Berriak Hezkuntza
Eu

1,2 milioi euro gehiago 2017-2018 ikasturteko unibertsitate-beketarako (Gobernu Bilera 2018-09-18)

2018.eko irailak 18

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza  sailburuaren proposamenez, 2017-2018 ikasturteko unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren diru-kopurua 1,2 milioi euroan ugaritzea. 2017ko ekainaren 28ko Aginduak (2017ko ekainaren 30eko EHAAn argitaratua) unibertsitate-beken deialdia onartu zuen, 26 milioi euroko diru-kopuruarekin. Ugaritze honen ondoren, 2017-2018 ikasturteko unibertsitate-beketarako diru-kopurua 27,2 milioi eurokoa izango da.

Joan den 2017-2018 ikasturte akademikoan 11.808 euskal ikasle bekadun izan dira, aurreko urtean baino %2,15 gehiago. Ikasle onuradun hauei zegokien kopurua ordaindu zitzaien, eskaera ebatzi ondoren. Alabaina, unibertsitate publikoei prezio publikoa deritzon kontzeptuagatik egiten zaien ordainketa oraindik ixteko dela (ikasle bekadunen matrikula zuzenean ordaintzen baitie Hezkuntza Administrazioak unibertsitate publikoei), beka hauek arautzen dituen Aginduan aurreikusiriko diru-kopurua handitzea beharrezko gertatzen da, onarturiko diru-laguntzen kopuruan izan den hazkundearen ondorioz.

Unibertsitate-beka hauek deitzen dituen Aginduak berak jasotzen du hasieran aurreikusiriko 26 milioi euroko kopurua ugaritzeko aukera, onarturiko beka guztien ordainketa egiteko beharrezko gertatuko balitz. Era honetan, baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek dagokien diru-laguntza jasoko dutela bermatzen da, euren ikasketetan aurrera jarraitu ahal izan dezaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko