Eu

Euskara eta kirola uztartzen dituen Euskal Kirolari proiektua crossfit-a, surfa, mendizaletasuna, saskibaloi egokitua, atletismoa edota igeriketa bezalako kiroletara hedatuko da denboraldi berria hastearekin batera

2018.eko irailak 17
  • Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak azaldu dutenez, ekimen honek teknologia berrien eta erreferentziazko kirolarien bidez sustatuko du euskara eta euskarazko terminologia kirol arloan.

 

Donostia, 2018/09/17       

Iazko udazkenean abian jarri ostean, Euskal Kirolari proiektua diziplina berrietara hedatuko da denboraldia berria hastearekin batera. Ekimen honek euskararen erabilera eta kirolaren gaineko euskarazko terminologia zuzena sustatu nahi du, eta, horretarako, Euskadi mailako kirolaririk onenen laguntza izaten ari da. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak proiektu honen fase berria aurkeztu dute goizean, Donostiako CrossFit Zurriola gimnasioan. Haiekin batera, proiektuan parte hartu duten zenbait lagun izan dira.

Alex Anasagasti crossfit-eko kirolaria eta Estatu mailako ‘gizonik sasoikoena’, Felipe Uriarte goi-mendi gidaria eta euskaltzalea, Basque Team taldeko Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea ­-Espainiako txapelduna- eta Miren Arrieta Goazen! telesaileko aktorea gaurko aurkezpenean izan dira. Ekimena kudeatzen duen Ikom enpresako arduradun Izaro Iraeta eta Egoitz Txurruka ‘Txurru’ aurkezlea ere gimnasio honetan izan dira, euskararen garrantzia kirolaren munduan azpimarratuz. “Proiektu honetan Eusko Jaurlaritzako bi arlo ezberdin batu gara, biak Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren baitakoak. Alde batetik, Hizkuntza Politikako sailburuordetza; bestetik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritza. Eta gure helburua da euskara sustatzea kirolaren esparruan. Euskara kirolaren arloan sendo ikusten badugu ere, zenbait gabezia antzematen ditugu, eta uste dugu Euskal Kirolari eta honen moduko proiektuak lagungarriak izan daitezkeela hauek gainditzen joateko”, adierazi du Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak.

“Iaz aurkeztu zen Euskararen Adierazle Sistemak euskararen erabilera neurtuko du eskola kirolean eta kirol federatuan; izan ere, orain arte ez da egin neurketa zehatzik euskararen erabileraz kirol munduan. Daturik hurbilekoenak lagunarteko erabileraren gainekoak dira, eta nahiko positiboak dira gazteen artean: Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 25 urtetik beherakoen % 35ak euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen du esparru informalean eta etxetik kanpo, eta beste % 23,5 batek euskara erabiltzen du arlo honetan, nahiz eta gaztelania baino gutxiago. Hala ere, gazteen arteko ezagutza altua denez, uste dugu ahalmena badagoela aurrerapauso berriak emateko”, gehitu du Redondok.

Euskara kirolaren munduan sustatzeko, gazteen artean bereziki, Euskal Kirolari proiektuak bi ardatz ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitezkeen pertsonak, ‘influencer’-ak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolari ezagunek euskarak beren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute, eta terminologiaren inguruko aholkuak ematen dituzte. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabalduko da.

Proiektu honen lehen fasean honako kirolari hauek hartu zuten parte: Aritz Aranburu (surflaria), Mikel Landa (txirrindularia), Nerea Perez (San Juan Koxtape Arraun Elkarteko patroia),  Kepa Arrizabalaga (futbolaria), Matxalen Ziarsolo (eskubaloi jokalari ohia), Julen Goia (errugbi jokalaria) eta Iñigo Martinez (futbolaria). Bideo hauek sare sozialetan eta kirolari gazteen artean hedatzen ari dira orain. Denboraldi berriari begira, ondoko kirolariek hartuko dute parte:

  • Alex Anasagasti. Alexander Anasagasti kirolari donostiarra da. Zortzi urtez boxeoan eta  kick-boxingean aritu zen, baina orain dela bost urte crossfit-a ezagutu zuen eta gogor ekin dio kirol horri, emaitza bikainak lortuz. Espainiako txapelduna da (horren arabera, Estatuko ‘gizonik sasoikoena’ da) eta Europa Hegoaldeko 10. postuan dago.
  • Odei Jainaga: Etorkizun handiko xabalina jaurtitzailea da Odei. 80 metroak gainditu dituen lehen atleta izan da Estatuan. 2018ko urtarrilean Castellonen gainditu zuen 2003az geroztik gainditu gabe zegoen Espainiako errekorra, 80,64 metroko jaurtiketa eginez. Basque Team taldeko kirolarietako bat da Odei. 
  • Esther Arrojeria: Bera-Bera eskubaloi taldeko kapitaina da. Haren zenbakiak harrigarriak dira: 5 liga, 4 superkopa eta 2 Erreginaren Kopa irabazi ditu.
  • Asier Garcia: BSR Bilbao taldeko jokalaria da, Liga Nazionaleko talderik indartsuenetako bat. Londreseko Joko Paralinpikoetan zilarrezko domina lortu zuen eta Rio de Janeirokoetan urrezkoa. Haren kirol jarduera Saiatu Fundazioan egiten duen lanarekin uztartzen du Asierrek. Euskadiko kirol paralinpikoari babesa eman eta garapena sustatzea du xedea Saiatuk. Asier Basque Team taldearen parte ere bada.
  • Leticia Canales: 14 urterekin Espainiako selekzioarekin Europako txapelketako brontzezko domina lortu zuen, 18 urteko surflarien aurka lehiatuz. Bi lesio oso larri jasan baditu ere, mundu mailako elitean dabil egun. Haren helburua Tokio 2020 Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea da. Egun hauetan Japonian dago, Munduko Txapelketan lehiatzen. Basque Team taldekoa da Leticia.
  • Markel Alberdi: Markel Alberdi Eibarko igerilaria da. 2014ean 100 metro libreko frogan Espainiako errekorra lortu zuen, 49,18 segundoko markarekin. 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Espainiako igeriketa taldearekin, gizonen 4x100 metro errelebo-lasterketan. Bertan, 3 minutu 16 segundo eta 71 segundo-hamarreko markarekin Espainiako errekorra hautsi zuen. Basque Team taldekoa da Markel.
  • Helene Alberdi eta Ainhoa Murua: Euskal triatloilariak dira. Ainhoa Murua lau aldiz izan da Olinpiar Jokoetan (Atenas, Beijing, London eta Rion). Hainbat txapelketa irabazi ditu, eta bost aldiz izan da Espainiako txapelduna distantzia Olinpikoan. Basque Team taldekoa da Ainhoa. Egun, Ainhoa Murua Helene Alberdiren entrenatzailea da, etorkizun oparoa duen triatloilaria.
  • Bideo hauez gain, Euskal Kirolari proiektuak beste bideo bat egingo du Felipe Uriarte goi-mendi gidaria ezagunak zuzentzen duen ‘Oxigeno euskarari, 6.000 metrotan ere’ proiektuaren inguruan, euskara eta mendizaletasuna uztartzen dituen ekimen horren xehetasunak azalduz. Halaber, Goazen! telesail arrakastatsuaren aktoreekin bideo bat grabatuko da ere.

                Proiektu honen baitan grabatu diren eta grabatuko diren bideo guztiak Euskal Kirolari-ren youtube-ko kanalean kontsulta daitezke, bai eta http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/euskal-kirolari/ webgunean ere. Facebook-en eta Instagram sare sozialetan ere mugitzen ari da Euskal Kirolari.

                Proiektua kudeatzen duen Ikom enpresatik azaldu dutenez, datozen hilabeteotan ahalegin berezia egingo da ekimena eskola kirolean eta kirol federatuan zabaldu nahi dute. “Landu ditugun bideo hauek eskola kirolaren, kirol elkarteen eta kirol federazioen bidez ere zabaldu nahi ditugu, helburua ahalik eta gaztetxo gehienena iristea baita. Sareetan egingo dugun zabaltze lanaz gain, urriaren 7an Zumarraga-Urretxun ospatuko den Kilometroetan ere izango da Euskal Kirolari. Bertan gaztetxoek proiektua ezagutu, Euskal Kirolarira harpidetu, argazkiak atera eta Txurrurekin bertatik bertara egoteko aukera izango dute”, adierazi du Izaro Iraetak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak