan, hitzarmen kolektibo hobeak egon beharko lirateke, eta bitartekaritza/arbitraje hobeak.

Azken finean, gizarte zibil gehiago, gizarte-eragileen adin-nagusitasuna errespetatuz, eta estatuaren tutoretza gutxiago. Ni ere ados nago.

Garatuta dagoen herrialde moderno batean, ezin daiteke onartu hitzarmena hainbat urtez indargabetuta edo berritzeke daukaten horrenbeste langile egotea. Hala ere, eta hau ere adierazi nahiko nuke, onartutako hitzarmenetan izan da hobekuntzarik aurtengoan.

Eta hain justu oraintxe iritsi gara mahai gainean jarriko dugun beste gai garrantzitsura: gizarte-elkarrizketara, alegia. Gizarte-elkarrizketak funtziona dezan, ezinbestekoa da gizarte-eragileak lan-harremanetako subjektu aktiboak izatea, legedia aurreratuenen eta gizarte bidezkoenen nortasun-zeinua baita hori.

Funtsezkoa da gizarte-eragileek beren gain har ditzatela, benetan hartu ere, "berezkoak dituzten" interesen babesa eta sustapena, Konstituzioan jasotzen den moduan.

Zehaztearren, zuzenbide-estatuak funtziona dezan eta laneko eskubideak bermatzeko eta areagotzeko bidean aurrera egin ahal izan dezan, gizarte-elkarrizketarekin konprometituta dauden gizarte-eragile indartsuak eduki behar ditugu.

Guztiok dakigunez, gai polemikoa da hori Euskadin. Uste dut baikorrak izateko arrazoirik ez zaigula falta, are gehiago duela gutxi zehaztu diren bi neurrirekin: batetik, gizarte-elkarrizketarako mahaia erakundetu nahi duen dekretu-proiektua dugu, eta, bestetik, Enplegu eta kualifikazioaren esparru-akordioari buruz Lehendakariak egin duen proposamena (sindikatuek ez zuten sinatu).

Azkenik, jakizue erabat engaiaturik nagoela elkarrizketa sozialaren alde. Jende askok hitz egiten du eta lan egiten du elkarrizketa soziala egia betea izan dadin gure erkidegoan; eskerrik asko, guztioi, zuen ahaleginarengatik. Gizarteak merezi du, langileek merezi dute eta herritar guztiek merezi dute.

Besterik gabe, eskerrik asko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak