Berriak Lehendakaritza
Eu

Herritarrekiko Administrazio eraginkorrago, gardenago eta hurbilago baten alde egiten du apustu Eusko Jaurlaritzak

2018.eko irailak 25

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluan heldu zaizkien gaien kontu emateko.

Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak, Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan jakinarazi duenez, gaur egiten ari dira “Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren” bilera, eta bertan dago mahai gainean Euskal Enplegu Publikoaren Legearen Aurreproiektua onestea. Erkorekak azaldu duenez, gaur onesten den dokumentua oraingo erregulazioaren ‒1989an datatua‒ eguneratze bat da, integrala eta berritzailea, eta azpimarratu du lotu egiten dituela euskal instituzioen arrazionalizazio-, modernizazio- eta digitalizazio-prozesuak. “Enplegu publikoa erregulatzea da gure helburua, hain zuzen ere, herritarrekiko Administrazio eraginkorrago, gardenago eta hurbilago bat sortzeko, Gobernantza Publikoaren eskakizun handiko irizpideekin bat datorrena”, gaineratu du.

Ildo horretatik, sailburuak nabarmendu duenez, Enplegu Publikoaren Legearen Proiektuak “ireki egiten du, lehenbiziko aldiz, Administrazioan urteak lanean daramatzaten bitarteko langileen enplegua irmotzeko aukera emango duten formulak abian jartzeko bidea”. Hala, azpimarratu duenez, pertsona horien esperientzia eta prestakuntza aprobetxatzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua. Gainera, nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburu bat da enplegu publiko egonkorra eta kalitatekoa, eta zehaztu du 2020 Enplegu Planak 13.500 plazaren deialdi publikoa konprometitu duela ahalik eta lan-egonkortasun handiena bermatzeko.

Lege-proiektu honek sakondutako konpromisoei aipamen eginez, Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsonen kontziliazioa, emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna eta familia-eredu berriak nabarmendu ditu Josu Erkoreka bozeramaileak.

Sailburuak azaldu duenez, testuak jasotzen duen beste berritasun bat da langile publiko guztiei helarazten diela kudeaketa etika publikoaren estandarren arabera zuzentzeko eskakizuna. Horren haritik, adierazi duenez, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak gaur testua onetsi ondoren, bere tramitazioaren azken faseari heltzen dio proiektuak. “Urtea amaitu aurretik behin betiko onartu eta Legebiltzarrera bidaliko dugu”, gaineratu du Erkorekak.

LA NAVAL

La Naval ontziolari buruz galdetuta, berri txar bat dela azpimarratu du bozeramaileak. Ziurtatu duenez, gainera, Eusko Jaurlaritza, gainerako instituzio, enpresa, eragile ekonomiko eta sozialekin batera, inbertitzaile berriak aurkitzen saiatzen ari da ontziola “ur gainean" mantentzeko helburuz. “Enplegua eta jarduera mantentzea da gure lehentasuna”, nabarmendu du Erkorekak.

TRANSFERENTZIAK

Egiteko dauden transferentziei buruz galdetuta, sailburuak azaldu duenez, atzo bertan jasotako proposamena aztertzen ari dira. Horren haritik, Erkorekak zehaztu du testuak lantzen ari direla trenbideko bi lineen transferentzia egiteko (Alonsotegi/Barakaldo eta Bilbo/Basauri) eta baita AP-1 autobideko zati batena (Armiñón/Burgos) ere. “Akordioa lortzean jarriko diogu data Transferentzien Batzorde Mistoari, 2011tik bildu ez denari”, azpimarratu du sailburuak.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)