Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Jaurlaritza jada lanean ari da euskal hezkuntza sistemari kohesio handiagoa emango dion  hezkuntza lege batean (Gobernu Bilera 2018-09-18)

2018-09-18
  • Helburu horretarako Eusko Legebiltzarrean Legegintzako Herri Ekimenak aurkeztutakoaren izpiritua partekatzen du, baina Jaurlaritza Hezkuntzako Lege Proiektu bat prestatzen ari dela gogoratu du, Euskadin hezkuntzaren etorkizuna definitzeko. Lege horretan ere jasoko dira inklusibitatea eta bizikidetza modu integral eta integratzaile batean 

Gaur, asteartea, Gobernu Kontseiluak “Euskal hezkuntza-sistemaren kohesio handiagoa lortzen lagunduko duten neurriak hartzeko, Legegintzako Herri Ekimeneko Lege Proposamena" tramitatzearen aurka dagoela adierazi du. Izan ere, ekimenaren helburua partekatzen badu ere, gogoratu du jada Hezkuntzako Lege Proiektu bat prestatzen ari direla, eta bertako oinarrizko bost ardatzen artean, inklusibitatearen, bizikidetzaren eta kohesioaren esparruen erregulazioa egongo dela. Eusko Jaurlaritzak, aurki, egutegi legegileak dioen bezala, Lege Proiektua Eusko Legebiltzarrera bidaliko du,  eta modu integral eta integratzaile batean, Euskadin hezkuntzaren etorkizuna definituko du.

MARTXAN DAUDEN EKIMENAK

Gaur onartutako testuan, Eusko Jaurlaritzak ekimen honen sustatzaileekin honako hau partekatzen du: “hezkuntza-sistemaren kalitatean aurrera egiteko beharra, eta horretarako ekitatea, gizarte-kohesioa, balioen hezkuntza, aniztasunaren eta pentsamenduen eta sinesmenen askatasunaren errespetua sustatuko da, baita giza eskubideak eta aniztasuna babestea ere”. Arlo horretan, oztopo sozio-ekonomikoak gaindituko dituen, eta hezkuntza jasotzeko kohesioa eta berdintasuna bermatuko dituen hezkuntza-sistemaren erreforma sustatzeko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak gogoratu du “Heziberri 2020” izeneko hobekuntza-plana aurkeztu duela. Bertan, hezkuntza-mailako inklusioa, ekitatea eta bikaintasuna lortzen laguntzeko lan-ildo espezifikoak barne hartu ditu, era horretan, ikasgeletan desparekotasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak gainditzeko. Zehazki, plan honetan ondoko hau adierazten da: “Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztiek hezkuntzarako duten eskubidea bermatu behar du; horregatik, ekitate eta justizia sozialeko ikuspegi batekin egindako planteamendu etiko batetik, hezkuntzak inolako bazterketarik —gaitasuna, kultura, etnia, erlijio, genero, sexu, etab.— izango ez duen aukera-berdintasuna eskaini behar du”.

Era berean, eta helburu horretarako, Eusko Jaurlaritzak “2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana” aurkeztu zuen. Ekimen horretan, Legegintzako Herri Ekimenak proposatzen duen ildotik euskal hezkuntza-sistemari kohesio handiagoa emateko hainbat neurri biltzen dira.

Duela gutxi, Eusko Jaurlaritza “Hezkuntza Premia Berezien Indizea” ezartzeko lanean hasi da, ikastetxe bakoitzaren behar bereziak hobeto identifikatzeko eta hautemateko, eta irakasleek erantzun egokiak ematen saiatzeko tresna gisa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko