Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Euskadiren diru-bilketa %8,4 areagotu da 2010ean, krisi-garaian gauden arren

2011.eko otsailak 15

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak diru-bilketa 11.700 milioi eurokoa izan dela berretsi du, alegia, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan jasotakoa baino 400 milioi gehiagokoa, baina erakundearen azken aurreikuspena baino %1 baxuagoa

2010a 11.700 milioi eurotik gorako diru-bilketarekin itxi da azkenean. Kopuru hori 2009koa baino %8,4 altuagoa da, hau da, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan aurreikusitakoa baino 400 milioi euro gehiagokoa. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak behin betiko likidazioa onetsi du gaur arratsaldean Lakuan (Gasteiz) egin duen bileran. Erakundearen azken bileran egin zituzten aurreikuspenekin alderatuta, azken emaitzak puntu 1 jaitsi dira (100 milioi euro inguru). Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren ustez, desberdintasun hori urteko azken hilabeteetan BEZaren diru-bilketak behera egin duelako gertatu da, baita zergen ordainketak atzeratu direlako ere, eta horiek 500 milioi eurokoak izan dira gutxi gorabehera.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aurten egin duen lehenengo bileran euskal ogasunek 2010ean lortu duten diru-bilketa "likidatu" dute eta azken zifra 11.700 milioi eurotik gorakoa izan da. Lortu den azken emaitza aurreko urteko diru-bilketa baino %8,4 altuagoa da, baina erakundeak egin zuen azken bileran aurrez ikusitako emaitza (+%9,4) baino pixka bat baxuagoa. Aurreikuspenekiko diferentzia 100 milioi euro ingurukoa da, baina, Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Carlos Aguirrek, azaldu duenaren arabera, ez du aurten ekingo diren aparteko inbertsioen plana kaltetuko. Diru-bilketaren azken mugimendu hori, batetik, urteko azken hilabeteetan BEZaren diru-bilketak behera egin duelako gertatu da, eta, bestetik, zergen ordainketak atzeratu direlako, eta horiek 500 milioi eurokoak izan dira gutxi gorabehera.

Herri Dirubideen Euskal Kontseilua gaur arratsaldean batzartu da Lakuan, Gasteizen. Bilera horretan Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako diputatu nagusiek (José Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirre) esku hartu dute, eta azken horiek prentsaurreko batean hitz egin dute arratsaldeko 20:00etan.

Aguirre sailburuak Aldundien ekarpenen likidazioko zifrarik garrantzitsuenetako batzuk eman ditu, adibidez, PFEZaren bidez 4.065 milioi euro bildu dira, 2009an baino ehuneko 3,8 gehiago; BEZaren bidez, berriz, 4.500 milioi bildu dira, 2009an baino ehuneko 28 gehiago, hain zuzen, eta Sozietateen gaineko Zergaren bidez aurreko urtean baino ehuneko 19,9 gehiago bildu dira, 987 milioi euro guztira.

Nolanahi ere, 2010eko azken diru-bilketa, Euskadik krisiaren eragina inoiz baino gehiago nabaritu duela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan aurreikusitakoa baino altuagoa da, 2010eko diru-bilketa azkenean 11.300 milioi eurokoa izango zela aurreikusi baitzuen (azkenean bildu dena baino 400 milioi gutxiago).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)