Eu

Beatriz Artolazabal: “Pertsona orok tratu duina eta errespetuzkoa merezi du, eta horixe da gizarte-eremuko ekintza politikoaren oinarria”

2018.eko irailak 21
  • Sailburua Alzheimerraren eta beste dementzia batzuen AFA Araba elkarteak antolatutako Alzheimerraren Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusian izan da
  • Euskadi Lagunkoiak, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluaren eskutik, dementzia duten pertsonenganako tratu lagunkoia sustatzeko 41.000 gida-liburuxka baino gehiago banatu ditu
  • “Euskal herritarren bizi-itxaropena Europako batez bestekoa baino handiagoa eta munduko handienetako bat da, eta hori gizarte-lorpen izugarria da”

VG 2018 09 21

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur arratsaldean adierazi duenez, “pertsona oro beti duintasunez eta errespetuz tratatzeak izan behar du ekintza politikoaren oinarria gizarte-eremuan”. Adierazpen horiek Alzheimerraren eta beste dementzia batzuen AFA Araba Elkarteak Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako ekitaldi nagusiaren esparruan egin ditu. Ekitaldi horretan azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzak zuzenean babesten du AFA Elkartea hiru Lurralde Historikoetan, beti bezala, kalitateko arreta soziosanitarioaren aldeko apustu garbia eta irmoa eginez edota zahartze aktiboa sustatuz (hitzaren zentzurik zabalenean)”.

 

Artolazabal sailburuaren arabera, dementziek “65 urtetik gorako hamar pertsonatik bat eta 85 urtetik gorako hiru pertsonatik bat hartzen dute eraginpean” Euskadin. Horrek esan nahi du Euskadin 45.000 pertsona inguru daudela egoera horretan. Hori dela eta, Artolazabalek adierazi duenez, “gero eta bizitza luzeagoa dugun heinean, eta irtenbiderik aurkitzen ez den bitartean, Alzheimerra duten gero eta pertsona gehiago egongo dira gurea bezalako gizarteetan. Izan ere, zorionez, gero eta pertsona gehiago iristen dira 65 urtetik gorako adinera”. Sailburuak azpimarratu duenez, “euskal herritarren bizi-itxaropena Europako batez bestekoa baino handiagoa eta munduko handienetako bat da, eta hori gizarte-lorpen izugarria da”.

 

Beatriz Artolazabalek, halaber, Eusko Jaurlaritzak aurten Euskadi Lagunkoia Sarearen bitartez eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluaren eskutik abian jarritako ekimenetako bat azpimarratu du: 41.000 gida-liburuxkaren banaketa, “dementzia duten pertsonenganako tratu lagunkoia sustatzeko eta, era horretan, pertsona horien autonomia sustatzeko, gizartean ahal den heinean parte hartzen jarrai dezaten”.

 

Gida horretan, dementzia zer den eta dementzia duten pertsonek nolako sintomak izan ditzaketen azaltzen da. Gainera, pertsona horiek eguneroko egoeretan (kalean, supermerkatuan edo autobusean) tratatzeko moduari buruzko aholkuak ematen dira. Ekimenaren helburua herritar guztiak inplikatzea eta dementzia duten pertsonekin lagunkoia izango den komunitate bat sortzea da.

 

Pertsona horiek gure ingurunean zaintzeko gomendioen artean, honako hauek aipatzen dira: irribarre egitea eta begi-kontaktua ezartzea; lasaitasuna eta adeitasuna agertzea; ahots-tonu suabea erabiltzea; umore-sena erakustea; pertsonari iseka ez egitea eta hanka-sartzeei garrantzirik ez ematea; esaten dena sinplifikatzea, baina infantilizatu gabe; galderak banan-banan egitea edo galdera sinpleak egitea; argibideak urratsez urrats ematea; pazientzia izatea; esaldia edo galdera errepikatzea eta, segundo batzuen ondoren ulertu ez badu, beste modu batean adieraztea; eta pertsona beti duintasunez eta errespetuz tratatzea.

 

 “Azken batean, enpatizatu egin behar da”, laburbildu du sailburuak, eta honako hau gaineratu du: “lagunkoitasunak beste pertsona batzuen lekuan jartzea esan nahi du, haien premiei ahalik eta hobekien erantzuteko, askotan ia ahaleginik egin behar izan gabe. Lagunkoitasuna dagoeneko pertsona askok eguneroko bizitzan aplikatzen duten kontzeptua da, baina ez dago sobera horren inguruko gogoeta egitea”. Beatriz Artolazabalekin batera, Marian Olabarrieta eta Peio López de Munain izan dira ekitaldian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak