Berriak Osasuna
Eu

Barne ikerketa amaituta, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak 2016-2017ko EPE-ko hautagaien eskubideak bermatzeko hartutako neurri berriak jakinarazi ditu

2018.eko irailak 17

Osakidetzako zuzendari nagusia, Maria Jesus Mugica, komunikabideen aurrera irten da gaur arratsaldean Osakidetzako EPEaren inguruan hartutako neurri eta ekintzen berri emateko, lau kategoria medikotan irekirik zeuden informazio-espedienteak amaitutzat eman ondoren eta Oviedoko Unibertsitateko adituek egindako 86 txosten estatistikoak zehatz-mehatz aztertu ondoren.

Maria Jesus Mugicak gogorarazi du informazio guztia EPEaren Jarraipen Batzordeari, Arartekoari eta Fiskaltzari bidaliko zaiela, helburu honekin: EPE honi berme guztiekin eta erabateko gardentasunarekin amaiera ematea, eta oposiziogile guztiei baldintza berberetan parte hartzeko aukera bermatzea.

Hortaz, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duen legez, Digestio-aparatuko, Medikuntza Intentsiboko eta Urologiako kategorietako Epaimahaiak bildu ondoren, behin aztertu direla informazio-espedienteen ondorioak eta Oviedoko txosten estatistikoak, Epaimahai horiek hauxe erabaki dute: ariketarik ez errepikatzea eta prozesuarekin aurrera jarraitzea.

Laugarren informazio-espedienteari dagokionez, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak diziplinazko espedientea irekitzea erabaki du Traumatologiako Epaimahaiko 6 kideri, eta hautaketa-prozesuari lotutako jarduerak kautelaz etetea.

Zuzendari nagusiak azaldu duenez, Osakidetzako barne ikerketan prozedura-akatsa detektatu da Epaimahaiko sei kide horien jardunean, nahiz eta ikerketa horrek berak aldi berean zera ondorioztatu duen, “ezinezkoa dela frogatzea akats horrek ariketen emaitzetan eragina izen duenik”. Osakidetzak irekitako informazio-espedientean nabarmendu den bezala, Traumatologiako Epaimahaiko kideak bildu egin ziren behin, aurretik bilera-dei formalik egin gabe.

Beraz, EPE honetako 86 kategoriak aztertu ondoren, Epaimahaiek erabaki dute 5 azterketa soilik errepikatuko direla 3 kategoriatan:

-Angiologia eta kirurgia baskularreko bi ariketak;

-Anestesiologiako bi ariketak, eta

-Kardiologiako bigarren ariketa.

Bestalde, Maria Jesus Mugicak azpimarratu du Osakidetzako Administrazio Kontseilua lanean ari dela, LAB eta ESK sindikatuek eta 116 pertsonek jarritako gora jotzeko errekurtsoak aztertzen eta balioztatzen. Errekurtso horiek jarri dituztenek Angiologia eta kirurgia baskularreko, Anestesiologiako eta Kardiologiako kategorietan azterketak ez errepikatzea eskatu dute. Horrez gain, azterketak errepikatzearena Epaimahaiek eurek hartutako erabakia izan zela gogorarazi du. Zentzu horretan, zuzendari nagusiak, Enplegu Publikoko Eskaintzako Epaimahaiak osatzen dituzten profesional guzti-guztien errugabetasunaren presuntzioaren alde egin du beste behin, gaur gaurkoz, ez dagoelako pertsona bakar baten erantzukizun indibiduala zehazten duen frogarik.

Azkenik, Euskal Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusitik jakinarazi dute Osakidetzako langile talde bat proposamen bat lantzen ari dela kanpoko adituen laguntzarekin, Enplegu Publikoko Eskaintzaren gaur egungo eredua hobetzeko. Hobekuntza-neurriok Legebiltzarrean aurkeztuko dira, Osasun Sailburuak eskatutako agerraldian.

Maria Jesus Mugicak esandakoaren arabera, aztertzen ari diren neurriak, talde parlamentarioetatik, Jarraipen Batzordetik, profesionalen elkargoetatik eta profesionalen eskutik ere jasotako proposamenei erantzuteko sortu dira. Beraz, Jarraipen Batzordearekin adostutako lehen proposamenak aurreratu ditu, hiru kategorien 5 ariketak errepikatzean aplika daitezen:

     Hona hemen neurriak:

a.Bi azterketak IVAPek egitea.

b.Bigarren azterketa (praktikoa) test bat izatea.

c.Azterketa guzti-guztien zuzenketa prozesua automatikoa eta anonimoa izatea.

Prentsaurrekoari amaiera emateko, Osakidetzako zuzendari nagusiak gogora ekarri du Osasun Sailaren eta Osakidetzaren asmo irmoa pasa den ekainaren 21ean talde parlamentario guztiek onartutako Mozioa betearaztea dela, hau da, EPE honi berme guztiekin amaiera ematea eta etorkizunera begira hobekuntzak planteatzea. “Ekinean jarraituko dugu Osakidetza prozesu honetatik berrindartuta atera dadin. Gure zereginik nagusiena EPE hau eperik laburrenean ebaztea da, eta globalki puntuazio onenak lortu dituzten 3.335 pertsonek lanpostu egonkorra eskuratu dezatela, ahalik eta lasterren”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak