Eu

Beatriz Artolazabal: “Erronka da adineko pertsonak baldintza onenetan bizitzea, menpekotasunik gabe, ahalik eta denbora luzeenean eta erosotasun handienarekin”

2018.eko irailak 14
  • Bilboko Udalaren ‘Begirada Aktiboa-Adineko pertsonen bakardade-egoerak detektatzen’ proiektuak Sarea sortu duen ‘Euskadi Lagunkoia Lagunkoitasunean Jardunbide Egokiak Saria’ irabazi du.
  • ‘Europako Jardunbide Egokiak Lagunkoitasunean’ Jardunaldiaren bigarren edizioaren inaugurazioa.
  • Alex Kalache, Munduko Osasun Erakundeko Zahartze eta Bizitza Zikloa Saileko zuzendari ohia eta lagunkoitasunaren mugimenduko ideologoa izan da bertan.

VG 18 09 14

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur adierazi duenez, “euskal herritarren % 21,7k 65 urte edo gehiago ditu, eta portzentaje hori hazten joango da datozen urteotan”, eta gaineratu du “erronka nagusia adineko pertsonak baldintza onenetan bizitzea” dela, “menpekotasun-egoerarik gabe, ahalik eta denbora luze eta erosotasun handienarekin”. Horretarako, lagunkoitasun-sareek berebiziko garrantzia dute”.

 

Beatriz Artolazabalek eman dio irekiera gaur ‘Europako Jardunbide Egokiak Lagunkoitasunean’ Jardunaldiaren II. edizioari, eta bertan egon dira, baita ere, Vitoria-Gasteizko Udaleko lehen alkateorde Peio López de Munain, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Emilio Sola zuzendaria. Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzak antolatu ditu Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian.

 

 “Lagunkoitasun-programan, adineko pertsonak dira beren ongizatea sortzeko prozesuaren protagonistak, gure egunerokotasuna aldatuko duena, espazio publikoen, herritarron arteko harremanen, zaintzen transferentziaren berreskuratze arrazionalagoa eskatuko duena; azken batean, hiri edo herri baten egunerokotasuna gero eta gizatiarrago eta guztiontzat gero eta atseginagoa izaten laguntzen duten gauza txiki guztiena", azaldu du Artolazabal sailburuak.

 

Jardunaldi honen helburua da Euskadin lagunkoitasuna garatzeko eragingo duten esperientzia berritzaile eta sortzaileak partekatzea. “Hemen, etxean, baditugu aintzat hartu beharreko hainbat proiektu eta ekimen. Hori dela eta, aurten, lehenbiziko aldiz, sari bat sortu dugu: Euskadi Lagunkoia Lagunkoitasunaren Jardunbide Egokien Saria”, gaineratu du Artolazabalek.

 

Epaimahaiaren erabakiz, 2018ko Lagunkoitasunaren Jardunbide Egokien Saria Bilboko Udaleko ‘Begirada Aktiboa-Adineko pertsonen bakardade-egoerak detektatzenproiektuarentzat da. Horrez gain, ‘2018 Lagunkotasunaren Jardunbide Egokien’ hiru accésit banatu ditu: San Prudencio Nagusien Elkarteak, San Trokaz Nagusien Elkarteak eta Abadiño Lagunkoia taldeko hainbat boluntariok sustatutako ‘Abadiño Lagunkoia’ proiektuan adineko pertsonak proiektuaren parte-hartzaile eta ergila nagusien ahalduntze-proiektuari; Vitoria-Gasteizko Udalak, Pilarreko eta Landazuri auzoetako zerbitzu publikoekin eta erakunde pribatu eta saltokiekin batera sustatuta, Adinekoentzako Zentro Soziokulturalen Sarearen Piztu zure auzoa proiektuari; eta Antzuola Lagunkoiak, Euskadi Aktiboa eta Antzuolako Udalarekin, Landatxope Erretiratuen Elkartearekin eta osasun-zentroarekin batera sustatutako Ibilaldi Osasuntsuak proiektuari.

 

Zahartzen diren pertsonentzat bideratzaileak diren inguruneak sortzen lagunkoitasunaren arloan berrikuntzan eta eraginkortasunez jarduteagatik nabarmendu diren euskal erakundeek egindako jardunbideen balioa aitortzeko sortu da saria. Saritutako jardunbide egokiak 3.000 euroko bidaia poltsa jasoko du, hiru pertsonak Europa mailan jardunbide egokiren bat egiten duen erakundera bisita egiteko.

 

Eguneko hizlarietako bat Alex Kalache izan da, Brasilgo International Longevity Center-eko presidente eta sortzailea, eta Help Age International erakundeko Zahartzaroari buruzko munduko enbaxadorea eta Munduko Osasun Erakundearen Zahartze eta Bizitza Zikloa Saileko zuzendari ohia. Gainera, lagunkoitasunaren mugimenduaren ideologo eta sortzailea da, eta nazioarteko aurrerapen, irakaspen eta erronken hamar urteko ibilbideari buruzko hausnarketa partekatu ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Peio López de Munain, Aitziber San Román, Guillermo Vinegra, Andrea Arrizabalaga