Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak Prestakuntza Sanitario Espezializatuko plazen kopurua % 19 handitu du belaunaldi erreleboa bermatzeko

2018-09-21
  • 2019ko BAME deialdirako jada onartu den gehikuntza Estatuan eskainitako handiena da
  • Pertsonal sanitarioa batez ere Lehen Mailako Arretarekin lotutako kategorietan indartzen da, arlo horrek “lehentasuna” baitauka Osasun Sailarentzat

2019.urterako, Osakidetzak Graduondoko Prestakuntza Sanitario Espezializatuko 446 plaza eskainiko ditu guztira; hau da, aurreko urtean baino % 19 gehiago. Plazen kopuruaren gehikuntza horri esker —Estatu osoan egingo den handiena—, datozen urteetan Euskal Osasun Zerbitzuak burutu behar duen “osasun-langileen belaunaldi-erreleboan” aurrera egin ahal izango da. Hala adierazi du Jon Darpón Osasun sailburuak, Iñaki Berraondo sailburuordea aldamenean zuela, eskaini duen prentsaurreko batean.

Azken urteetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioarekin negoziazio-prozesu bat hasi zuen, mediku, erizaintza eta osasuneko beste kategoria profesional batzuetan plazen kopurua handitzeko, Euskadirentzako “lehentasuneko” gaia baitzen. Gehikuntza hori onartu ondoren, BAME 2019ko deialdian argitaratu zen, irailaren 14ko BOEn. Zehazki, 2018-2019 deialdirako plazen banaketa ondorengo hau izango da:

 

  • BAME mediku espezialisten 371 plaza, aurten baino 54 gehiago (% +17).
  • BAFE ospitaleko farmaziako 10 plaza, aurten baino 5 gehiago (% +100)
  • BAPE psikologo klinikoko 5 plaza, 2017-2018an eskainitako berberak.
  • BAEE erizain espezialisten 60 plaza, aurten baino 11 gehiago (% +22)

 

Guztira, Euskadik prestakuntza espezializatuko 446 plaza izango ditu, aurreko urtean baino % 19 gehiago. Lurraldeka honela banatuko dira: Bizkaian 249 plaza, Gipuzkoan 121 eta Araban 76. Gogoratu behar da Estatuan, plaza guztiak batzen badira, BAME deialdiak, aurreko urtearekin alderatuta, % 4,4ko gehikuntza eskaintzen duela. “Osakidetza Estatu osoan plazen gehikuntza handiena eskainiko duen osasun-zerbitzua izango da, eta hori, zalantzarik gabe, oso albiste ona da gure osasun-sistemarako, eta gure profesionalentzat”, aitortu du Osasun sailburuak.

Deialdi honen beste gai azpimarragarri bat da espezialitateen araberako plazen banaketa. Euskadin Lehen Mailako Arreta indartzeko Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategiaren ildotik, plaza kopuru handiena, 103 guztira, Familia eta Komunitateko Medikuntza espezialitatean eskainiko da, % 13ko gehikuntzarekin. Bolumen handieneko beste bi kategoriak pediatria eta emaginak dira; bakoitzean 24 plaza eskaintzen dira.

Gainera, azken bost urteen alderatzea egiten bada, Euskadin eskainitako BAME plazen kopurua % 43 baino gehiago hazi da. Gehikuntza hori ematen da, hain zuzen ere, Lehen Mailako Arretari edo biztanleriaren zahartzearekin erlazionatutako kategoriei lotutako prestakuntza espezializatuan dagoen gero eta eskaintza handiagoagatik. Hala, gehikuntza handia eman da ondorengo arlo hauetan: familia eta komunitateko medikuntzan % 37; pediatrian % 33; erizaintzan % 43; anestesistetan % 26; barne-medikuntzan % 62; neurologian % 50; kardiologian % 33; endokrinologian % 150; onkologia medikoan % 20; erradioterapian % 33; traumatologian % 50; oftalmologian % 50; urologian % 20; erradiologian % 25; eta ospitaleko farmazian % 150.

Osasun sailburuaren iritziz, Osasun Sailak eta Osakidetzak sustatutako neurriei esker, Euskal Osasun Sisteman agertzen ari diren beharrei erantzun ahal izango zaizkie datozen urteetan.  “Erretiroa hartuko duten profesionalak ordezkatuko dituzten gazteak prestatzeko gai izango gara, baita gero eta zaharragoa izango den, gaixotasun kroniko gehiago izango dituen eta mendetasun handiago izango duen gizarte bati aurre egiteko osasun-sistema bat prestatzeko ere”, adierazi du.  

Beste neurri batzuk

Gaur iragarritako neurria, zalantzarik gabe, “urrats garrantzitsua" da etorkizunean Osakidetzan beharko diren osasun-langileak bermatzeko. Baina aipatutakoak ez dira helburu horrekin hartutako neurri bakarrak. Uztailean, UPV/EHUrekin elkarlanean, ondorengo erabaki hauek hartu zituzten:

 

  • Medikuntza Fakultatean eskainitako plazak 325 arte handitzea 2018/2019 ikasturtean.
  • Familia eta komunitateko medikuntzako gela bat sortzea, espezialitate hori Unibertsitate honek eskaintzen duen Medikuntza Graduan indartu ahal izateko.
  • Barrualde-Galdakao ESIa UPV/EHUko Medikuntza Graduko prestakuntzan txertatzeko akordioa.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)