Eu

Urteko lehen seihilekoan, Arabako Errioxako ardoak errebalorizatu egin dira kanpoko merkatuan

2018.eko irailak 16
  • 2018ko lehen sei hilabeteetan esportazioak 11,6 milioi litrora eta 65,4 mlioi eurora iritsi dira.
  • Salmentek gorakada handia eduki dute Belgikan, Txinan eta Mexikon, baina Erresuma Batuan, Alemanian eta Suedian, berriz, salmentak jaitsi egin dira.

2018ko lehen sei hilabeteetan Arabako Errioxako ardoen esportazioak 11,6 milioi litrora eta 65,4 mlioi eurora iritsi dira. Kopuru horiek erakusten dute merkaturaturako bolumena gutxitu egin dela, baina balioa, berriz, gutxitu egin bada ere, ez da bolumena beste gutxitu. Hau da, aurten Jatorri Izendapena duten Arabako Errioxako ardoak errebalorizatu egin dira kanpoko merkatuan. Ardoen batez besteko prezioa 5,64 euro ingurukoa da jada litroko; prezio hori 2017ko lehen seihilekoko 5,24 euroko preziotik urrun dago, eta Espainian JIBa duten ardoen batez besteko preziotik oso gainetik, horien prezioa 3,60 eurokoa izan baitzen.   

Herrialdeka hartuta, Arabako Errioxako ardoen esportazioek gorakada handia eduki dute Belgikan, Txinan eta Mexikon. Halere, esportazio horien gorakadarekin ezin izan dira Erresuma Batuan, Alemanian eta Suedian erregistratutako beherakadak konpentsatu.

Merkatu britainiarraren bilakaeraren arabera, badirudi Brexita Arabako Errioxako ardoetan eragina izaten ari dela. Hori gorabehera, oraindik ere Erresuma Batua da euskal ardoen lehen merkatua. Kontua da, ardo beltz eta gorrietan izandako galeraren ondorioz batez bestekoa baino gehiago jaitsi bada, ardo zuriek gora egin dute merkatu britainarrean, erritmo onean, eta, gainera, prezioak goraka eginda.

Datu horiek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eman ditu, zeinak Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Jaiaren hogeita bosgarren edizioan parte hartu baitu Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozekin batera, Bilar herrian.

Tapiak baieztatu duenez, salmenten jaitsiera ez da soilik merkatu britainiarraren segurtasunik ezagatik izan; azken mahats bilketan mahats kilo gutxiago jaso ziren eguraldi txarraren ondorioz, eta horrek ere eduki du eragina salmenten jaitsieran. "Halere, salmenta bolumenaren beherakada hori gure ardoen prezioekin konpentsatu da; horrek esan nahi du kontsumo ertain-altuko segmentu batean kokatzen ari garela, eta hori asko interesatzen zaigun gauza da, gure helburua kalitatean lehiatzea baita, kantitatean lehiatzea baino gehiago”.

“Gure ardoak Europako eta munduko gama altukoen artean egotea nahi dugu eta horretan ari gara –azaldu du–, eta horretarako, nire ustez, oso garrantzitsua da ardoen bereizgarrietan aurrera egitea. Sektorea ahalegin handiak egiten ari da berrikuntzan eta kalitatean, eta Eusko Jaurlaritza babes osoa ematen ari zaio, ahal eta konpromisorik handiena hartuta bere produktuak nazioartean sustatzeko eta hobeto posizionatuta egoteko. Ahaztu gabe, nola ez, barruko merkatua.”

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak