Eu

Artolazabal: “Salzburgoko goi-bilerak ez die erantzun EBko estatu azpiko gobernuek eta herrialdeek Afrikako sustapen demokratikorako estrategia komun bat zehazteko egindako gizarte-eskariei”

2018.eko irailak 22

VG 18 09 22

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen ustez, aste honetan Salzburgon (Austria) egindako Europako goi-bilerak “ez die erantzun migrazio-fluxu nagusiak sortzen dituzten Saharaz hegoaldeko herrialdeetako sustapen demokratikoa bultzatzeko eta herrialde horietan inbertsio ekonomiko eta sozialak egiteko (garapen jasangarri bat sortu ahal izan dadin eta bertako jendeak bizitza duinago baten bila alde egin ez dezan) Europar Batasuneko estatu azpiko gobernuek eta herrialdeek egindako gizarte-eskaerei”.

 

Europar Batasunak saihestu egin du aste honetan herrialdeak migrazioaren arloan gehien bereizten dituzten gaiei buruzko eztabaida (errefuxiatuen banaketari buruzkoa, adibidez), eta Afrikarekiko lankidetza izan du ardatz gaur egin den eta Frontex erakundea sendotzeko ideia lehen aldiz landu duen goi-bilera informalean.

 

Immigrazioaren gaia Europako agintariek asteazkenean Salzburgon egindako lan-bileran baino ez zen aztertu. Bilera horretan egiaztatu zenez, “desadostasunak daude oraindik”, baina “akordio” bat lortu da hirugarren herrialdeekiko (Egipto barne) lankidetza sendotzeko premiaren inguruan.

 

 “2020. urterako Europako Mugen Guardia 10.000 poliziatan gehitzeko eta haren mandatua zabaltzeko proposamena aipatu da, immigratzaileen kontrolak ere egin ahal izan ditzan eta EBtik kanpo ere jardun ahal izan dezan, baina ez da sakondu migrazio horien arrazoietan: demokraziarik eza herrialde jakin batzuetan, kanpoko enpresek edo potentziek herrialde horietako aberastasun naturala agortzea eta herrialde horietan gertatzen ari den despopulazioa; izan ere, gazteenek beste modu batzuk bilatzen dituzte bizitza duina lortzeko, beren lurrean bizitza jasangarri bat izan zezaketenean”, adierazi du Artolazabalek.

 

 “Kontua ez da aldizkako dohaintza ekonomiko batzuekin justifikatzea; aitzitik, egoera jatorrian konponduko duen sakoneko estrategia bat behar da. Horixe helarazi diogu Euskaditik Junckerri eta Lambertzi, eta, gainera, Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu azpiko gobernu batzuenekin bat datozen proposamen batzuk egin ditugu”, azpimarratu du Beatriz Artolazabalek, eta, gogorarazi duenez, “eskualdeek eta herrialdek berriz eztabaidatuko dute gai horren inguruan Bruselan, Europako Eskualdeen Batzordeak urrian egingo duen goi-bileran”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak