Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak proposamen multzo bat aurkeztu du Euskadin, Espainiako Estatuan eta Europan migrazio-erronkei erantzuteko

2018.eko irailak 19
  • Euskadik “SHARE proposamena” aurkeztuko du Europan; harreraren erantzukizuna 3 parametrotan oinarrituta partekatzeko: zergen ondoriozko diru-sarreretan, biztanlerian eta langabezia-indizean.
  • Legezko immigrazioari, errefuxiatuei, erregularizatu gabe dauden migratzaileei eta bakarrik dauden adingabe eta gazte atzerritarrei lehentasunezko erantzun bat emateko “lan-agenda” bat proposatuko dio Espainiako Gobernuari
  • Euskadin, elkartasunean eta erantzunkidetasunean oinarritutako Migraziorako Euskal Itun Soziala bultzatuko da.

Eusko Jaurlaritzak migrazio-erronka berriei erantzun integral bat emateko bere estrategia moldatzen duen dokumentu bat aurkeztu du. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzak elkarrekin lan egin dute erakundeen artean migrazio-fenomenoei erantzuteko sistema antolatu eta solidario bat ezartzeko. Dokumentu horren bidez, erantzuna “hobetzen jarraitu” nahi da, eta, horretarako, erantzun sorta bat eskaintzen du “maila guztietan”: Euskadin (Migraziorako Euskal Itun Soziala), Estatuan (lan-agenda) eta Europan (erantzunkidetasunaren “Share proposamena”).

Dokumentua gaur goizean aurkeztu da, Lehendakaritzan egindako informazio-gosari batean. Bertan, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Ernesto Sainz, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando izan dira.

Amilibiak azaldu duenez, migrazio-mugimenduek dakarten egoerei “eskumen-maila guztietan” erantzun behar zaio. Fenomeno horren barruan, egoera desberdinetan dauden pertsonen errealitateak nahasten dira (errefuxiatuak, asilo-eskatzaileak, bakarrik dauden adingabe eta gazte atzerritarrak, migratzaile ekonomikoak eta abar). Sailburuordeak zehaztu duenez, “migrazio-erronka, nolanahi ere, erronka demografikoari lotuta dago”, eta honako hau azpimarratu du: “munduko herrialderik oparoenak migrazio-fluxuak hobekien hartu eta integratu dituztenak eta kulturen arteko eta erlijioen arteko bizikidetza sustatzen jakin dutenak dira”. Gaur aurkeztutako dokumentua bi zatitan egituratuta dago: “Share proposamena” eta lan-agenda partekatua.

Europa: “share proposamena”

“SHARE Proposamena” (“partekatu” ingelesez) harreraren eta integrazioaren inguruko erantzukizunaren banaketa “partekatua izateko” mekanismo zehatz bat adostean datza. Europako Eskualdeen Batzordeak datozen urriaren 9an eta 10ean Bruselan egingo duen bileran aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak proposamen hori. Eusko Jaurlaritzaren iradokizunak honako hiru parametro hauetan oinarrituta dago: zergen ondoriozko diru-sarrerak, (% 50); biztanleria (% 30); eta langabezia-indizea (% 20).

“Share proposamenaren formulazioa hiru pertsona taldetan aplikatuko daiteke modu transbertsalean: errefuxiatuak, erregularizatu gabe dauden migratzaileak eta bakarrik dauden adingabe atzerritarrak. Lurralde-aplikazioari dagokionez, EBko estatuetan, Estatu barneko Erkidego Autonomen artean; eta lurralde zein udalerritan”, Jon Fernandezek azaldu duenez,

Fernandezek esan duenez, “proposamenaren berritasuna zeharkakotasunean datza, baina berritasuna izango da, halaber, Europako estatu azpiko gobernuek Estatuko gobernuei konpromiso hori hartzeko dugun prestasuna helarazteko aukera izatea”.

Espainiako estatua: agenda partekatua

Dokumentuaren bigarren zatian, Espainiako Gobernuari eta gainerako erakunde- eta gizarte-agenteei zuzendutako hainbat proposamen ireki daude bilduta agenda partekatu bat zehazteko. Gaikako honako jardun-eremu hauek ezartzen dira: (1) legezko immigrazioa, (2) errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak, (3) erregularizatu gabe –eta kalteberatasun-egoeran– dauden migratzaileak, eta (4) bakarrik dauden adingabe eta gazte atzerritarrak. Lau eremu espezifiko horiei zeharkako ekintzak zehazten dituen bosgarren bat gaineratu behar zaie.

Hona hemen eskumenen arabera hainbat erakunde-mailatara helaraz litezkeen proposamenen adibide batzuk:

  • Migratzaileen jatorrizko herrialdeetan pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borroka zuzentzeko proposamena. (Europar Batasuna)
  • Asilo-prozedura bizkor baterako Europako estandar bat ezartzea, garatutako jardunbide egokiak kontuan hartuta (Holandak ezarritako prozedura, adibidez). (Europar Batasuna)
  • Migratzaileen jatorrizko herrialdeetan baliabide kontsularrak sendotzeko eta bizileku, lan eta ikasketen bisak errazago lortzeko proposamena, immigrazioa segurua izan dadin. (Espainiako Gobernua).
  • 12/2009 Babes Legearen 31. artikulua aldatzeko proposamena erkidegoen gobernuek errefuxiatuen harrera eta integrazio prozesuetan parte hartzea ahalbidetzeko. (Espainiako Gobernua).
  • Bakarrik dauden adingabe atzerritarren jatorrizko herrialdeekin akordioak sustatzeko proposamena lanbide heziketa, lankidetza proiektu, zein senideekin bueltatzeko programen bitartez. (Espainiako Gobernua).

Euskadi: migraziorako euskal itun soziala

Euskadin, Eusko Jaurlaritzak honako helburu hauek izango ditu: (1) “erregularizatutako immigrazio bat sustatzea”, (2) “errefuxiatuei erantzun egokia ematea”, (3) “migratzaileen etorrera erregulatu gabeari elkartasunez eta gizatasunez erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak antolatzea”, (4) “migratzaileak hartu eta integratzeko erantzunak koordinatu eta optimizatzea, bakarrik dauden adingabe eta gazte atzerritarrak bereziki kontuan hartuta”, eta (5) “Migraziorako Euskal Itun Soziala bultzatzea”.

Itun sozial honen helburua da “euskal talde demokratak biltzea elkartasunean eta erantzukizunean oinarritutako harrera eta integrazio pedagogia baten alde. Hitzaldi toxikoei -populista zein xenofoboei- aurre egitea ere du helburu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak